Megan Rapinoe

Bat eta bakarra

Megan Rapinoek futbol profesionala utziko du datorren larunbatean. Amerikarra emakumezkoen futbolaren ikur izan da bai zelai barruan, baita kanpoan ere.

ALEX WROBLEWSKI / EFE.
Iñigo Lasa Fresneda.
2023ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Futbolaren historiara pasatzeko modu asko daude. Gol bat sartzea nahikoa izan dute askok haien izena famatu egiteko. Beste asko futbol zelaitik at egindakoarengatik dira ezagunak, eta gutxi batzuek, berriz, denetik egin dute. Irailaren 24ean jokatu zuen bere azken partida Amerikako Estatu Batuetako selekzioarekin Megan Rapinoek (Redding, AEB, 1985). 38 urterekin, munduko jokalari onenetako batek agur esatear da bere ibilbide profesionalari. Zelai barruan futbolari trebea izan da estatubatuarra, baina berdegunetik kanpo ere erreferente izan da alor askotan. Batzuek kirol esparruari emango diote garrantzia; beste batzuek, aldiz, berdintasunaren alde egin duen lan eskergari, baina argi dagoena da Megan Rapinoek bere izena futbolaren historiaren liburuan hizki larriz idatzi duela.

Garaikurren eta sarien zerrenda luzea du, baina gailurrera iristeko ez du bide ordekatsua izan. Gaztaroaaitak zuzendutako futbol taldeetan jokatzen igaro zuen Rapinoek. 2005ean Unibertsitate arteko Ligara egin zuen salto Portland Pilots taldearen eskutik. Bertan, zer egiteko gai zen erakutsi zuen aurreneko partidatik, eta 2006an ligako jokalaririk onenetariko bat zenean, hasi zen haren gurutze-bidea.

2006ko urriaren 5ean, neurketa batean, belauneko lotailu gurutzatua hautsi zuen, futbolean izan daitekeen lesiorik larrienetakoa. Ia urtebete lesiotik osatzen igaro ostean, 2007an berragertu zen, baina jokatzen hasi eta bi partidara berriro hautsi zuen lotailu gurutzatua. Kolpe gogorra estatubatuarrarentzat. Lesioak lesio, 2008an itzuli zen, eta maila aparta eman ostean, Ameriketako Estatu Batuetako futbol profesionalera eman zuen jauzia, 2009an.

Ordutik, munduko jokalari onenekin nor baino nor aritu da Rapinoe. Ia ibilbide guztia AEBetan egin arren, Europan Lyongo Olympiquen ere aritu zen, kontinenteko talderik indartsuenetako batean. Txapeldunen Liga irabaztetik oso gertu egon zen bertan. Halere, sona gehien bere herrialdeko selekzioarekin lortu du amerikarrak.

Lesioengatik 2007ko Munduko Kopa eta 2008ko Olinpiar Jokoak galdu zituen, eta 2011n jokatu zuen estreinako txapelketa handia selekzioarekin: 2011ko Alemaniako Munduko Kopa. Txapelketa horretan, Rapinoe jokalari oso garrantzitsua izan zen, AEBetako selekzioa finalera eramaterako garaian. Gol bat eta hiru asistentzia banatu zituen. Brasilen aurkako final-laurdenetan ezkerrez egindako erdiraketa ez dute erraz ahaztuko estatubatuarrek. Hor jakin zuten askok aurrenekoz nor zen Megan Rapinoe.

Bozgoragailua

Urte hartako Munduko Kopako finala galdu zuten Japoniaren aurka, baina urtebete geroago, 2012an, arantzatxo hori atera zuten, asiarrak Olinpiar Jokoetako finalean 2-1 menderatu ostean, Rapinoeren asistentzia bat tarteko. Londresen erdietsitako urreak jarraipena izan zuen 2015eko Munduko Kopa. Baina zalantza izpirik gabe, hainbat arrazoirengatik, jokalari estatubatuarraren urtea 2019koa izan zen.

Bigarrengoz irabazi zuen Rapinoek Munduko Kopa. Gainera, txapelketa ikusgarria egin zuen: sei gol sartu zituen eta hiru asistentzia eman. Txapelketan emandako mailari esker Urrezko Baloia, The Best saria eta Urrezko Bota eskuratu zituen urte horretan bertan jokalariak.

AEBetan ikur bilakatu zen, eta begi guztiak hari begira zeudela baliatu zuen LGTBIQ+ eta emakumezkoen futbolaren aldeko aldarriak egiteko. Donald Trumppresidente ohi ultraeskuindarrarengana joateari uko egin zion, txapelketa irabazi ostean. Mezu hau bidali zuen: «Ez dut uste gonbidatuko gaituztenik. Baina eginez gero, ez naiz Etxe Zuri madarikatu horretara joango. Hark ni baztertzen nau, nire antza duten pertsonak, pertsona beltzak eta horiek babesten dituztenak». FIFAko The Best sarian, berriz, emakumezkoen futbolaren gorakada nabarmendu zuen: «Urte ikaragarria izan da guretzat, emakumezkoen futbolarentzat. Sentitzen dut horretaz oraintxe jabetu zaretenongatik, pixka bat berandu da, baina barkatzen dizuegu».

Hilabete honetan bertan utziko du Rapinoek futbol profesionala. Urriaren 6an emango dizkio azken ukituak baloiari, azken hamarkadan bere taldea izan den OL Reignen elastikoa jantzita duela. Gustura doa egindako ibilbidearekin: «Oso pozik nago emakumezkoen futbolaren hazkundean parte hartu dudalako, eta aurkitu nuena baino leku hobeagoan utzi».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.