Herren? Hankamotz? ACB ligako liderrak dira eta. Askok egingo dute hausnarketa hori, eta arrazoi sendoak dituzte hausnarketa hori argudiatzeko. Arrazoirik sendoena, bai Baskonia, bai Bartzelona sailkapen buru baitira, jokatutako zazpi partidetatik sei irabazita. Nondik nora, orduan, herren eta hankamotz? Euroligak erakusten du Baskonia ez dagoela bere onenean. Denbora da txapelketa horretan hiru partida segidan galtzen ez zituela, baina ligan txukunago ari da. Taldea eta jokalariak berak badira ere.
Dusko Ivanovicek zuzentzen duen taldea bospasei jokalarirekin ari da, bai Ligan, baita Euroligan ere. Bistakoa da baliabide horiek nahikoak dituela ligako neurketak aurrera ateratzeko, baina kontrakoa gertatzen da Euroligan. Seguruenik ligan aurrez aurre izan dituen aurkariak ez direlako izan Euroligan izan dituenak bezain indartsuak. Azaleko laburpen bat eginez gero, Baskoniak hiru zutabe ditu. Sendoenak dira Fernando San Emeterio eta Mirza Teletovic, eta karga handi samarra eusten dute David Loganek eta Stanko Baracek. Huertas ere zutabe dela esan daiteke, baina hortik aurrera, jai.
Partida batean Pau Ribas, hurrengoan Brad Oleson, bestean Martin Rancik, ia inoiz ez Nemanja Bjelica, eta inoiz ez Marcus Haislip. Zutabe direnak ondo, txukun ari dira, baina zutabe ez diren bosteko horren zama gaindiezin bihurtzen da sarri. Eta azkar baldin bada, hobe. Bereziki gogorra da taldeko izar izan behar zuten bi jokalarien ekarpen apala. Haislip lesionatuta dago, eta ezin kritika askorik egin, baina Bjelicaren inplikazio eskasa amorragarri bihurtzen ari da. Minutu gutxi ematen dizkio Ivanovicek, baina minutu horiek nahikoak ditu balorazio negatiboa lortzeko.
Pausoa galdu dute
Bartzelona ere ondo ari da Ligan, eta Baskonia baino txukunago Euroligan, baina Europan bi partida galdu dituzte, eta ligan galdutako bakarra, etxean. Notizia da hori, joan den denboraldian, liga erregular osoa eta finaleko lehen partida arte Palaun jokatutako partida guztiak irabazi baitzituen. Noren aurka galdu zuten ere deigarria da, Zaragoza ez baita ligako talde indartsuenetakoa. Euroligan ere Fenerbahceren aurka galdu zuen etxean Xavi Pascualek zuzentzen duen taldeak.
Bartzelonak hankapean ibili zituen aurkari guztiak joan den sasoi osoan. Finalean izan ezik, parean zutena lotsarazten zuten, itxuraz ahalegin handi-handirik egin gabe. Sasoi honetan ez, sasoi honetan ez dabil hain fin, baina zaila da benetako arrazoia asmatzea. Aukeretako batzuk dira hauek: Ricky Rubioren jardun eskasa, Juan Carlos Navarroren trebetasun falta... Rubio trakets ari da jaurtiketan, Navarro baino askoz okerrago. Navarro bera gaizki ez, baina hirukoen %37 saskiratzen ari da. Azken bederatzi urteetatik seitan %40 gainditu du hirukoetan Navarrok -gaur ez du jokatuko, lunbalgiak jota baitago-. Gianluca Basileren lesioak ere errotazio bat kendu die, eta mina egin die horrek.
Pete Mickeal da bereak eta bi egiten jarraitzen duenetako bakarra. Hark hartu du erantzukizuna bizkar gain, eta bultza eta bultza ari da. Saskipea nabarmen indartu zuen Bartzelonak Kosta Perovic fitxatuta, baina Perovicek gutxi jokatu du. Beste laukotean ere ohi baino aldaketa gehiago egiten ari da Xavi Pascual. Terence Morrisek behera egin du, eta Erazem Lorbekek ez du joan den sasoiko eraginkortasunik. Boni Ndongen minutu kopuruak ere behera egin du nabarmen.
BASKONIA-BARTZELONA
Lehiaketa. ACB ligako zortzigarren jardunaldia.
Caja Laboral Baskonia. Logan, Huertas, Ribas, Oleson, San Emeterio, Teletovic, Bjelica, Rancik, Haislip, Musli, Barac, Garcia eta Buesa.
Bartzelona. Sada, Rubio, Lakovic, Perovic, Vazquez, Ndong, Morris, Lorbek, Mickeal, Grimau eta Ingles.
Sailkapena. Baskonia bigarren da (6-1), eta Bartzelona lider, balantze berarekin.
Lekua. Buesa Arena (9.763 ikusle).
Ordua. 18:00.
Bata herren, bestea hankamotz
Baskonia eta Bartzelona ez daude unerik onenean, baina ACB ligako lehen postura igotzeko borrokatuko dira gaur Gasteizen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu