Manchester Unitedek sobera dauka eskarmentua. Gazte talentudunak ere mordoxka bat ditu bere aginduetara Alex Fergusonek, baina red evils-ek esperientzia daukate, batez ere. Arsenalen bizkarrezurra, aldiz, jokalari gazteek osatzen dute, eta, gainera, horiek bolada onean daude: ez dute Premier Leaguen alerik galdu, iragan azaroa bukaeratik. 20 partida guztira. Bi talde horiek elkarren kontra ariko dira gaur Old Trafforden, Txapeldunen Ligako bigarren finalerdiko joaneko lehina. Manchester da lehiaketako azken txapelduna, eta Arsenal bigarrenez ariko da finalaurrekoetan.
Bi estiloren arteko neurketa ere izango da; Fergusonena eta Arsene Wengerrena jarriko dira parez pare. Azkeneko 13 denboraldietan 37 aldiz jokatu dute elkarren kontra, eta horietako 14 tan alsaziarra nagusitu da,eta 13tan eskoziarra. Parean daude, hortaz. Premier Leaguen, baina, Manchester da liderra. Lehiaketa amaitzeko bost jardunaldiren faltan hiru puntu ateratzen dizkio Liverpooli, partida bat gutxiago jokatuta. Arsenal, aldiz, laugarrena da.
Fergusonek eta Wengerrek hamaikako lehiakorrak zelairatuko dituzte, baina ez dira galakoak izango. Arsenaleko Clichy ezker hegaleko atzelaria eta Van Persie min hartuta daude, Manchesterreko O'Shea eskuin hegaleko atzelaria bezalaxe. Manolo Almunia atezain euskal herritarra, berriz, gunnersen hamaikakora itzuliko, aste batzuk min haruta pasa ondoren.
MANCHESTER-ARSENAL
Manchester United. Van der Sar; Da Silva, Ferdinand, Vidic, Evra; Rooney, Carrick, Anderson, Giggs; Cristiano Ronaldo; eta Berbatov.
Arsenal. Almunia; Sagna, Toure, Silvestre, Gibbs; Walcott, Cesc, Denilson, Nasri; Adebayor eta Bendtner.
Epailea. Bo Larsen (Danimarka).
Lekua. Old Trafford (75.000 ikusle).
Ordua. 20:45
Bataren bolada ona bestearen eskarmentuaren kontra, gaur, Old Trafforden
Manchester da azken txapelduna, eta Arsenal bigarren aldiz ariko da Txapeldunen Ligako finalerdietan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu