REALA. HAUTESKUNDEAK

Batasuna bilatuko duen pitzadura

Azken urteetako zatiketa amaitzeko, Realeko azkiodunek presidentea hautatuko dute gaur, Santos eta Fuentesen artean

jon ordonez garmendia
2005eko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Realeko akziodunek bere historiako 26. presidentea hautatuko dute gaur Donostiako belodromoan (23.a izango da, hiru presidentek kluba bi garai ezberdinetan zuzendu dutela aintzat hartuta). 9.623 akziodun dira, eta guztiek batasunaren bila emango dute botoa. Azken urteetan zatiketa handia egon da klubean, eta lasaitasuna bilatzea izango da presidente berriaren lehen ardura. Horretarako, ordea, Miguel Santos eta Miguel Fuentes hautagaiek bide zailena aukeratu dute. Hauteskunde kanpaina zikina izan da. Batak besteari ahal izan duena aurpegiratu dio, iritzi publikoaren aurrean bere hautagaitza indartuko zuelakoan. Ondorioa bestelakoa da, ordea. Ez Santos eta ez Fuentes, ez dira une honetan zatiketarekin amaitzeko hautagai egokienak.Ezberdintasun gutxi dago bi hautagiek proposatzen dituzten programen artean. Ondorioz, ez lukete batasuna aurkitzeko zailtasun handirik eduki behar. Kontua beste bat da, ordea. Jokalari ohia eta jokalarien ordezkari ohia, aurrez aurre. Eztabaida guneak, diru sarrerak, harrobia, fitxaketak... Horrek ez du Reala bideratuko. Osto eta lore ederrez jantzi dute zuhaitza, baina sustraiak gaixo daude oraindik.Antzeko programak aurkeztuta eta batasuna aurkitzeko biderik gabe, lehia pertsonala izan da hauteskunde kanpainako motorra. Lehen biktima hirugarren hautagaia izan zen, Peio Gibelalde. Polarizazioaren zurrunbiloak irentsi zuen Jose Luis Astiazaran bere kargutik botatzeko lan gehien egin zuen hautagaiak. Eta ez du inoren alde egin.Miguel Santosek eskarmentua baduela erakutsi du. Miguel Fuentesek, babes esanguratsua: beste batzuen artean, presidente eta jokalari ohiena. Realeko akziodunek ez dute erabaki erraza.

Delegazioak, erabakigarriak

Hauteskundeak gaur egingo diren arren, ziurrenik Realaren Ezohiko Batzarra hasterako erabakia hartuta egongo da. Beste bozketa batzuetan erabakigarriak izan dira aurretik hautagaiek delegatuta jaso dituzten akzioak, eta horien bila aritu dira Santos eta Fuentes. Reala akziodun txikien esku dago zorionez. Edozein delegazio, ordea, ezerezean geratuko da akzioak utzi dituena batzarrean sartzen bada.Bat edo bestea aukeratua izan, erronka bera dute. Krisi ekonomikoa zuzentzeko kapital handitzea egin, eta nortasuna berreskuratzeko taldea egin. Batasuna, agian, hor hasiko da.

-

Miguel Santos eta bere hautagaitza



 

MIGUEL SANTOS oderiz





Jaiolekua: Iruñea.

Adina: 54 urte.

Lanbidea: Enpresaburua.

Kirol zuzendaritzarako hautagaia: Valery Karpin, Realeko jokalari ohia.

Alde duena: Eskarmentu handia du futbolaren munduan, eta bere esperientzia Realaren onerako erabiliko duela esan du.

Kontra duena: Mesfidati har dezakete akziodunek. Klubarenak ez diren interesak nahas ditzakeela uste dute batzuek. Handinahikeria aurpegiratu dio Fuentesek.

Ekonomia arloa: Realaren ondarea aztertu eta inbertsio handiko proiektua aztertu. Realaren erreferentzia eremua Euskal Herri osora zabaldu. Helburuen araberako soldata politika ezarri.

Anoeta: Partidak ikusteko maiztasun aukerak malgutu, eta bazkideek libre utzitako eserlekuak aprobetxatzeko bidea aurkitu.

Kirol arloa: Zubieta Errendimendu Handiko Zentro egin. Begiraleei irizpide berriak jarri. Bruesa saskibaloi kluba Realean barneratu.

Euskara: Ez daki. «Ez naiz gauza izan euskara ikasteko», esan du.

-

Miguel Fuentes eta bere hautagaitza



 

Miguel angel fuentes azpiroz





Jaiolekua: Donostia.

Adina: 40 urte.

Lanbidea: Enpresaburua.

Kirol zuzendaritzarako hautagaia: Jesus Mari Zamora, Realeko jokalari ohia.

Alde duena: Realeko presidente eta jokalari izandakoen babes zabala du. Apaltasunak beti izan du arrakasta gipuzkoarren artean.

Kontra duena: Galtzaile atera da hautagaien arteko eztabaidetan. Batzuek ez dute prest ikusten kargurako. Sentimenduak bakarrik ez direla nahikoa aurpegiratu dio Santosek.

Ekonomia arloa: Ohiko gastuak klubaren benetako beharretara egokitu, eta azpiegituraren tamaina eta antolaketa birmoldatu. Kontratu guztietan lortutako helburuekiko soldatak ezarri. Etxekoen eta atzerritarren arteko aldea ezereztatu.

Anoeta: Gazte harmaila sortu. Zale multzo bereziak Anoetara erakarri, esate baterako, familiak eta Ipar Euskal Herriko zaleak.

Kirol arloa: Gipuzkoako klubekin elkar lana bultzatu. Realeko beste kirol sailak bultzatu.

Euskara: Ez daki. «Euskara ikasteko ahalegina egin beharko dut», esan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.