Bide luzetik itzuli da Alaves Lehen Mailara. 46 partidako ibili akigarria egin du, eta, hori gutxi balitz bezala, azken neurketako azken momentuan zabaldu du maila nagusiko atea. Betirako oroituko da Asier Villalibrek Ciutat de Valencian sartutako gola. Egiazki, sasoi osoa izan da gogoangarria, ahalegin handia egin baitute arabarrek onenen artera itzultzeko. Ez zeukaten beste talde batzuek adinako ahalmenik, baina sendo eta lehiakor jardun dute Luis Garciaren agindupean. Bidean harriak topatu dituzten arren, ez diote inoiz utzi sinesteari.
Ikusi gehiago:Alavesek milaka zalerekin ospatu du igoera
Zaleek itxaropenari eusten lagundu diote. Harmailekin zuen lotura berreskuratu du Alavesek, eta arrakasta batasun horretan zurkaiztu. Sasoia oso luzea izan da, baina elitera itzultzeko itxaronaldia, berriz, inoiz baino laburragoa: lehen aldiz, jaitsi berritan igo da gorenera Gasteizko taldea. Ikusteko dago agintariek zer erabaki hartzen duten, baina proiektuari Lehen Mailan jarraipena ematea litzateke zentzuzkoena.
HASTEKO, ERALDAKETA
Iazko jaitsiera, kolpe oso mingarria izateaz landa, aro baten amaiera ere izan zen. Oso jokalari garrantzitsuak irten ziren taldetik: hala nola Pacheco, Martin Agirregabiria, Pina, Edgar eta Joselu. Hutsetik hasi beharra zegoen, eta, azken sasoian kritika ugari jaso ondotik, erabaki egokiak hartzeko presioa zuen kirol zuzendaritzak. Bada, etorkizuneko apustuak egin zituen alde batetik, Guridi, Benavidez, Arroyo eta Alkain bezalako jokalariak ekarrita, eta eskarmentuz ere hornitu nahi izan zuen taldea, Sedlar eta Sevillarekin. Urtarrilean, Villalibre eta Antonio Blanco batu zitzaizkien. Ekarpen handia egin dute haiek denek, eta harrobiko Abqar eta Abde ere funtsezkoak izan dira. Metamorfosiak, hortaz, on egin dio Alavesi.
AULKIAN, ESPEZIALISTA
Luis Garcia izan da itxuraldaketari zentzua eman dion ideologoa. Apustu nahiko segurua izan zen hura fitxatzea, taldeak igotzen espezialista baita Garcia: aurrez Mallorca eta Levante ere igo zituen Espainiako Lehen Mailara, eta Txinako Beijing Renhe taldea ere goreneraino eraman zuen. Bere gidaliburuari jarraituz, jokalariei konfiantza igortzea izan da teknikariaren lehen egitekoa. Igoera posible zela sinetsarazi die gazteei zein beteranoei. Jaitsieraren denboraldia oso gogorra izan zen Alavesentzat, baina Luis Garciarekin, arabarrek autoestimua berreskuratu dute, baita lehiatzeko grina eta gaitasuna ere. Liga hasieratik erakutsi zuten jarrera aldaketa hori, eta, bidean beheraldi batzuk izan arren, liga guztia pasatu zuten sailkapeneko bost talde onenen artean.
SENDO ETA ERAGINKOR
Estilo aldetik, ez du hausturarik proposatu Luis Garciak: atzetik aurrera eraikitako taldea izan da Alaves. Defentsako sendotasuna izan du oinarri. Atepean, Pachecoren itzal luzea uxatzeko gai izan da Sivera, eta, haren aurrean, harresia altxatu dute Tenagliak, Sedlarrek, Abqarrek eta Duartek. Datuak argigarriak dira: 33 gol eskas sartu dizkiote ditu Alavesi 42 jardunalditan, eta bat baino ez kanporaketetako lau partidetan.
Makina gelan, eraispen lana eta sormena uztartu dituzte Guridik, Sevillak, Benavidezek, Moyak, Jasonek eta Blancok. Baloia luzaro mantentzea baino gehiago, jokaldiak bizitu eta aurrekoekin azkar jokatzea izan da erdilarien zeregina. Rioja bilatu dute gehien, hura izan baita erasoko jokalaririk erabakigarriena. Abiadurari esker jokoa sakontzeaz gain, hamar gol sartu ditu. Aurrelariek, ordea, ez dute horren sarri asmatu: liga launa golekin finitu zuten Villalibrek, Syllak eta De la Fuentek. Guztira 47 sartu zituen Alavesek liga erregularrean, eta beste lau kanporaketetan. Ez dira asko, baina etekin handia atera diete gasteiztarrek.
AMORE EMAN? INOIZ EZ
Zenbait une kritiko izan dituzte denboraldian zehar. Adibidez, txakalaldia izan zuten iazko urte bukaeran. Liderrak ziren lehen hamazazpi jardunaldiak jokatu eta gero, baina galdu egin zituzten 2022ko azken lau partidak. Ez zuten etsi, ordea, eta indarrez itzuli ziren neguko oporretatik: zazpi garaipen lortu zituen urteko lehen zortzi neurketetan. Bukaerara arte izan ziren goiko postuetan, eta, Malagari agoniaren bidetik irabazi ondoren, sari handia beren esku zutela iritsi ziren azken partidara. Haatik, ezin izan zioten Las Palmasi irabazi, eta ihes egin zien zuzenean igotzeko aukerak. Kolpetik azkar osatu ziren, ordea. Eibarri gailendu zitzaizkion lehenbizi, eta, Levanteren aurka, azken unera arte eutsi zioten esperantzari. Berdinketak ez zien balio, eta markagailuak hutsean zirauen; harik eta gauerdian Villalibrek penaltiz asmatu zuen arte.
LEIAL ETA NEKAEZIN
Gol erabakigarria estasi betean ospatu zuten Alaveseko zaleek. Gutxi batzuek izan zuten bertatik bertara ikusteko aukera: neurketa Levanteren zelaian jokatu zen, eta 400 sarrera eskas jaso zituen Alavesek. Halere, han edo hemen, milaka lagun izan zituen bultzaka Arabako taldeak. Sekulako babesa jaso du sasoi guztian zehar. Zaleak haserre zeuden taldeak azken urteetan hartutako norabidearekin, baina gozatua hartu dute denboraldi honetan, eta beren alea jarri dute taldea berriz ere onenen artera itzul zedin. Giroa gori-gori izan da Mendizorrotzako neurketa guztietan, eta, horri esker, etxean Bigarren Mailako talderik onena izan da Alaves, 46 puntu bilduta. Hamahiru partida irabazi ditu, eta bakarra galdu. Atzo, bat eginda izan ziren taldea eta zaleak, Gasteizeko karriketan egin zen ospakizun jendetsuan. Andre Maria Zuriaren plaza izan zen, ohiko legez, festaren erdigunea.