Ez dago onik gabeko okerrik. Horixe pentsatuko zuen Laurent Blancek (Ales, Frantzia, 1965) joan zen astelehenean, estreinakoan Ingalaterraren aurka bana berdindu ostean. Frantziako hautatzailea kezkatuta zegoen Eurokopa hasteko atarian selekzioaren inguruan zegoen euforia giroarekin. Gehiegizko konfiantza ikusten zuen. Ulergarria zen haren zuhurtzia, baina baita jarraitzaile eta kazetariena ere. Gutxi, oso gutxi behar zuten selekzioan berriz ere ilusioa izateko. Guztia galdu zuten orain bi urte, Hegoafrikako Munduko Kopan gertatutakoaren harira. Raynald Domenech hautatzailearen eta kazetarien arteko ika-mikak, jokalarien arteko ezinikusiak, ez entrenatzeko mehatxuak... Lotsagabe aritu ziren frantziarrak. Zelaiaz kanpoko arazoek eragina izan zuten zelaian, eta Frantziak ez zuen gainditu ligaxka.
Frantziako Federazioak Blancen alde egin zuen Domenech ordezkatzeko. Inor gutxik jarri zuen dudan hura izendatzea. Ospea du, zelaian irabazitako ospea, Frantziaren urrezko aldian partaide izan zelako. Hark eta Marcel Desaillyk horma bat eraiki zuten defentsan, 1998an eta 2000an irabazitako Eurokopan eta Munduko Kopan. Jokalari izan zeneko ospeari, gainera, entrenatzaile ospea gehitu dio. 2007ko udan, hau da, erretiroa hartu eta lau urtera eseri zen lehen aldiz aulki batean, Girondins Bordelen. Estreinako denboraldian, bigarren sailkatu zen —Olympique Lyon izan zen txapeldun—. Emaitza bikain hori txiki geratu zen urtebete geroago: liga —hamar urte zeramatzan Girondinsek titulua irabazi gabe— eta Ligako Kopa irabazi zituen. Hirugarren sasoia ere egin zuen Bordelen selekzioaren lema hartu aurretik. Sasoi eskasena izan zen, Girondins seigarren izan baitzen.
Blancek oso garbi utzi zuen lehen egunetik ez zegoela prest matxinadarik txikiena ere onartzeko. Neurri zehatza hartu zuen jokalari guztiei abisua emateko:lehen deialdian, ez zuen sartu Hegoafrikan aritu ziren 23 jokalari bat bera ere. Behin gauzak argi utzita, deialdi ohikoagoak egiten hasi zen. Ohikoagoak bai, baina ez betikoak. Hala, 2010eko Munduko Koparekin alderatuta, selekzio erdia da berria Eurokopa honetan. Hamar jokalarik eutsi diote postuari: Lloris, Mandanda, Carrasso, Reveillere, Clichy, Evra, Alou Diarra, Malouda, Ribery eta Valbuenak. Horietatik bost aritu ziren hasieratik Frantziaren aurka. Beste seiak berriak ziren: Debuchy eskuin hegaleko atzelaria, Rami eta Mexes erdiko atzelariak, Cabaye euskarria, Nasri erdi-punta eta Benzema aurrelaria.
Elkartasuna eta klasea
Nasri eta Benzema urte berean jaio ziren, 1987an. Menez eta Ben Arfa zelai erdiko hegalekoak ere belaunaldi berekoak dira. Ez da kasualitatea: lau jokalariok 21 urtez azpiko Europako txapeldun izan ziren 2004an. Blancek gustuko ditu belaunaldi horren oinarriak, elkartasuna eta klasea, eta selekzioaren estiloari txertatu nahi dizkio. Ingalaterraren aurkako partidan ikusi zen Blancen apustua: gihar gutxiago eta kalitate handiagoa. Apustu horrek dituen arriskuak ere agerian geratu ziren. Lehen baino okerrago defenditzen du, eta erdilariek sufritu egiten dute aurkariak baloia duenean. «Jokalari talentudunak ditugu, eta defenditzeko ahalegina egiten dute. Baina oso gaizki defenditzen dute, horretara ohituta ez daudelako. Arlo hori gehiago landu behar dugu, edo talde orekatuago bat eratu», aitortu zuen Frantziako hautatzaileak Ingalaterraren aurkako partida amaitu berritan. Horregatik, litekeena da Blancek aldaketaren bat egitea. Xevtxenko eta enparauek ez dute hutsik barkatuko.
Futbola. Poloniako eta Ukrainako Eurokopa: D multzoa
Batasuna ez da beti sendotasuna
2010eko Munduko Kopan hondoa jo zuen selekzioa suspertu du Laurent Blancek. Kalitatearen alde egin du, giharraren kaltetan, horrek dakartzan arriskuekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu