Batera eta bestera

Kirolariek bezainbesteko garrantzia dute epaileek. Epailerik gabe ez dago txapelketarik. Uxue Zabalak, Iragartze Fernandezek eta Iñigo Atorrasagastik epaileen mundua nolakoa den azaldu dute.

BERRIA.
Iñigo Lasa Fresneda.
2022ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Erabakiak hartzea ez da erraza, are gutxiago bat-batean hartzea. Hau ondo, beste hau gaizki... Bizitzan bidegurutze asko izaten dira, eta oso zaila da beti bide ona hartzea. Gainera, egungo gizarte honetan, tentsio handia izaten da egunerokoan, eta horrek ez du lana errazten. Askotan, orduak, egunak edota asteak izaten dira erabaki horiek hartzeko, baina segundo bakar batzuk baino egongo ez balira? Horren guztiaren ondorioa: zeinen zaila den kirol epaileen lana. Hau falta, beste hau ez, itzuli zure kalera, zu bi minutu kanpora... Bi begi, txilibitu bat, banderatxo bat, eta aurrera. Kirolariak ezinbestekoak dira, baina epailerik gabe, nekeza da txapelketa bat aurrera eramatea.

UXUE ZABALAArrauneko epailea
«Epaileok sekulakoneke psikologikoaizaten dugu»

Primeran ezagutzen du arraunaren mundua Uxue Zabalak (Hondarribia, Gipuzkoa, 1990). Tostartetik, Gipuzkoako Arraun Federaziotik eta epaimahaitik ezagutu ditu. Azken horretan, 2008tik dabil, buru-belarri. Eskarmentu handiko epailea da, internazionala eta guzti. Eta, askok ezetz uste badute ere, Zabalak baieztatu dezake ontzitik kanpo ere sufritu egiten dela: «Traineru estropadetan tentsio handia egoten da, arraunlarien artean, patroiekin... baina epaileak ere ez gara lasai egoten. Tirabira eta liskar asko sortzen dira, eta epaileok ere bizi-bizi taupaka izaten dugu bihotza halakoetan. Gauza askori erreparatu behar diozu, ardura handia duzu, eta ez da erraza hori kudeatzea. Epaileok sekulako neke psikologikoa izaten dugu. Etxera leher eginda iristen gara».

Modalitate asko daude arraunean. Euskal Herrian traineru estropadak dira ezagunenak, baina badira arraun egiteko beste hamaika modu. Eta noski, denak ez dira berdin zuzentzen. Zabalaren ustez, estropada kontrolatzeko dauden baliabideek eta estropada eremuak «asko» baldintzatzen dute epaileen lana: «Errazenak Europako aulki mugikorreko estropadak dira. Baliabide asko daudelako eta ur bareetan egiten direlako, eta, txapelketa horietan,kexatu gabe onartzen dute epaileak hartutako erabakia. Euskal Herriko estropadetan, berriz, itsasoa daukagu, kontrolatu ezin dezakegun faktore bat... eta horrek asko zailtzen ditu gauzak. Itsasoak bere lege propioak ditu».

Kostaldeko herritarrek arrauna bizi egiten dute, eta, kirol guztietan bezalaxe, epaileari herrikoen alde egitea leporatzen diete batzuetan. Zabalak argi eta garbi utzi nahi izan du epaileek «objektibotasunez» lan egiten dutela: «Kirol guztietan arauak daude, eta guk arau horien arabera hartzen ditugu erabakiak. Arau batzuek bide ematen diote interpretazioari, baina erabakiak arrazoi batengatik hartzen ditugu beti. Epaile batek erabaki bat zergatik hartu duen azaltzen badit, nik behintzat ez diot kontra egingo».

Orain dela ez hainbeste, edozein izan zitekeen epaile: nahikoa zen federaziora joan eta izena ematea. Zabalaren eta federazioko beste kide batzuen ekimenez, epaileen «izen ona» bermatze aldera, azterketa batzuk gainditu beharra dago epaile izateko—Gipuzkoan 2017tik eta Bizkaian 2016tik—: «Harrigarria dirudi, baina horrela zen. Nik uste dut beharrezkoa dela jakituria jakin bat duzula frogatzea, epaileen eta arraunlarien errespetuagatik bakarrik».

IÑIGO ATORRASAGASTI Errugbiko epailea
«Hirugarren zatiaoso garrantzitsua da errugbian»

Ozeanian izan ezik, beste lau kontinenteetan ibili da epaile lanetanIñigo Atorrasagasti (Donostia, 1984). Espainiako errugbi ligan arbitratzeaz gain, nazioartean ere aritzen da, lana ondo egiten duen seinale. Mundu honetan hasi zenean, ez zuen espero honaino iritsiko zenik. Egun, ligako epailerik onenetako bat da: «Errugbi jokalaria nintzen, eta lesio batengatik utzi behar izan nuen. Etxean, epaileak izandakoak dira asko, eta haien bideari jarraitzea erabaki nuen. Pausoak emanez joan naiz, eta hemen nago. Inondik inora ere ez nuen espero honaino ailegatzea».

Orain dela bi igande jokatzekoa zen Espainiako Kopako finalean aritzekoa zen Atorrasagasti. Finala atzeratu egin da, baina, halere, hark zuzenduko du. Partida handia da taldeentzat eta jokalarientzat, baina baita epaileentzat ere, epaileen batzordeak ez baitu edozein izendatzen final batean aritzeko. «Epaileontzat, sari bat da horrelako neurketa bat arbitratzea. Ardura handiko norgehiagokak dira, tentsio handia dagoelako eta jokalari guztiak ohi baino urduriago egoten direlako, baina, hartan aritzeko gu aukeratzen bagaituzte, zerbaitengatik da».

Beste kirolekin alderatuta, errugbiak badu zerbait berezia: jokalariek izugarri errespetatzen dute epailea. Hark esandakoa bete egiten da; inork ez du erabakia zalantzan jartzen. Donostiarraren ustez, bi arrazoi daude horren atzean: gazte mailetatik jokalariei irakasten zaizkien balioak eta hirugarren zatia. Azken horretan, partida amaitu ostean, bi taldeetako jokalariak eta epaile multzoa zelaiko taberna edo txokoren batean biltzen dira, mokadutxo bat egiteko. Horrek epailea jokalariengana «gerturatzen» duela azpimarratu du: «Hirugarren zatia oso garrantzitsua da errugbian. Jokalariekin harremana sortzeko balio du: partidan gertatu diren jokaldiez hitz egin, hartutako erabakiak eztabaidatu... Neurketan jokalariak bero daude, baina, gero, erabakiak ulertzen dituzte».

Halere, denak ez dira gauza atseginak izan, pasarte txarrak ere izan baititu Atorrasagastik: «Zazpiko errugbi modalitateko partida batean, Txinan, hango selekzioak ez zuen bat egin nik jokaldi batean hartutako erabakiarekin, eta zelaia uztea erabaki zuen. Nik oso gaizki pasatu nuen orduan, baina epaileen batzordeak nire alde egin zuen, eta horrek asko lasaitu ninduen».

3. IRAGARTZE FERNANDEZ Futboleko epailea
«Taldeak ezagutzea ezinbestekoa da partida ondo eramateko»

Ikasteaz eta erizain modura lan egiteaz gain, marrazain ere aritzen da Iragartze Fernandez (Getxo, Bizkaia, 1993), futbolean. Gizonezkoen Lehen Maila Federalean eta emakumezkoen Lehen Mailan ibiltzen da, hegalean gora eta behera. Futbol neurketa batera joan baino lehen, norgehiagokako taldeak aztertzen ditu. Epaileen batzordeak bi aste lehenago jakinarazten die epaileei zein partida zuzendu behar duten. «Normalean, talde bakoitzaren azken lauzpabost neurketak ikusten ditugu. Taldeak ezagutzea ezinbestekoa da partida ondo eramateko. Aurretik egindako lanketa horrek asko errazten digu gero 90 minutuetan egin beharreko lana».

Argi du «eskarmentua» dela neurketei kontrolpean eusten laguntzen duen beste faktore garrantzitsu bat. Partiden joan-etorriekin eta denboraldiek aurrera egin ahala, «errazagoa» da norgehiagokak bideratzea: «Barruan zaudenean, jokalariak bezalaxe, hasieran urduritasun pixka bat nabaritzen duzu. Baina hori normala da, gu ere pertsonak baikara. Esperientzia hartuz joaten zarenean, ohitu egiten zara, eta gauzak beste modu batera hartzen dituzu». Halere, argi du etxetik gauzak «garbiago» ikusten direla: «Etxetik oso erraz ikusten da dena. Zelaian zaudenean, falta bat ikusten duzu, eta txartel gorria dela iruditzen zaizu. Gero, etxera joan, partida berrikusi, eta konturatzen zara falta ere ez zela. Barrutik, jokaldiek askoz larriagoak ematen dute. Uste baino zailagoa da epaile izatea».

Futbol zelai batean, zoritxarrez, oso ohikoa da irainak entzutea. Getxoztarra maila handiko epailea da. Orain dela gutxi, aukera izan zuen emakumezkoen Espainiako Superkopako finala zuzentzeko, Bartzelona eta Atletico Madrilen artekoa. Badaki zer den eliteko kirolariekin jardutea. Zazpi urte daramatza marrazain modura, eta, urte hauetan guztietan, neurketa bakarra gelditu behar izan du. Zein-eta 13 urteko nesken partida bat. «Ikusle bakarra bota dut zelaitik, haurren mailako nesken partida batean. Gizon bat irainka ari zen: ez niri, haren alabari baizik. Partida geratu, gizonari joateko esan, eta hura berrabiarazi nuen. Maila horietan ezin dira onartu horrelako errespetu faltak; horiek ez dira futbolean erakusten diren baloreak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.