«Zozketa ez da ona izan; balorazioa ez da ona», Ion Ansotegi atzelariak. «Izenak aztertuta, bigarren kanporaketa dirudi», Jagoba Arrasate entrenatzaileak. «Bi ligarik garrantzitsuenetako taldeak egokitu zaizkigu, eta gogorra izango da kanporaketa», Imanol Agirretxe aurrelariak. Realak ez zuen zorterik izan atzo Europako Ligako atariko hirugarren kanporaketako zozketan, Nyonen (Suitza): Aberdeen-Groningen kanporaketako irabazlearen aurka ariko dira txuri-urdinak. Uztailaren 31n jokatuko dute joaneko partida, Anoetan, eta, aldaketarik ezean, abuztuaren 7an itzulikoa, Pittodrie estadioan (Aberdeen) edo Euroborgen (Groningen). Toka zekizkiokeen taldeen artean indartsuenetako bi dira Eskoziakoa eta Herbehereetakoa. «Baina Reala gara gu, eta haiek ere ez dut uste oso pozik egongo direnik». Oinak lurrean jarrita, baikortasun mezua helarazi nahi izan zuen Ansotegik.
Azken unean indarrez hustu eta aurreko denboraldia zazpigarren postuan amaituta, bi kanporaketa jokatu beharko dituzte txuri-urdinek Europako Ligako lehen ligaxkan sartzeko, eta, hasterako, uste baino aurkari gogorragoa izango dute parean. Aberdeenek eta Groningenek herenegun jokatu zuten Europako Ligako atariko bigarren kanporaketako joaneko partida, Aberdeenen, eta 0-0 berdindu zuten. Hurrengo ostegunean jokatuko dute itzulikoa, Groningenen. «Erreferentzia zehatzagoak edukitzeko aukera emango digu partida horrek», onartu zuen atzo Arrasatek, Herbehereetan egiten ari diren prestaketa lanean tarte bat hartuta.
Eskoziako Ligako talde historikoa da Aberdeen, eta ligako lau titulu eta kopako zazpi dauzka garaipen zerrendan. Urrutira joan gabe, ligako kopa irabazi zuen joan den denboraldian. Titulu hori eskuratzeaz gain, liga hirugarren postuan amaitu zuen, 68 punturekin, Celtic Glasgow —99 puntu— eta Motherwellen atzetik —70 puntu—. Gaur egun, Derek McInnes eskoziarra da entrenatzailea, baina sona handiko entrenatzaile bat eseri zen zazpi urtez Aberdeenen aulkian: Alex Ferguson, gerora Manchester Unitedeko entrenatzailea izan zena. 1978an iritsi zen Ferguson Eskoziako taldera, Billy McNeill ordezkatzeko —Celticera joan zen hura—, eta, hasiera gorabeheratsua izan zen arren, klubak hurrengo zazpi urteetan pilatu zituen dauzkan garaikurrik gehienak: ligako hiru titulu, kopako lau, ligako kopa bat, Europako Errekopa bat eta Europako Superkopa bat. Adam Rooney irlandarra da gaur egun taldeko izarra. Urtarrilean fitxatu zuten, eta bederatzi gol sartu zituen hemezortzi partidatan.
Groningen, berriz, Herbehereetako talderik indartsuenen itzalean dagoen klub serioa da. Ez dauka titulurik lorpen zerrendan, eta bosgarren postutik atzera ibiltzen da, gehienetan, Herbehereetako Ligan. Hori bai, izar askoren lehen etxea izan da urteotan. Han jokatu zuen Luis Suarezek —Bartzelonak fitxatu berri du—, 19 urte zituela, eta Ajaxek fitxatu zuen hurrengo denboraldian 7,5 milioi euro ordainduta. Arjen Robben ere Groningeneko jokalaria izan zen 2000tik 2002ra, eta PSV Eindhovenek fitxatu zuen gero, 4,3 milioi euro ordainduta —Bayern Municheko izarretako bat da egun—. Ronald eta Erwin Koeman anaiek, berriz, Realaren balizko aurkariarekin egin zuten debuta profesionaletan, 1980an.
Orainari helduta, joan den denboraldian zazpigarren izan zen Groningen Herbehereetako Ligan, 51 punturekin, Ajax (71), Feyenoord (67), Twente (63), PSV (59), Heerenveen (57) eta Vitesseren (55) atzetik. Erwin van de Looi herbehereetarra da entrenatzailea, eta Danny Hoesen Ajaxetik iritsi berria den jokalaria izar nagusia.
Gaur, Ajaxen aurka (14:30)
«Bete-betean hasi beharra daukagu lanean, lehen kanporaketara sasoi onean iristeko». Arrasatek ez du nahi konfiantzarik bi taldeetako bakar batekin ere. «Ondo egin beharko ditugu lanak, gu ondo iritsiz gero aukera handiagoa izango dugulako kanporaketa pasatzeko; ziur». Denboraldi-aurreko lanari garaizago ekinda, eta jada partida ofizial bat jokatuta, aurkaria fisikoki hobeto egongo dela onartu zuen Agirretxek. «Baina barneratu beharreko zailtasun bat gehiago da hori».
Herbehereetakoa izan daiteke Realaren Europako Ligako atariko kanporaketako lehen aurkaria, eta partida hori Herbehereetan bertan ari dira prestatzen txuri-urdinak. Gaur jokatuko dute lehen norgehiagoka, 14:30ean, Ajaxen aurka.
Bati ezetz esango, eta huraxe egokitu
Ia inork nahi ez zuen aurkaria izango du Realak parez pare Europako Ligako atariko hirugarren kanporaketan: Aberdeen edo Groningen.Anoetan jokatuko da joaneko partida, uztailaren 31n

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu