Ekaitz Saralegi. Pilotaria

«Batzuek txapelak lortu dituzte; nik, jende askoren babesa»

13 urte egin ditu profesionaletan, eta ez du ezkutatu besteren bat egiteko itxaropena bazuela. Dena den, aurrelari trebea gustura gelditu da emaniko irudiarekin eta, batez ere, harmailetatik jaso duenarekin.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Amezketa
2015eko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Igandean jokatu zuen azken partida Asegarcerekin Ekaitz Saralegik (Amezketa, Gipuzkoa, 1979). Herriko pilotalekuan izan zen, eta pozik dago jende askok esan diolako egun borobila irten zela. Urteotan jarraitzaile izan duen jendearekin zorretan sentitzen da.

Zer moduz azken partida?

Ederra. Hezetasuna zegoen, eta banuen beldurra, baina dena primeran irten zen. Han egotea nahi nuen guztia zegoen, eta lepo bete zen pilotalekua. Lagunak, herrikoak, pilotariak, pilotari ohiak... Partida ere entretenigarria izan zen, Altuna eta biok zakurra eta katua bezala ibili ginen aurrean, eta bitartean jendea, harmailan, olatuarena egiten!

Hunkitu al zinen?

Une batzuetan larri ibili nintzen. Kantxara sartzean, lagunek pasiloa egin zidaten, opari pila bat ere bai, aurreskua, txaloak... Gero, bukaeran, 21nakoarekin, semeei eskumuturreko bana eman nien gorde zezaten. Bukaeran umeak eskatzera korrika etorriko zirela banekien, eta eurek izan zitzaten nahi nuen. Oso polita, benetan.

Agurreko partida izan zenuen, behintzat.

Azkenean, baietz esan zuen enpresak. Agur esateko aukerarik ere ez? Enpresarekin tratuan ez dut arazorik izan, baina agurreko keinua itsusia izan zen. Asko joan dira azken partidarik gabe, isilean.

Pilota munduko jendeak sinadurak bildu zituen azken partida izan zenezan.

Bai, federaziotik-eta hots egin zidaten. Jendea badut inguruan, babes hori nabaritu dut. Agurra Amezketan nahi nuen, hainbestetan jarraitu nauen jende hori ez mugitu behar izatea nahi nuen. Ea, behintzat, enpresei balio dien aurrerantzean beste pilotariekin berdin ez jokatzeko.

Zer moduz, ez zizutela kontratua berrituko jakin zenuenetik?

Penatuta, besterik ez dugu egin eta bizitzan. Bizilegea ere bada, baina... Legearen arabera, kontratua bukatu baino bi aste lehenago abisatu behar ninduten, eta, epe hori pasatua zenez, berrituko zidatela sinesten hasia nintzen

Beste urtebete espero zenuen?

Bai. Egia da azken hilabeteak ez direla nire onenak izan; baina lau t'erdikoan zerrendaburu nintzenez, uste nuen segituko nuela.

14 urte profesionaletan. Nolako balantzea egin duzu?

Ni gustura gelditu naiz. Ez nuen uste hainbeste urte egingo nituenik. Txapelik ere ez dut irabazi, baina argi dut onenekin, eta aurka, jokatu dudala eta lehiatu naizela. Pilotari belaunaldi oso on batekin egin dut topo. Agian, sasoiko egon naizenean laguntza gehiago jaso izan banu, gehiagotan jokatuko nuen goian... Baina, tira, orain ez gara kexaka hasiko.

Pilota profesionala espero zenuen bezalakoa izan al da?

Telebistan ikusten nituen pilotariekin egotea harritzen ninduen. Julian Retegi aldagelan ikusi eta errespetua sortzen zuen. Gaztetxoa, eta zu, han, bazterrean, isilik... Apurka konfiantza hartzen joaten zara, haiek ere pertsonak direlako. Hasieran, artekariekin jokatzea arraroa egin zitzaidan, baina oro har saltsa polita da.

13 urteko ibilbidea bada zerbait.

Ez nuen espero hain bide luzea egiterik. Ni beti kontratu motzekin ibili naiz, hasieran hiru urte, gero bi eta gero urte batekoak. Zaila zen oso aurrera begiratzea.

Lehen soldatarekin zer egin zenuen oroitzen al zara?

Ez. Parrandaren bat-edo egingo genuen! Edo autoaren maileguko zatiren bat ordaindu.

Pilotazaleak artista bat bezala oroituko zaitu.

Jendeari nire jokoa gustatu baldin bazaio, pozten naiz. Kolpedun pilotaria ez naiz izan, eta ezkerrez atzeratzeko ere... Baina aurrean bai, aurreko saltsa hori asko gustatu izan zait. Ikusteko ere, joko mota hori gustatzen zait.

Azken bi urteak izan dira politenak, lau t'erdian batez ere.

Emaitza aldetik bai, baina aurretik ere izan ditut urte politak, sanferminetan eta sanmateoetan titular aritutakoa naiz. Zerbait jokatzen nuela esan nahiko zuen. Azken bi lau t'erdikoen artean 2013koa baino hobea izan zen. Azkenekoan Retegiri irabazi eta Xalaren aurka hatza hautsi nuen. Gero, Olaizolaren aurka... banekien nola nengoen, baina ez nion jendeari etxera joateko esango. Aurrekoa, aldiz.. hura bai izan zela polita. Logroñora Titinen aurka jokatzera joan eta zenbat jende etorri zen ikustera. Gero Bengoetxearen aurka, Donostian, hura ederra. Erreboteko kristalean nengoen eta oilo ipurdia nuen, Amezketa erdia zegoen eta! Olaizolaren aurkako finalerdiak asko bete ninduen, 18-16 irabazten joan... Partida oso ona izan zen, eta joan zen jendeak ikuskizunarekin gozatu zuen. Ondoren, herrian harrera eta guzti egin zidaten!

Asko aipatzen duzu jendea.

Ni oso maitatua sentitu naizelako, eta jendea asko sentitu dut nire atzean. Eta badakit pilotari gutxik duela halakorik. Batzuek txapelak izango dituzte, beste batzuek beste zerbait, eta, nik, behintzat, jendearen babesa izan dut beti, eta hori oso garrantzitsua da. Beti esan dut bigarren mailako pilotaria izan naizela, eta oso pozgarria izan da bigarren mailako pilotari bat ikustera hainbeste jende joatea.

Arantzarik bai?

Bai, lau t'erdiko bat gehiago ez jokatu izana. Iaz ez nuen nire maila eman, eta berriz ere parte hartu nahiko nuke. Ligaxkan hasiko nintzateke gainera, eta pasatzeko gogo guztiarekin. Orain prestatzen hasteko asmoa nuen!

Aurrerantzean, zer? Ez zaitu lanetik atera pilotak?

Ez, lanean jarraitu beharko, baina egun, zaila dago. Pilotari dagokionez, bizitza osoa horretan ibili naiz eta gogorra izango da dena kolpetik uztea. Ikusi beharko, badaude pilotari ohiak udan-eta ibiltzen direnak... Beste kirol batzuk ere probatu nahi nituzke: korrika, txirrindularitza...

Pilotalekura agertuko al zara?

Bai. Zorionez, inguruan pilotari asko daude, eta partida handiak jokatuko dituzte. Aurrekoan mezu polita jaso nuen, Albisu lagunak bidalia, ea pilota utzi arren haren botilero segituko nuen, eta hunkitu egin nintzen. Gustura arituko nintzela esan nion.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.