Maila nagusian binakako azken hiru txapelketak jokatu ostean, aurrekoa jokatzeari uko egin behar izan zion Xabier Tolosak (Anoeta, Gipuzkoa, 1995). Eskumuturreko lesio baten ondorioz, zortzi hilabete egon zen zuriz jantzi gabe, harik eta apirilaren 26an berriro jokatu zuen arte, Villabonan (Gipuzkoa). Ostiralean ekin zion B Serieko Mastersari, lehen aldiz. Beñat Senarrekin bikotea osatuta, 22-12 irabazi zuten Egigurenen eta Morgaetxebarriaren aurka, Barakaldon (Bizkaia).
Uda partida askoko garaia izaten da pilotarientzat. Nola hartzen duzu?
Pilotariak udaren zain egoten gara beti. Sanferminetatik aurrera hasten da udako martxa, eta guztiok norgehiagoka mordoa izaten dugu hilabete horietan. Gogotsu nago.
Aurten B Serieko San Fermin torneoa jokatu duzu. Udan alde handia dago txapelketakoak diren partiden eta bestelakoen artean?
B Serieko txapelketa hauek berritzaileak dira. Enpresek lehenengoz antolatu dute horrela uda, baina gu ohituta gaude norgehiagoka guztietan bete-betean aritzera, eta, behin takoak eta galtza zuriak jantzita, inori ez zaio galtzea gustatzen.
Beñat Senarrekin jokatuko duzu B Serieko Mastersa. Nola ikusten duzu?
Polita da beste enpresako kide batekin txapelketa bat jokatzea. Orain arte ez nuen asko ezagutzen, profesionaletan hasi berria baita, baina jauzia egin duenetik ikusi da pilotari bikaina dela eta etorkizun oparoa izango duela. Ez dugu betarik izan elkarrekin saiorik egiteko, enpresa bakoitzak bere entrenamenduak programatzen baititu. Oso gustura jokatuko dut, eta ea lan ona egiteko aukera dugun.
Oraingoz, B Seriean antolatu diren lehiaketa guztiak jokatuko dituzu. Indarberritzeko eta berriro bete-betean aritzeko, norgehiagokak jokatzea baino hoberik ez da izango, ala?
Eskumuturreko lesioaren ondorioz, zortzi hilabete egon nintzen jokatu gabe. Hainbeste denbora jokatu gabe egonda, erritmoa galtzen duzu, eta bai goi mailako kirolean bai bizitzan, eskailerak banaka igotzen dira, eta dozenaka jaitsi. Denbora pixka bat beharko dut lehen bezala aritzeko, baina ziur naiz uda honetan jokatuko ditudan partidek lagundu egingo didatela horretan, eta itxaropentsu nago.
«Denbora beharko dut lehen bezala aritzeko, baina ziur naiz jokatuko ditudan partidek lagundu egingo didatela horretan»
Hasieran zer moduz hartu zenuen hainbeste denbora geldirik egon behar izatea?
Arazoa zera zen hasieran, ez genekiela zer nuen eskumuturrean. Horregatik luzatu zen osatze prozesua, eta, azkenean, Madrilen argitu zidaten zer nuen. Lesioaren nondik norakoak argitu zirenean, berehala egin zidaten ebakuntza. Gerora, osatze prozesua azkarra izan zen, azken ebakuntza egin eta lau hilabetera itzuli bainintzen kantxara, eta, lehenago jakin izan bagenu, epeak laburtu egingo ziratekeen, nire ustez.
Nola oroitzen dituzu itzultzean kideekin egindako lehen entrenamenduak?
Niretzat pozgarria izan zen berriro entrenatzen eta lehiatzen hastea. Batzuetan pilotatik kanpo ikusi nuen neure burua, eta, gainera, oso barneratua nuen hori. Konponbide egoki bat bilatu ostean, guztiari buelta eman, ohiko martxara itzuli, eta pilotaz gozatzen ari naiz berriro.
Nolakoa izan zen eskuak pilotara egokitzeko prozesua?
Pilotan jarduten ez baduzu, eskuak bigundu egiten dira. Prozesu bat da: eskuek denbora behar dute bere onera etortzeko. Hasieran, pilota gozoarekin hasi nintzen; gerora, takoak jarri eta gogorrarekin jokatzeari ekin nion. Neure burua hobeto nabari nuen neurrian, aurreko hormatik atzeratzen hasi nintzen, eta minik sumatzen ez banuen pilota indartsuago jotzen. Sentipenak onak izan dira une oro.
Fisikoki lanketa handiagoa egingo zenuen prozesu horretan. Aldaketarik nabaritu duzu?
Lesio batek aukera ematen badu ere arlo fisikoa gehiago lantzeko, ezin duzu bete-betean landu, minduta duzun hori —kasu honetan eskumuturra— ez baitago ondo. Ondorioz, normalean egiten ditudan ariketak ezin nituen normaltasunez egin, eta fisikoa lantzen banuen ere, ezberdina zen. Landu dut, baina ez baldintza egokietan.
«Konponbide egoki bat bilatu ostean, guztiari buelta eman, ohiko martxara itzuli, eta pilotaz gozatzen ari naiz berriro»
Indarberritu bitartean, irakasle gisa aritu zara Urnietako Salestarretan. Zer moduz?
Ongi egon nintzen. Enpresaritza ikasketak egin nituen EHUn, eta irakasle izateko behar ziren titulazioak ere atera nituen. Ohartu zirenean binakako txapelketa ez nuela jokatuko, ordezkapen bat egiteko deitu ninduten, eta oso gustura aritu naiz. DBHn matematikak eman ditut, eta Lanbide Heziketan, berriz, Enplegagarritasuna. Horrez gain, pilota eskolan ere aritzen naiz haur eta kadete mailako pilotariak entrenatzen, eta haiekin ere asko gozatzen dut.