Zonakako defentsa

Begia begiaren truk

Andoni Urbistondo.
2011ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Bueltak eta bueltak. Bai, onartzeko modukoa da epaileen lana kaltegarria izan zela Lagun Arorentzat, eta horregatik galdu zuela pentsatzea, baina horri bueltak eta bueltak emateak ez dio garaipena emango donostiarrei. Festak non ospatzen diren, guztiak dira ezberdinak. Donostiako prentsa sututa agertu zen atzo Conde epailearen erabakiekin. Bizkaian epaileen lanaren inguruan hitzik ez. Baina antzekoa gertatu zen azaroaren 13an ere, Bilbo Basketek Donostian galdu zuenean. Orduan Bizkaia aldean hizpide izan zituzten epaileak, eta Donostian haien jardunaren inguruan hitzik ez. Epaileak txarrak dira, eta ez dagokien protagonismoa bilatzeko grina erakusten jarraitzen duten bitartean jai dago. Jai dago, ukiezinak direlako, elkarrizketa zale txarrak, eta haiei egiten zaien eskaera oro mehatxu bezala interpretatzen dutelako. Eta jai dago, Lagun Arok ahazteko moduko lehen laurdena eta azken minutua egin zituelako. Hobea izan zen orokorrean, baina esku hutsik bueltatu zen, 11 minutu txarren zama astunegia izan zelako. Baskonia jardunaldiz jardunaldi astintzen ari den zama txikiak bezala. Baditu karga astun batzuk oraindik, baina arintzen ari da.

Gaizki hasten dena... Bilbo Basketek hamahiru puntuko aldea lortu zuen lehen laurdenean. Piztuta kantxaratu zen, eta gipuzkoarrak jan zituzten. Buelta eman zion bigarren eta hirugarren laurdenetan Pablo Lasoren taldeak, eta Miribillako zaleak eta ikusle gehienak aho bete hortz utzita, oso txukun jokatu zutelako. Buelta emate horretan erabilitako argitasuna iluntasun bilakatu zen, ordea, azken minutuan, eta Mirallesek huts egindako puntu bateko bi jaurtiketek poltsikoan zuen garaipenak ihes egitea eragin zuen. Horrek eta Jacksonek bederatzi metrotik sartutako hiruko ikusgarria. Orriak eta orriak betetzeko balioko luke Lasok azken jokaldi hori defendatzeko, faltarik ez egiteko hartu zuen erabakiak. Jacksonek eskumuturra nola zeukan ikusita falta behartzea txarra ez, baina ikusi eta gero, mundu guztia bizkor!

Jackson-Salgado. Joanekoan, Ilunben, ez zen kolorerik egon. Salgadok presente zeukan Bilbotik bota zutenen aurkako gorrotoa, eta partida handia egin zuen, Jackson bere ordezkoa eta Fotis Katsikarisi desafio begiradak eskainiz, jokaldi onak gauzatzen zituen bakoitzean. Igandean kontrakoa gertatu zen. Jacksonek hankapean ibili zuen Salgado, eta Santutxukoa bere onetik ateratzea lortu zuen presioak. Donostiarren erreakzioa bere eskutik etorri zen, baina bere balorazioak zalantza oro uxatzen du: 0. Duela bost urte Salgado bera izan zen Lagun Aro maila galtzera kondenatu zuena kantxa erditik hiruko ikusgarri bat sartuta. Bost urte geroago, Jackson izan da Lagun Aroren ligako azken herena aspergarri egingo duena. Begia begiaren truk.

Beste pausotxo bat. Baskoniak CAI Zaragozaren aurka eman zuena. Partidak zer kontatu gutxi izan zuen. Teletovicek hamasei puntu eta lau hiruko sartu zituen lehen laurdenean, partida hausteko. Dusko Ivanovicek kapitainari atsedena emateko aukera ona zeukan, baina ez zion eman, Teletovicek hala eskatuta, ziurrenik, eta 30 puntu saskiratu zituen. Baskoniak hasierako bosteko ona du: Huertasen bederatzi asistentzia eman zituen, Loganek 11 puntu on saskiratu, horien artean hamahiru metrotik saskiratutako hiruko dotorea, San Emeteriok zazpi asistentzia eman eta atsedentxoa hartu. Teletovicena esana dago, eta Barac ere txukun aritu zen: hamasei puntu eta hamabi errebote. Oleson ere txukun aritu zen, eta Bjelicak beldurtuta bezala jokatu zuen, hogei minututan apenas egin zuelako jaurtiketarik. Ribas eta Batista pattal aritu ziren, eta bikote horrek eta Ribasek gehiago laguntzea ezinbestekoa izango da Baskoniak arrakasta izan nahi badu, sei edo zazpi jokalarirekin ezin delako balentria handirik egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.