Txirrindularitza. Italiako Giroa

Begiak itxi eta gozatu

Aspaldiko etaparik ikusgarriena irabazi du Mikel Nieve leitzarrak, Giroko 15. etapan, zazpi ordutik gorako ahaleginaren ondorenNafarra bosgarren dago sailkapen nagusian, eta Igor Anton 11., asko sufritu ondoren

unai zubeldia
2011ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Egindako ahaleginarekin pedalak negarrez ari zirela, esku bat burura eraman, begiak itxi, eta egindakoa sinetsi ezinik iritsi zen atzo Mikel Nieve (Euskaltel-Euskadi) Gardeccia Val di Fassako helmugara. Sufrimenduarekin gozatuz. Bikaina, ikusgarria, zoragarria... Adjektibo guztiak elkarren ondoan jarri, eta beste baten faltan geratuko litzateke beti leitzarraren atzoko balentria. Ikaragarria izan zen Italiako Giroko 15. etapa, eta ikaragarria Nieveren erakustaldia. Etapa hastearekin batera joan zen ihesean, hemezortzi txirrindulariko taldetxoan, eta, Giau erraldoian sufritzen jakinda, Gardeccian gora itota utzi zuen gero Stefano Garzelli (Acqua&Sapone).

229 kilometro, zazpi ordu eta erdiko muturreko ahalegina, 6.000 metrotik gorako desnibela... Bideoan grabatu eta tarteka berriz ere irudiei begira jartzeko moduko etapa izan zen atzokoa. Eztabaidatu daiteke atzokoaren pareko gogortasunarekin dopinaren mamua uxatu edo haizatu egiten den. Baina atzoko joarekin, txirrindulariek edertu egin zuten bi pedalen gaineko kirola.

Hunkigarria izan zen Nieve azken kilometroan pedalei eragin ezinik ikustea, orekarekin jolasean ari zela nabaritzea. Txirrindularitzak aspaldian ez du izan hain kilometro luzerik, eta leitzarraren garaipenak epika puntua eman dio aurtengo Giroari. Hori bai, Nieverena ez da egun bakarreko loraldia, Giroko azken hiru etapetan eman duelako erakustaldia eta, iaz ere, Espainiako Vueltan, mundua harritu zuelako Cotobelloko etapan. Gaia dago gorputz ihar horretan, eta punta-puntako igotzailea izateko pauso sendoak ematen ari da nafarra.

Euskal zaleen begietara, ederra izan zen etapa amaiera, baina, hasi eta bukatu, etapa guztiak merezi du azterketa sakona. Garai bateko txirrindularitza ikusi ahal izan zen etapak iraun zuen zazpi ordu eta erdi horietan, taldeburuek hartu behar izan zutelako ardura azken bizpahiru ordu luzeetan. Gaur egungo txirrindularitzan nekez ikusten da halakorik.

Alberto Contadorren (Saxo Bank) nagusitasuna ezbaian jartzeko asmoz, erasoa urrutitik jotzea erabaki zuten etapa ehizan zebiltzanek. Bigarren kilometroan mugitu ziren Enmanuele Sella (Androni) eta Johnny Hoogerland (Vacansoleil), eta 50. kilometrorako hemezortzi laguneko talde indartsua sortu zen aurrean. Bertan ziren Garzelli, Javier Aramendia, Nieve bera (Euskaltel-Euskadi), Carlos Sastre (Geox), Danilo Di Luca, Alberto Losada, Alexander Kusxinski (Katuxa), Johan Tschopp (BMC), Stefano Pirazzi (Colnago), Luis Pasamontes (Movistar), Jan Bakelandts (Omega Pharma Lotto), Evgeni Petrov (Astana), Kevin Seeldrayers (Quick Step), Pieter Weenening (Rabobank) eta Jaroslav Popovitx eta Philip Deignan (RadioShack). Hamar minututik gorako aldea lortu zuen taldetxoak, eta, behin-behinean, Nieve leitzarra liderraren maillota janzteko moduan izan zen, Zoncolaneko etaparen ondoren, Contadorrengandik 9.08ra zegoelako sailkapen nagusian.

Aurreko etapetako ibilia aztertuta, Nieve eta Garzelli ziren indartsuenak, eta Giauko igoerak berretsi zuen uste hori. Hoogerlandek jo zuen lehen erasoa Giroko mendaterik garaienean, baina Garzelli eta Nieveren erasoa izan zen gero sendoagoa. Italiarrak eman beharreko guztiak eman zituen atzo. Leitzarrak eutsi zion hasieran Garzelliri, baina ezinean geratu zen gero, Giauko azken metroetan. 43 segundoko tartearekin igaro ziren biak Giau gainetik; 1.47ra igaro zen taldetxoa, eta 9.30era liderraren talde txikia.

Nibali ikusgarri beheraka

Joaquim Rodriguezek (Katuxa) jo zuen erasoa Giaun gora, eta gurpilari pega-pega eginda joan zen David Arroyo (Movistar). Bi taldekiderekin, egoera kontrolpean zeukan Contadorrek, baina mugitzea erabaki zuen, aurreko bikoaren ahalegina ezerezean uzteko. Faborito gehienak elkarren ondoan igaro ziren Giautik, eta Giroan goraka egin ezin duena beherakoan egitea pentsatu zuen Vincenzo Nibalik (Liquigas).

Giroa taldeburuen buruz buruko borroka bihurtu zuen italiarraren ahalegin horrek. Baina zalaparta horren aurretik, agur tristea izan zuen Giroak, Juanjo Orozek (Euskaltel-Euskadi) etxerako bidea hartu behar izan zuelako, anbulantzian sartuta.

Saio polita izan zen Nibalirena, nahiz eta Marmoladan gora jota geratu zen gero. Helmugara iristeko 32 kilometrotik gora falta zirenean, Contadorrek berak jo zuen erasoa, eta tantaka-tantaka atzean geratu ziren Igor Anton (Euskaltel-Euskadi), Nibali bera, Sastre... Aurrean zegoen etapa, ordea. 1.30 minututik gorako aldea eduki zuen Garzellik Giaun behera, baina Nievek tartea jan zion Marmoladan. Pankartapean 39 segundoren aldea zegoen bien artean; 6.25 minutura zihoan Contadorren taldea. Eta ia minutu bat gehiago galduta Nibali. Horra gaztetxoei erakusteko atzoko bigarren bideoa: italiarrak Marmoladan behera egin zuen jaitsiera. Minutua jan zion aurreko taldeari, teknika erakustaldia emanda.

Atzekoak baretuta, Gardeccia gogorra igotzen hasterako harrapatu eta pasatu zuen Nievek Garzelli. Muturreko sufrimenduarekin, gozatu egin zuen leitzarrak. Ez zeukan indarrik, ezin zuen, baina bazekien begiak itxi eta amets egin behar zuela. Atzetik dantzan zihoan Contador, Giroari beste kolpe bat emanda. Baina, bezperan Antonek egin bezala, euskal zale guztiei opari bikaina egin zien atzo Nievek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.