Euskal gizarteari egindako omenaldia da erakusketa, eta kulturaren zati bat ulertzeko balio du». Osabaren aitzakian hasi zen Aitor Alonso santurtziarra bizikleta klasikoak biltzen, eta «80 bat» pilatu ditu jada. «Ez naiz txirrindulari izandakoa, eta ez naiz txirrindulari zale amorratua ere. Txatarra pilatzen naiz abila ni», aitortu du bizkaitarrak barreari eutsi ezinik. Ia oharkabean hasitako bidea museo bihurtu du orain, Villarias herrian (Burgos, Espainia). «Santurtziarra naiz jaiotzez, eta Balmasedan bizi gara, baina lan kontuen eraginez etorri ginen Villariasera». 1930etik 1970era arteko «altxor txikiak» eskaintzen ditu Alonsok, buruak «atzera begirako bidaia ederrak» egin ditzan.
Alonsok azaldu duenez, osaba «baserrietan barrena» hasi zen garai bateko lanabesak eta gainerakoak biltzen. «Eta, horietako batean, bizikleta batekin iritsi zen etxera». Gustatu, batean eta bestean begira hasi. «Eta horrela hasi zen bizikleta klasikoak pilatzen». Hasierako indarra baretu egiten da, ordea, denborarekin. «Eta horixe gertatu zitzaion osabari ere». Urte askoko bidea alboratuta, etxeko zokorik ilunenean gordeta geratu ziren bizikleta haiek. «Egun batean, Balmasedan barrena nenbilela, txatar biltzaile baten paretik pasa eta bi bizikleta zeuzkala ikusi nuen». Alonsok berak ere ez zekien orduan, baina ibilaldi txiki hartan hasi zen iraganerako bidaia.
«Osabari deitu nion berehala, eta bi bizikleta haiek ikustera joango zela esan zidan». Baina, ordurako, egunerokoaren azken-azkenean zeuden osabarentzat bizikleta kontuak. «Autoa hartu, txatar biltzailearengana joan, eta bi bizikleta haiekin itzuli nintzen etxera, karro elektrikoen bateriaren truke». Erreleboa ziurtatu samar zegoela ikusita, opari ederra egin zion gero osabak. «Nire afizioaren berri izan ondoren, gordeta zeuzkan hamabost bizikletak eman zizkidan». Interneten eman zituen hurrengo pedalkadak. «Nahiz eta geroz eta zailagoa den bizikleta zaharrak eskuratzea. Jendeak altxor harrigarriak dauzka etxean, baina dirutza handia eskatzen du horien truke». Urtebetean «hamar bat» bizikleta inguratzen zituen orain urte batzuk. «Eta orain urtean bat lortzen badut, gustura».
Alonsok argi dauka afizio gisa sortutako egitasmoa dela berea. «Horren erakusgarri, dohain ikus daiteke museoa. Norberak borondatea emanda nahikoa da niretzat». Ehun metro koadroko museoan, 80 bat bizikleta klasikoak ikusi eta aztertzeaz gain, bizkaitarrak prestatuta daukan tailer txikian nola lan egiten duen ere ikusi ahal izango du bertaratzen denak. «70 metro koadro dauzka erakusketak, eta 30 tailerrak». Azken hori ezinbesteko txokoa da santurtziarrarentzat. «Lortzen dudan bizikleta bakoitza piezaz pieza desmuntatu, garbitu, oxidoa kendu, eta berriz muntatzen dudalako. Ordu askoko lana eta pazientzia handia eskatzen du».
Bisitarien begiradek goxatu egiten dute, ordea, ordura arteko lana. «Erakusketa Basaurin neukan batean, adineko gizonezko bat sartu zen bertara, eta bizikleta guztiei goitik behera begira geratu zen, oroitzapenei euren lana egiten utziz bezala». Ikusten ari zena gustatzen ote zitzaion galdezka joan zen Alonso. «Eta ikaragarrizko poza eman niola erantzun zidan». Bizikletetako bati begira, azalpenak ematen hasi omen zitzaion gizonezkoa. «'Aurrean bi, albo batean bi, atzean beste bi...'. Hala hasi zen hizketan, eta bi horiek zer demontre ote ziren jakin nahian egon nintzen ni, zain-zain». Azkar argitu zion zalantza. «'Arkumeak!', esan zidan. Anaia eta biak bizikletan zortzi bat arkume hartuta ibiltzen zirela kontatu zidan, gero herriz herri saltzeko. 80 bat urte zeuzkan, eta zoratzen egon nintzen haren kontuak entzunez».
Bizikleta, garraiobidea
Hori ere izan nahi duelako museoak, garai bateko errealitatearen isla. «Zorroztaile lanetarako erabiltzen zena, elikagaiak eramateko aurrean saskia zeukana, postariarena, albo banatan maleta txiki bat daukana, burdinzurigilearena, bidaiatzeko erabiltzen zena... Garai batean bizikleta zen garraiobide nagusia, eta, ondorioz, herri baten historia dago gordeta bizikleta bakoitzean».
Museoaren aitzakian, egun osoko plana eskaini du Alonsok. «Aitak 1990ean Villariasen lursaila erosi ondoren, golf zelaia prestatu berri dugu, eta jatetxe bat ere badaukagu. Museoa ikusi, gozatu, bazkaldu, golfean jolastu...». Begiradari iraganera gerturatzeko bidaia txiki bat eskaintzeko plan ona. «Eta autoan bezala, bizikletan etor daiteke honaino». Eskaintza eginda dago.
Euskal Herriko Itzulia. Pasioaren izenean
Begiradarekin bidaian
Osabaren bideari segika, batetik eta bestetik 80 bat bizikleta klasiko eskuratu, eta museoa ireki dusanturtziarrak, Burgosko Villarias herrian. Bizikletei begira, «atzera begirako bidaia» egitea proposatu du bizkaitarrak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu