Aulkitik begira

Begiratu, aztertu, erabaki eta egin

Aitor Manterola Garate.
2011ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Ikusi, ikusi. Futbola bizitza bera bezalakoa da. Erabakiak hartu behar dira. Etengabe. Jokalariek mugimenduak egin behar dituzte (taktika), eta baloiaren jabe direnean, gauza biribil hori mugiarazi egin behar dute (teknika). Bi arlo horietan zerbait egin aurretik dago erabaki beharra: nola eta nora mugitu, batetik, eta zer egin baloiarekin, bestetik. Lotuta daude taktika eta teknika. Jokalari baten mugimendu egokia desegoki bihur dezake beste batek baloia gaizki mugiarazteak. Eta alderantziz: batek baloia ondo mugiarazi izana oker bihur dezake beste jokalariaren mugimendu txarrak. Gauzak errazte aldera, erabaki zuzenak pentsatzeko fabore funtsezkoa da begiratzea. Baloia oinetara joan baino lehen edo mugimendu bat egin aurretik, begiratu egin behar du jokalariak. Eta di-da batean, balizko egoera eta aukera guztiak aztertu, bat aukeratzea erabaki, eta erabakitako hori gauzatu. Zoritxarrez, oso jokalari gutxik begiratzen dute. Ikusi, ikusi nola ez duten begiratzen.

Denbora gutxi, lekuak gutxi. Aldatu egin da futbola. Aldatzen ari da. Duela zenbait hamarkadako jardunarekin alderatzen bada gaur egungoa, aldea nabarmena da: askoz azkarrago jokatzen da orain. Eta lehen baino leku txikiagoan pilatzen dira jokalariak. Ondorioz, denbora gutxiago dauka jokalariak egoera guztiak aztertzeko. Baita erabakiak hartzeko ere. Halaber, erabakitakoa gauzatzeko leku gutxiago dauka. Horregatik da funtsezkoa aurretik begiratzea. Baloia oinetan duenean hasten bada begiratzen, aztertzen eta erabakitzen, aurkaria gainean izango du erabakia gauzatzerako. Eta horrela gertatzen dira gertatzen direnak. Eta horrela estutzen dira jokalariak. Eta horrela hartzen dituzte erabaki okerrak askotan.

Erakusten al da? Astebururo bospasei partida ikusten ditut. Profesionalenak eta bestelakoak. Helduenak eta haurrenak. Eta jokalari denei ikusten diet ez dutela begiratzen, salbuespenak salbuespen. Entrenatzaileon okerra da. Galanta. Erakusten dizkiegu, erakusten badizkiegu, baloia nola mugiarazi behar duten —paseak, kontrolak, baloia eramatea, jaurtitzeko moduak eta abar—, eta non eta nora mugitu behar duten —iskin egiteko erak, defentsako lanetan kokatzeko lekuak, presioa egitea, lerroak atzeratzea eta abar—. Baina begiratzen ez diegu erakusten. Eta oraintxe zehaztu ditudan gauza horiek denak hobeto egiteko ezinbesteko ikasgaia da begiratzen erakustearena.

Aranburuk begiratu zuen. Guztiak du salbuespena. Baita ez begiratzeko ohitura txarrak ere. Ikusi ditut sarritan Aranburuk Getafen sartu zituen bi golak. Eta ikusi dut bere bigarren golean nola begiratu zuen mugimendua gauzatu aurretik, baloia sare barrura mugiarazi baino askoz ere lehenago. Hona jokaldia: Llorente doa ezkerretik, erditik Aranburu, eta eskuinetik Xabi Prieto. Baloia Xabi Prietok zeukanean, Aranburuk ezkerrera begiratu zuen, Llorente zertan ari zen ikusteko. Llorentek, bikain, erdialdera jo zuen, bere lekuan zuloa utziz. Aranburuk zulo hori bete zuen, bigarren zutoin aldera joz. Hantxe jarri zion baloia Xabi Prietok, eta handik eman zion zartakoa Aranburuk. Jokaldi eredugarria, mugimendu paregabeak. Zer gertatuko zen Aranburuk ez balio begiratu Llorenteri? Ez zuen ikusiko Llorente erdialdera joan zela errematea bilatzera, eta bera ere, ziurrenik, leku berera joango litzateke helburu berarekin. Askotan ikusten ditut horrelako egoerak. Area barruan dauden bi jokalari leku berera joaten dira errematatzeko leku bila. Aurretik ez begiratzeagatik gertatzen da oker hori. Julio Cesarrek vini, vidi, vinci egin zuen: etorri, ikusi —begiratu eta gero— eta irabazi. Aranburuk ere irabazi egin zuen: begiratu, aztertu, erabaki eta egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.