TXIRRINDULARITZA. ESPAINIAKO VUELTA

Behar urre-gorria

Andoni Urbistondo.
DONOSTIA
2004ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Orain 10 urte Espainiako Vuelta irailera aldatu zenetik egoera bera errepikatu da: Txirrindulari egutegia bukatzear dela, txirrindularien giharrak hustu antzean daudela, korrituko da Vuelta. Lehiaketan baino gehiago, atsedenean, eta hurrengo urteko prestakuntzan dute burua askok, baina gutxi-asko, aurrera egin du Vueltak. Sarri parte-hartze herrenarekin izan bada ere, onartzeko moduko ikuskizuna eman du Vueltak, ia beti Espainiako txirrindularien eskutik izan bada ere.

-faboritoak: Batzuek denboraldi hasieran finkatutako helburuak bete ez dituztelako dute urrezko mailota lortzeko beharra: Roberto Heras, iazko garailea da horietako bat. Alexandr Vinokourov kazakhstandarra, beste bat. Tyler Hamilton ere zaku berean sar daiteke, Olinpiar Jokoetako erlojupekoa irabazi badu ere. Hirurek kale egin zuten Tourrean, eta Vueltan lortu nahi dute Frantzian lortu behar zutena. Alejandro Valverde espainiarra ez dago behar gorrian, ezta gutxiagorik ere. 14 garaipen lortu ditu aurten, eta Vuelta korritu gabe ere ondo merezita hartuko zuen atsedena. Vuelta ispilu ona da bere arrakastentzat, halere, eta iaz hirugarren sailkatu zela gogoan, estu-estu zaintzeko moduko karrerista da Kelmekoa. Joseba Beloki lazkaotarra ere ez dago beharrean. Egiten duena eginda ere, ontzat joko da bere lana, lasterketa lehen egunetan uzten ez badu, behintzat. Iazko Tourreko zorigaiztoa eta gero, Vuelta da bere lehen azterketa serioa, eta gehiegi exijitzea ere ez da ulergarria.

-zeresana eman dezaketenak eta euskaldunak: Zerrenda luzea da oso: Haimar Zubeldia, Samuel Sanchez, Baqueko Felix Cardenas eta Hernan Buenahora kolonbiarrak eta Peio Arreitunandia mutrikuarra, Illes Balearseko Francisco Mancebo. Denis Mentxov eta Unai Osa, Koldo Gil eta David Latasa nafarrak, Ag2r taldeko Mikel Astarloza eta Iñigo Chaurreau, Igor Astarloa, Juanma Garate eta Patxi Vila, Damiano Cunego, Stefano Garzelli, Alessandro Petacchi, Oscar Freire, Oscar Sevilla, Pecharroman, Garrido eta Horrillo, Alberto Martinez, Danilo Di Luca, Carlos Sastre, Martin Perdiguero, Cadel Evans, Pavel Tonkov, Stuart O'Grady...

-ibilbideko Lehen astea: Hiruetan errazena da. Gaur hasi eta Valentziako erlojupekoan bukatuko da. Etapa lauak, haizetsuak, dira nagusi. Gainean bukatzen den etapa bat dago, asteazkenean, Morellan bukatzen dena. Ez da erabakigarria izango. Valentziako erlojupekoak pisu handiagoa edukiko du azken emaitzan. 40 kilometro pasatxo ditu, erabat laua da, espezialistentzat ezin hobea. Ordokizaleentzat aukera bakarretakoa igotzaileak atzeratzeko.

-bigarren astea, erabakigarria: Sailkapen nagusia behin betiko finkatuta utz dezake. Astebetean korrituko diren zazpi etapetatik bost oso gogorrak dira, erabakigarriak ere bai tropelaren martxaren arabera. Aitana ez da aldapa gogorregia, baina gorabeheraz betetako etapa gogaikarria da. Xorret del Cati tenteagoa da, baina hiru kilometro ditu, soil-soilik. Erne Calar Alto behatoki astronomikoan bukatzen den etapan. Etapa bihurria da, laburra, baina 65 kilometro gorantz egiten dituena, 3.700 metroko desnibelarekin. Calar Alto 2.160 metrora dago, bihotz taupadak muturreraino behartzeko garaiera nahikoa. Ez dira hor bukatuko zailtasunak. Ejido eta Malaga arteko etapa lasaiaren ostean, Monachil horma igoko da Granadara bidean, Vueltako etapa erabakigarrienari ekin aurretik: Sierra Nevadako kronoigoera. Sierra Nevada, berez, ez da mendate gogorra, luzea baizik, baina igoera ez da ohiko errepide zabaletik egingo, bere osotasunean. Lehen erdian Purche mendatea igoko dute karreristek, errepide lakar, gaizto eta pikoa, eta konforme geratu ez denarentzat, beste 16 kilometro eski estazioraino. Diferentziak handiak izan daitezke etapa honetan. Iaz, Abantosko kronoigoeran horrela izan zen, eta aurtengoa askoz gogorragoa da.

-hirugarren astean eusteanahiko: Covatilla eta Navacerradara iristerako, indarrez justu antzean joango dira txirrindulariak, eta ahultasun horrek finkatuko du nagusia behin betiko, oilarren arteko borrokak baino gehiago. 28 kilometroko erlojupeko batekin bukatuko da Vuelta Madrilen, Espainiako hiriburuan. Azken eguneko erlojupekoak ez dira lehen edo bigarren astekoak bezain erabakigarriak izaten, eta aurten ere horrela izatea espero da. Sei ailegaera mendian, mendate asko, 68 kilometro banaka erlojupekoan, 27 taldekakoan eta 29ko kronoigoera bat. Orekatua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.