Nola aldatu den bizitza denboraldi batetik bestera. Euskal saskibaloiko kide pobreenak aberastu egin dira, eta dagoeneko ez daude behera begira, sailkapeneko zulora begira, sailkapen goialdera baizik. Biak daude zortzi onenen artean, baina gaurko derbiak, sasoiko lehenak, elite horretatik at utziko du bietako bat. Behin-behinean izan dadila. Pobreenak diogu, Fotis Katsikaris Bizkaia Bilbo Basketeko entrenatzailearen atariko hausnarketari erreparatuta, aintzat hartzeko moduko hitzak izan baititu ahotan: «Niretzat, oso garrantzitsua da hiru euskal talde goian egotea, han eta hemen jendea jabetzea, euskal saskibaloia ez dela bakarrik Baskonia, beste bi talde ere ari garela gero eta emaitza hobeak lortzeko borrokan serio. Biak gaude ACB ligako zortzi onenen artean, eta sei jardunaldi jokatu ostean, ez da kasualitatea. Merezi dugulako gaude hor».
Ez du arrazoirik falta Katsikarisek. Ez urrun, bi taldeek komeria franko pasatu zituzten jaitsieraren infernua atzean uzteko. Lagun Aro ez zen muga-mugan ibili joan den denboraldian, baina bizpahiru garaipeneko tartea baino ez zuen izan. Okerragoa izan zen bizkaitarren jarduna, lehen itzuli osoa jaitsiera postuetan egin baitzuten. Ona ez, ezin hobea da Lagun Aro eta Bilbo Basket Espainiako Ligako saskibaloiaren gailurrean egotea. Bilbotarren entrenatzailearen ustez, horrek «erakusten du Euskadin saskibaloi grina dagoela».
Illunben iragan gaizto horren oroitzapenak berriro bizi nahi ez dituzten talde eta zale talde bi elkartuko dira. 300 bat lagun etorriko dira Bilbotik eta Bizkaitik, eta Ilunbek azken jardunaldietan baino itxura politagoa erakustea espero da. Asko baitago jokoan. Lagun Arok etxean jokatu dituen hiru partidak irabazi ditu, maila txukuna emanda, eta, agian, faborito jo daiteke horregatik. Bilbo Basket, ordea, talde arriskutsua da. Bi garaipen daramatza errenkadan, aurretik beste bi galdu ostean, eta Donostiako garaipenak kemen handia emango lieke beltzekoei.
Dagoeneko ez dago ustekaberako tarterik. Sei jardunaldik asko erakusten dute, eta zaila da batak bestea ezustean harrapatzea. Defentsan ikaragarri hobetu du Lagun Arok sasoi honetan. 60 puntuko langa gainditzeko komeriak izan dituzte Cajasolek, Estudiantesek —59 puntu saskiratu zituen— eta Valladolidek. Ez da kasualitatea, estutu egiten du Donostiako taldeak. Ezta, ordea, arrakastarako bermea ere, Katsikaris Bilbon dagoenetik bizkaitarrek oso defentsa zorrotza egiten dutelako. Normalean 60-65 puntura jokatuko den partida izango da, eta biek neurria hartua diote kopuru horri.
Defentsan lehia ikusgarria, eta erasoan ere bai. Lagu Arok badaki erantzukizuna hartzeko gai diren lauzpabost jokalari dituela, eta bakarren batek kale egiten badu besteak hartuko duela ardura. Panko izan daiteke horietako bat, bere onenean ez badago ere, baina Pennsylvaniakoa lasai egon daiteke. Baron ederki ari da, Doblas, Miralles eta Tsikitixvili ere bai tarteka, eta Javi Salgado eta Uriz bikain moldatzen ari dira elkarrekin.
Aldaera gehiago ditu Bilbo Basketen erasoak. Azken bi partidetan Banic izan da saskiratzaile onena, baina Mumbruk, Vasileiadisek, Jacksonek, Warrenek eta beste askok eman dezakete kolpea mahai gainean. Beroa baita Blums, gidaritzan azeri zaharra Javi Rodriguez, eta oztopo handiak Hernandez-Sonseca, Mavroeidis eta Hervelle.
Begiratzen zaion alderditik begiratuta ere, oso buruz buruko interesgarriak ditu derbiak. Berezko kirol erakargarritasunaz gain, morboa daukanarekin hastea onena. Javi Salgado Bilbokoa ez den beste elastiko batekin ikusteak morboa duelako. Santutxukoak arrangurarik ez duela aitortu dio BERRIAri, baina bistan da bere agurra eragin, behartu edo lagundu zuenaren aurka, Katsikarisen aurka, partida handia egiten saiatuko dela. Salgadok harreman ona du Javi Rodriguezekin, baina Jacksonekin izango dituen buruz burukoak beroak espero dira.
Borroka postu guztietan
Postu guztietan egongo dira borroka ikusgarriak. Gai izango al dira Blums eta Vazquez Baronen klasea trabatzeko? Hernandez-Sonseca, Mavroeidis eta Hervelle ere hiru zezen bezalakoak dira, baina Doblas, Miralles eta Kone ere ez dira berehalakoan kikilduko. Adi Vasileiadis eta Tsikitixvilik 6,75 metroko marratik izango duten lehiari. Gorabeheratsuagoa da greziarraren jarduna, baina asmatzen hasten bada, edonor txiki dezake. Mumbruk Pankorekin izango duen pultsuak ere zeresan asko emateko proportzioa du.
Ezin ahaztu aulkietako bi agintarien betekizuna. Loreak bota dizkio Katsikarisek Lagun Arori: «Ni ez nau ustekabean harrapatu haren hasiera onak. Baron daukate, oso jokalari arriskutsua hiruko lerrotik, eta espazio asko sortzen du, eta saskipean ere kontuz, indar handia dute». Hitz goxoekin erantzun dio Pablo Lasok, Lagun Aroko entrenatzaileak: «Iaioak dira aurkariaren akatsei etekinak ateratzen: ematen diren baloiak, defentsako akats leloak, eta arlo horiek zaindu beharko ditugu bereziki». Katsikarisek garbi dauka Baron ito behar dutela gaur. Lasok ere badaki Banic dela gertutik eta zorrotz zaindu beharreko jokalaria.
LAGUN ARO-BILBO BASKET
Txapelketa. ACB ligako7. jardunaldia.
Lagun Aro Gipuzkoa Basket. Uriz, Salgado, Lasa, Baron, Sanchez, Lorbek, Panko, Tsikitixvili, Miralles, Doblas eta Kone.
Bizkaia Bilbo Basket. Warren, Javi Rodriguez, Jackson, Vazquez, Mavroeidis, Banic, Mumbru, Hernandez-Sonseca, Hervelle, Vasileaidis eta Blums.
Sailkapena. Lagun Aro zortzigarren da (4-2) eta Bilbo Basket laugarren (4-2).
Lekua. Donostia 2016 pabiloia (10.700 ikusle).
Ordua. 20:30 (ETB1).
Behera ez, gora begira daude biak
Denboraldiko euskal derbiak zortzi onenetatik kanpo utziko du bi taldeetako bat: Lagun Aro edo Bizkaia Bilbo BasketEtxean jokatutako hiru lehiak irabazi dituzte gipuzkoarrek, eta faboritoak dira gaur
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu