Euskal Herriko Itzulia. Laugarren etaparen kronika

Beheraka igotzen da Arratera

Samuel Sanchezek irabazi du itzuliko laugarren etapa, Arrate gainean, eta faboritoen artean ez da alderik izan

unai zubeldia
Eibar
2011ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Samuel Sanchez beheraka igotzen da Arratera. Euskaltel-Euskadiko espainiarrak beheraka hausten du beti. Hala egin zuen iaz, Euskal Herriko Itzulian, eta hala egin zuen atzo. Berotan itota zihoan. Taldekideei ere eman zien abisua Karabietan gora. Ez tiratzeko, lanik ez egiteko. Ez zegoela ondo-ondo. Baina Iban Belasko eta Iñaki Isasi, egurrean. Konfiantza deitzen zaio horri. Arraten gora jo zuen eguneroko erasoa Fabio Duartek (Geox); jo zuten erasoa Xavi Tondok (Movistar) eta Frank Schleckek (Leopard-Trek) ere. Lan egin zuen Rabobankek, eta saiatu zen Robert Gesink. Baina Arraten maldan behera irabazten da etapa. Odol hotzarekin, antzerki pixka batekin, hortzak estutu, eta berak bakarrik egiten dakien moduan sartu zen Sanchez azken bihurgunean. Arrateko azken bihurgunean lehen postuan sartzeak etapa irabaztea esan nahi du hamarretik bederatzitan. Eta hala gertatu zen atzo ere. Beste behin ere, handia egin zuen espainiarrak.

Eta lasaitu ederra hartuko zuen Igor Gonzalez de Galdeanok. Izan ere, ezkor zegoen atzo Euskaltel-Euskadiko zuzendaria; Samuel Sanchezek Euskal Herriko Itzulia irabazteko zeuzkan aukerekin ezkor. Etxera esku-hutsik joateko arriskua ikusten zuen. Ez etaparik eta ez podiumik. Larri samarra izango zen hori taldearentzat. Baina Euskaltel-Euskadin Samuel Sanchezek konpontzen ditu krisi txiki horiek. Denboraldi hasierako garaipen eskasia luzatzen ari zen, eta, etapa bat irabazteak zeukan garrantziaz jabetuta, Miguel Indurain Saria irabazi zuen joan den asteburuan. Euskal Herriko Itzulian ere oilartzen ari ziren, besteren artean, Andreas Kloeden, Chris Horner (RadioShack), Ryder Hesjedal (Garmin-Cervelo), Tondo eta Aleksandr Vinokurov (Astana). Baina Samuel Sanchez beti agertzen da horrelakoetan.

Euskaltel-Euskadik aurretik egindako lan onari Leopardek eman zion errematea Usartzako lehen maldara bidean. Baina, Duarte, Tondo eta Frank Schlecken erasoak salbu, epel samarra izan zen azken igoera hori. Biziegia zen erritmoa, ez zegoen gaitasunik erasorik jotzeko, eta aurrez aurreko haizeak ere kalte egin zion ikuskizunari. Hori bai, epeltasun horrek bero-bero utzi du sailkapen nagusia. Faboritoen artean ez luke zalapartarik egon beharko gaur, Zallara bidean. Eta, beraz, biharko erlojupekoak argituko du aurtengo itzuliko podiuma zein den. Joaquim Rodriguez (Katuxa) dago lider, baina Kloeden eta Horner dira liderrak; eta kontuz Hesjedal eta Vinokurovekin. Zail dauka Samuel Sanchezek, eta zail, era berean, Movistarreko laukoteak.

Hiru laguneko ihesaldi antzua

Aurretik, berriz, bezperan edonork aurreikus zezakeen ihesaldia eduki zuen etapak. Mads Christensen (Saxo Bank) eta Marco Bandiera (Quick Step) ez ziren agertu Amurrioko irteerara, eta 147 txirrindularik ekin zioten etapari. Eguneroko zalapartaren ondoren, 20. kilometroan hasi zen mamitzen ihesaldia. Hiru lagun joan ziren ihesean: Michael Albasini (High Road), Maxim Belkov (Vacansoleil) eta Julian Sanchez Pimienta (Caja Rural). Aurreko egunetan ez bezala, tropelak alde handia hartzen utzi zien. Horren erakusgarri, 75. kilometroan 12.20 minuturena zen aldea.

Ardura nork hartuko, azeri jokoa egon zen tropelean, eta Euskaltel-Euskadik hartu zuen azkenean ardura hori, Katuxaren laguntzarekin. Kanpazar gainean 10.40 minuturena zen aldea; Karabietan 7.12rena; Miñotan 6.54rena; Areition 5.25ena... Usartzako azken igoerari itxoin gabe, Ixuan gora lau txirrindularik sortu zuten sua, David Arroyok (Movistar), Giampaolo Carusok (Katuxa), Amets Txurrukak (Euskaltel-Euskadi) eta Tony Martinek (Highroad). Baina Katuxa eta Euskaltel-Euskadi mugitzearekin batera hasi zen tropeletik tiraka RadioShack, eta berehala utzi zuen ezerezean bi talde horiek lasterketa hankaz gora jartzeko egin zuten ahalegina.

Hori bai, mugimendu horrek aldea nabarmen jaitsiarazi zuen, eta Ixua gainean 3.10 minuturena izan zen Albasini, Belkov eta Sanchez Pimientaren aldea. Euskaltel-Euskadiren eta Leoparden lanari esker, Usartza igotzen hasterako geratu zen ezerezean ihesaldia. Kolpe soinuak entzuten ziren Leoparden erritmoan. Baina kolpetxo txiki batean geratu zen kontua. Goraka ez, beheraka irabazi behar delako Arraten gora. Samuel Sanchezek ondo dakien moduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.