Gola: 1-0: Adurizek (67. min.). Epailea: Del Cerro Grande. Txartel horiak: Athleticeko Herrerari, eta Granadako Iñigo Lopezi. Txartel gorriak: Athleticeko Susaetari, bi txartel hori ikusi ostean (80. min.). Bestelakoak: 38.000 ikusle inguru San Mamesen.
Athleticeko jokalariek jarria zioten izena Granadaren kontrako partidari: denboraldiko neurketa. Aurreko sasoian izen bereko hainbat norgehiagoka jokatu zituzten zuri-gorriek Europako Ligan eta Espainiako Kopan. Are gehiago, neurketa horietako bitan titulu bat izan zuten jokoan. Atzo, ordea, ez zegoen titulurik jokoan, baina bai sari potoloa, ez baitago Lehen Mailan jokatzea bezalako sari potoloagorik. Eta talde zuri-gorriak beste urtebetez onenekin lehiatzen jarraitzeko aurrerapausoa eman du, Granadari San Mamesen irabazita (1-0).
Sasoia ez da amaitu, bederatzi jardunaldi falta dira, baina Athleticek oso-oso gaizki egin beharko luke maila galtzeko. 11 punturen aldea du Celtarekiko. Vigoko (Galizia) taldeak jartzen dio zenbakia jaitsierari, infernuari, talde zuri-gorriak bere 115 urteetan inoiz bisitatu ez duen infernuari. Marka litzateke San Mames zaharrari agur esan eta berriari ongietorria emango zaion urtean gertatzea tamainako hondamena.
Zuri-gorrien zorionerako, zaila dirudi horrelakorik gertatzea. Datuek, behintzat, hori diote: egun jaitsiera postuetan dauden taldeek jardunaldiko puntu bat baino gehiago kendu beharko liokete Athletici. Gainera, azkeneko hamar denboraldietan batez beste 40 puntu inguru bildu behar izan dira mailari eusteko, eta badirudi sasoi honetan ere antzeko kopurua beharko dela. Beraz, falta diren bederatzi jardunaldietan bi partida irabazita ia-ia ziurtatuta luke maila talde zuri-gorriak. Hala ere, eta azken orduko estutasunak saiheste aldera, hobeto egingo luke sei puntu baino gehiago biltzen. Ez da asko eskatzea, jokoan 27 puntu egongo direla aintzat hartuta. Hori bai, ezin da ahaztu Athleticek egutegi gogorra duela: Real Madril, Bartzelona, Mallorca eta Levante jasoko ditu, eta Sevilla, Deportivo, Celta, Zaragoza eta Rayori egingo die bisita, tentsio handiko partidak guztiak.
Atzoko neurketak ere tentsioa izan zuen jokoaren gainetik. Marcelo Bielsak agindutakoa bete zuen, eta hiru erdiko atzelari zelairatu zituen: Gurpegi, Ekiza eta Laporte. Haien aurretik jarri zituen Iraola eta De Marcos, bakoitza hegal batean. Haien erdian aritu ziren San Jose eta Herrera. Apustuak, ordea, ezer gutxi hobetu zuen. Batetik, atzelariak urduri aritu ziren berriz ere, eta bestetik, aldaketak zelai erdian baloia izatea eragotzi zuen, batez ere lehen minutuetan. Hala ere, Athleticek izan zituen gol aukera onak. Ibai Gomezek izan zuen garbiena, hamabigarren minutuan, baina haren jaurtiketa zutoinera joan zen. Zutoinera ez, langara joan zen Nolitok hamar minutu geroago buruz egindako errematea. Bi aukera horiek beste horrenbeste jokaldi bakarturen ondorio izan ziren, ez Athleticek ez Granadak ez baitzuen aginte-makila.
Adurizen gol erabakigarria
Eta hala izan zen norgehiagoka osoan. Aldea, baina, eraginkortasunean egon zen. Athleticek asmatu egin zuen ate aurrean. Adurizek sartu zuen partidako gol bakarra 60. minutuan. Aurrelari donostiarrak zortzi partida zeramatzan golik sartu gabe. Atzo behin eta berriz saiatu zen, eta azkenean saria jaso zuen. Hamahirugarrena du ligan, guztiak erabakigarriak, taldeari puntu asko eman dizkiotenak. Atzo bezala.
Zortea Adurizek, eta zortea Athleticek. Izan ere, luzapenean Ighalo festa zapuztear izan zen. Zorionez, haren jaurtiketa zutoinera joan zen. Ordurako jokalari bat gutxiagorekin ari ziren zuri-gorriak, epaileak Susaetari bi txartel hori atera ondoren. Oraingoan ez zuen ondoriorik izan.
ATHLETIC 1. GRANADA 0
Behin betikoa dirudi
Athleticek Granadari irabazi dio, eta lasai har dezake arnasa, 11 puntuko zuloa ireki baitu jaitsierarekiko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu