Profanatu hitza gogorregia da, eta bekatari erabiltzea komenigarria da. Baskoniak Yad Eliyahun, Eliasen Eskua kantxa gaiztoan jokatuko du gaur, Maccabiren aurka. Saskibaloi kantxa huts bat baino askoz gehiago da egun Nokia Arena izena duen pabiloia. Juduen kirol santutegia da, israeldarren harrotasuna mundu zabalera hedatzeko gehien erabilitako bitartekoa, eta, hori hala den neurrian, handik bizirik irtetea, garaipena poltsikoan dela ihes egitea, zailetan zailena da.
Da, edo zen, Eliasen Eskuan bekatari izan diren talde eta jokalarien zerrenda handi samarra izan baita XXI. mendean. Maccabik hamazazpi partida eskas galdu ditu Eliasen Eskua kantxan Euroliga modernoa abian jarri zenetik -2001-2002 denboraldian-, eta bekatari horien artean gaiztoena, Baskonia bera. Arabarrek lau aldiz irabazi dute Tel Aviven, eta hango zaleek Baskoniari erakusten dioten gorrotoa garaipen kopuru horien araberakoa da: handia. Lietuvos Rytas eta Unicaja bitan izan dira garaile Israelen, eta behin baino ez Panathinaikos, Olympiakos, Real Madril, Partizan, Efes Pilsen, Zalgiris Kaunas, CSKA Mosku, Bennetton Treviso eta Skipper Bologna.
Azaleko errepaso batek erakusten du Baskoniak Israelen lortutako garaipen denek izan dutela epika kutsua. Elmer Bennetten eskutik lortu zuen lehenengoa, 2002ko martxoaren 16an, azken segundoan 77-78koa jarri zuen hirukoa saskiratuta. Urte hartan bertan, abenduan, bigarrenez nagusitu zen Baskonia, 69-72, Jose Manuel Calderon, Andres Nocioni eta Hano Mottolaren eskutik. Zozketek 2006-2007ko denboraldia arte banatu zituzten bi taldeen bideak. Sasoi hartan garai zailean zegoen Baskonia, Josean Kerejetak Velimir Perasovic kendu baitzuen kargutik biriketako angina batek jota. Jokalariek halako omenaldi txikia egin zioten Perasovici, eta 68-79 nagusitu zen Gasteizko taldea Tel Aviven Luis Scola, Tiago Splitter, Pablo Prigioni eta Igor Rakocevicen eskutik.
Azken bekatua joan den urtean egin zuten, abenduaren 10ean, hain zuzen ere. Lior Eliyahuk bereganatu zuen arreta guztia, etxera itzuli baitzen seme perfektua, baina Mirza Teletovic eta Carl English ez zeuden konforme egoera horrekin, eta protagonista bilakatzea erabaki zuten, ondoen egiten dakitena eginez: hirukoak saskiratu. Hamalau sartu zituzten bien artean, zortzi bosniarrak, eta beste sei Kanadakoak. 82-91 nagusitu zen Baskonia.
Erregulartasuna, helburu
Zein Baskonia ikusiko da gaur? Larunbatera arte, inork ez lukeapusturik egingo Baskoniaren alde. Hiru partida galdu ditu jarraian Euroligan, eta gaur-gaurkoz, argi ikusi da baliabide baino gabezia gehiago dituela. Joan zen larunbatean, ordea, Bartzelona ahaltsua hartu zuen mendean ACB ligan, modu epikoan, gainera. Taldea indartzen, sendotzen duten garaipen horietakoa lortu zuten Gasteizkoek, eta ikusteko dago kemen hori zenbateraino izanen den onuragarria gaur.
Esku asko behar baitira Eliasen Eskua profanatzeko, han garaile izateko. Bistan da, Mirza Teletovic, Fernando San Emeterio eta Stanko Baracen zenbaki onak derrigorrezkoak dira. Hiru horiek izaten ari dira zutabe sendoenak, eta horiek kale eginez gero hasiko da erortzen Ivanovicek eraiki nahi duen etxea. Marcelinho Huertasek, David Loganek eta Brad Olesonek ere gehiago laguntzen hasi behar dute, eta azkar, Marcus Haislipek sasoi puntu ona lortu bitarte Gabonak iritsiko direlako.
Urriaren hasieran jokatu zuten bi taldeek elkarren aurka Gasteizen, eta orduan hankapean ibili zuen Baskoniak Maccabi. 94-78 irabazi zuten arabarrek, baina 25 puntuko aldea ere izan zuen. Orduko Baskonia eta egungoa, ordea, arrunt ezberdinak dira. Eta zer esanik ez, orduko Maccabi eta gaurkoa. Baskoniak partida bat irabazi eta hiru galdu ditu geroztik Europan, eta Maccabi jokatutako guztietan nagusitu da. Lau garaipen daramatza errenkadan David Blattek zuzendutako taldeak, eta sasoiko dago.
Chuck Eidson hegalekoa eta Sofoklis Schortsianitis ari dira zenbaki onenak lortzen, baina Maccabik lan ona egiten duen jokalari sorta oparoa du. Doron Perkins, Lior Eliyahu, Guy Pnini, Jeremy Pargo eta Tal Burstein arriskutsuak dira, eta denak estu zaindu beste erremediorik ez du izango Baskoniak, arrakasta lortzeko. Ivanovicek partida garrantzitsua dela esan du, baina ez erabakigarria. Arrazoirik ez du falta, Israeldik 2-4 balantzearekin bueltatuta ere, arabarrek ligaxka 5-5 markarekin bukatzeko aukera izanen lukeelako, eta, horri esker, Top 16rako sailkapena ziurtatu. Baskoniak hiru partida jokatuko ditu etxean bigarren itzulian. Dena den, Israelgo garaipenak nabarmen leunduko lioke Top 16ko bidea Baskoniari.
MACCABI-BASKONIA
Lehiaketa. Euroligako lehen ligaxkako A multzoko zazpigarren jardunaldia.
Maccabi Tel Aviv. Lev, Pargo, Hendrix, Sharp, Blu, Eliyahu, Green, Pnini, Burstein, Kadir, Eidson, Perkins eta Schortsianitis.
Caja Laboral Baskonia. Logan, Huertas, Ribas, Oleson, San Emeterio, Teletovic, Bjelica, Haislip, Musli, Barac, Garcia eta Buesa.
Sailkapena. Maccabi lehena da A multzoan: 4-1 (+56); Baskonia laugarren da: 2-3 (+12).
Lekua. Eliasen Eskua edo Nokia Arena (6.000 ikusle).
Ordua. 20:45 (ETB1).
Multzoko beste partidak. Atzo, Asseco Prokom-Khimki (71-67); gaur, Partizan-Zalgiris (20:45).
Bekatariak dira
Baskoniak bigarren itzuli erosoagoa izanen luke gaur Eliasen Eskua kantxa gaiztoan Maccabiri irabaziz gero
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu