Bide luzea izan du Larra-Belaguako eski zentro horrek. Izan ere, lehenbiziko proiektuaren zati bat Larrako natur babesgunearen barnean zegoen, eta, hori zela eta, ezin zen inolaz ere egin. Hala, proiektuaren sustatzailea-Erronkaribarko Batzarra-alderdi politikoekin lanean aritu zen, eta, 2003. urteko abenduan, Larrako erreserbaren mugak murriztu zituzten, Nafarroako Naturguneen Legea aldatuz. Lege hori aldatzen zuten bigarren aldia zen. Lehenago, Itoizko urtegia legez kanpokoa izan ez zedin, aldatu behar izan zuten ere.
«Kontent gaude zentro honekin», erran du Agapito Bojek, Erronkaribarko Batzarreko lehendakariak. «Guk gehiago nahi genuen, baina azken proiektuari ere aldaketak egin zizkion Ingurumen Departamentuak. Eta, noski, hobe zen zentro hau lehenago etortzea. Baina ez zen etortzen Parlamentua aurka genuelako, eta araudia aldatu nahiz ez zutelako. Azkenean, aldatu zuten, zentroa etorri da, eta ongi dago».
HAURREI BEGIRA. Bojek uste du, orain, «gauzak behar bezala» emanen dituztela zentro berriarekin. «Lehen, hara igotzen ziren eskiatzaileak, eta han goian ez zegoen deus, ezta bainuak ere. Orain, zentro honekin hara igoko direnak eroso egonen dira. Kalitate turistikoa bilatzen dugu, Larrara etortzen diren guztiei elurraz gozatzeko azpiegitura egokiak eskaintzea. Horrekin, jende gehiago igotzea espero dugu, noski».
Azken urteetan, hein handi batean, haurrei esker bizi izan da eskiaren inguruko turismoa, Erronkarin. Urteak dira Otsagabiako (Zaraitzu) eta Izabako (Erronkari) udalek ipar eskiko eskola kanpaina abiatu zutela. 400 haurrekin hasi ziren. Negu honetako kanpaina 24.a izanen da, eta Nafarroako 124 ikastetxetako 4.966 haurrek hartuko dute parte, urtarriletik apirilera. Batzuk Abodira (Zaraitzu) joaten dira eskiatzera, eta bertze batzuk Belaguara (Erronkari). Batean zein bertzean, bortz egun ematen dituzte haurrek eskiatzen, eta horren truke 123 euro ordaintzen dituzte.
«Azpiegitura hau oso lotuta dago eskolen eski kanpainarekin», onartu du Bojek. «Zentro berri honekin, kanpaina horrek hobeki funtzionatuko du. Haurrendako erosotasun gehiago egonen dira honekin. Kanpainak asko ekarri du Erronkarira, neguari begira. Landetxetan-eta haurren mugimendu handia dago, eta diru asko uzten du horrek. Hori nabaritzen da».
Elurrak biziarazten du Erronkari. Baina «Aste Zuria» deitzen duten horretan, haurrak berdin-berdin eramaten dituzte Erronkarira, elurra egon edo ez. Elurra badago, eskiatzen ematen dituzte bortz egunak; eta, ez badago, bertze jarduera batzuk egiten dituzte.
KUDEAKETA SISTEMA. Ferial dermioko aterpea eta bortz pistak gaur zabaldu behar zituzten, baina «eguraldi txarra dela eta», ezin izan dituzte segurtasun neurri guztiak paratu. Nolanahi ere, aterpean langileak egonen dira, hara joaten direnak artatzeko, eta www.navarraski.com webgunean adieraziko dute noiz irekiko duten azpiegitura berria.
2006ko uztailean hasi zituzten eski zentroko aterpeak eta pistak egiteko lanak. Contiendako aterpea eta bortz pistak egiteko lanak orain eten dituzte, eta maiatzean abiatuko dituzte berriz. Hala, heldu den negurako espero dute eski zentro osoa egotea martxan.
Lan horiek guztiak egiteko, eta aterpeek zein pistek behar bezalako ekipamendua izan dezaten, 5,5 milioi euroko aurrekontua dute. Nafarroako Gobernuak jarri ditu, SPRIN enpresa publikoaren bidez.
Ferialeko eta Contiendako lurrak (1.268.800 metro koadro) komunalak ziren, hau da, Erronkaribarko Batzarrarenak. Baina izaera hori kendu zizkieten, eta SPRIN enpresari utzi dizkiote, hogei urtez. Lur horietan egiten ari diren eski zentroa kudeatzeko Roncalia izeneko enpresa sortu duteSPRINek eta Erronkaribarko Batzarrak. Roncalian, kapitalaren %1 bertzerik ez du Batzarrak. Eta Roncaliak enpresa multzo bat azpikontratatu du zentroa benetan kudeatzeko. Multzo horretan daude Hydra Gestion, Sedena eta Galan&Iza enpresak.
Agapito Bojek erran du Erronkaribarko Batzarrak Roncalia enpresaren bidez lortuko duela dirua. Lortzekotan. Izan ere, Bojek onartu du, lehen urteetan, «logikoena» dela «batere irabazirik ez» izatea. «Eski zentroa ongi finkatu arte, bederen».
FERIAL ETA CONTIENDA. Ferial-Zanpori deitzen duten dermioan, bortz eski pista egin dituzte; denera, 9,5 kilometro. Horietan 328 eskiatzaile batera aritzea onargarritzat jo dute (591 eskiatzaile egunean). Ferialgo aterpeak 600 metro koadroko oina du, eta, denera, 1.394,5 metro koadro eraiki dituzte (orain artekoak 50 metro koadro zituen). Sotoan, elurra kentzeko makinak sartu dituzte, eta aldagelak ere badira. Lehen solairuan daude ostatua eta jatetxea (ehun pertsonarendako tokia duena), bulegoak, eta eskiak alokatzeko tokia. Goiko solairuan langileendako aretoa dago, erabilera anitzeko gela eta sauna. Aterpearen ondoko aparkalekuak 169 autorendako tokia du.
Contiendak ere bortz eski pista izanen ditu; denera, 6,6 kilometro. Pistetan, une berean, 168 eskiatzaile egonen dira gehienez (302 eskiatzaile egunean). Aterpeak 150 metro koadroko oina izanen du, eta 293 metro koadro eraikita. Elurra zapaltzeko makina gordetzeko tokia izanen du, baita biltegia, ostatua, komunak eta kontrol gela ere. Aparkalekuak 70 autorendako tokia izanen du.
Eski denboraldian, egunero egonen da zentroa irekita, 08:00etatik 19:00etara. Pistak 09:00etatik 17:00etara egonen dira zabalik. Eskiak, botak, erraketak eta lerak alokatzeko zerbitzua egonen da, eta iraupen eskiko ikastaroak emateko asmoa dute. Helduek 9,5 euro ordaindu beharko dituzte, egun bateko sarreragatik; eta haurrek, 5,5 euro. Denboraldi osokobonuak 90 euro balio du.
«Larra-Belaguako zentroaren azpiegitura hau oso lotuta dago eskolen eski kanpainarekin»
agapito boj
erronkaribarko batzarreko lehendakaria
KronoLoGIa
1984. Iraupen eskiko eskola kanpaina abiatu zuten Otsagabiako (Zaraitzu) eta Izabako (Erronkari) udalek.1988. Ferialen bi pista egin zituzten, eta bertze bat Belaguako aterpearen ondoan.
2000. Ferialen 50 metro koadroko egurrezko aterpea egin zuten, orain arte erabili izan dutena.
2001. Erronkaribarko Batzarrak bultzatuta, Ferial-Zanpori eta Contienda dermioetan ipar eskiko zentro bat egiteko hasierako estudioa egin zuten.
2003. Otsailean, eski zentroaren lehen proiektua egin zuten. Eta, abenduan, Parlamentuak Nafarroako Naturguneen Legea aldatu zuen, Larrako natur erreserbaren mugak txikituta, zentroa egin ahal izateko.
2004. Proiektua jendaurrean erakutsi zuten, eta zenbait alegazio direla medio, zenbait pistaren nondik norakoak aldatu behar izan zituzten.
2005. Urrian idatzi zuten orain gauzatu duten proiektua.
2006. Nafarroako Gobernuak eta Erronkaribarko Batzarrak eski zentroa egiteko hitzarmena sinatu zuten. Lanak uztailean hasi zituzten, eta neguan eten.
2007. Lanak maiatzean abiatu zituzten berriz. Urrian, Erronkaribarko Batzarrak 1.286.800 metro koadroko lurrak utzi zizkion SPRIN enpresa publikoari, hogei urtez. Ferialgo aterpea eta bortz pistak abenduaren 21ean ireki behar zituzten. Contiendako aterpea eta bortz pistak, 2008ko neguan.
Etxeak
egingo diren susmoaErronkarin baziren aterpeak, eta pistak hobetzea eta moldatzea nahikoa zela uste dute oraingo zentroaren kontrakoek, berririk egin gabe
asier azpilikueta
Iruñea
2003. urtean, Larra-Belaguako eski zentroa egiteko lehen proiektua aurkeztu zutelarik, Larra-Belagua izeneko elkartea sortu zuten Erronkariko zenbait bizilagunek, zentro berriaren «gehiegikeriak» gertutik salatzeko asmoz. Izan ere, Larra-Belaguaren ustez, ez zen beharrezkoa halako zentro bat sortzea. «Dagoeneko zeuden pistak eta aterpeak hobetzea eta baliatzea nahikoa zen Erronkarira eskiatzera joaten direnak behar bezala artatzeko».
2003. urte hura bukatzen ari zelarik, Nafarroako Naturguneen Legea aldatu zuen Parlamentuak. Legea aldatu baino lehen, Contiendako pistak Larrako natur erreserban sartzen ziren. Legea aldatuta, babesgunetik kanpo gelditu dira pista horiek. «Ingurumen eraginei buruzko azterketak nahierara egin dituzte», salatu du Larra-Belagua elkarteko kide Diego Buenok. «Eta, gure ustez, espezieak babesteko Europako araudi guztiak urratu dituzte».
Gurelur talde ekologistak 2006an aurkezturiko alegazioetan adierazi zuenez, Europako Batasunarendako interesa duten lekuetan -eta halakoa da Larra- ezin dira egin habitatei eta lehentasunezko espeziei eragiten dizkieten proiektuak. «Larran hainbat habitatari eragiten zaie, eta lehentasunezko espezie bati: hartzari». Gurelurren ustez, ez dute behar bezala aztertu hartzak inguru hori nola erabiltzen duen.
Hartzari ez ezik, ekosistema horretan bizi diren bertze hainbat hegaztiri ere eragiten die zentroak: arrano beltza, ugatza, Tengmal hontza, arrano sugezalea, belatz handia, putre arrea, putre zuria, basoilarra, eper zuria, eper grisa, okil gibelnabarra, zata, belatxinga mokogorria, eta antzandobi arrunta. Horietako batzuk galtzeko arriskuan daude. Gurelurrek dioenez, basoilarrak, adibidez, «suntsitu nahi duten inguruan berean du aterperik handiena».
AZPIEGITURAK BAZIREN. Diego Buenok argi utzi nahi du Larra-Belagua elkartea ez dagoela inguru horretan konponketak egitearen kontra. «Guk erraten dugu proiektua gehiegi dela. Egun, joaten den jende kopurua kontuan hartuta, ez zen beharrezkoa Contiendan sartzea, ezta Ferialen halako aterpe handia egitea ere».
Eski zentroa bideragarria izan zedin, urtean 30.000 eskiatzaile jasotzea beharrezkotzat jo zuten proiektuaren sustatzaileek. Buenok dio, egun 5.000 eskiatzaile joaten direla, gehienez. «Haurrei zerbitzu ona eman nahi bazieten, nahikoa zen zegoena moldatzea, halako makroproiektua egin gabe, eta Larrako babesgunean sartu gabe. Ez dute merkatu estudiorik egin, eta proiektua justifikatu digute iraupen eskiko eskola kanpainak zituen gabeziekin. Baina haurrek ez dituzte Contiendako pista horiek guztiak behar, ezta bi aterpe horiek ere».
Nahi izanez gero, azpiegiturak baziren. Angel Oloron aterpea gertu dago, eta Erronkaribarko Batzarraren eskuetan dago. Gertu ere militarren aterpea, Espainiako Defentsa Ministerioaren ustez interes militarrik ez duena, eta Batzarrak nahi duenean bere esku har dezakeena. Eski pistei dagokienez, Bortuzko, Ezkilzarra eta Bagomalta dermioetan badira, baina utzita dituzte.
«Ferialgo aterpeari buruz erran digute ingurumenari buruzko praktika onen lehiaketa batera eramanen balute, irabaziko lukeela», azaldu du Buenok. «Baina praktikarik onena, iraunkorrena, deus ez egitea da, edo jada zegoena aprobetxatzea».
Zentroa kudeatzeko, enpresa multzo bat azpikontratatu dute. «Enpresa horiek lasai daude», dio Buenok. «Jakin, baitakite SPRIN enpresa publikoak estaliko dituela egonen diren galerak». Hori ikusita, Buenok dio susmoa dutela ez ote den hau guztia bertze zerbaiten hasiera izanen. «Noiz arte onartuko du gizarteak SPRINek diru publikoa sartzea galerak estaltzeko? Hala, urteren batean, erranen digute hala ezin dutela segitu, eta bertze zerbait egin behar dutela irabaziak izateko; etxe multzo bat, edo hotel bat. Belaguako azken argazkia oraindik ez dugula ikusi pentsatzen dugu».
«Inoiz erranen digute ezin dela dirua galtzen segitu eta bertze zerbait egin behar dutela irabaziak izateko»
diego bueno
larra-belagua elkarteko kidea