«Belauna behartu nuen udan, selekzioarekin, eta orain etorri zait buelta»

Taldean sartu nahi, eta ezin. Joan den sasoiko jokalaririk onenak minduta dauka belauna, baina taldean laster sartzea espero du: «hurrengo astean». Osatuago, orekatuago ikusten du taldea.

Andoni Urbistondo.
2010eko urriaren 2a
00:00
Entzun
Ostegun arratsaldeko lan saioa bukatu, eta etxeko epelean dago Axel Hervelle (Lieja, Belgika, 1983). Ez da Manresara joango taldekideekin. Belauna minduta dauka, eta gauzak ondo, hurrengo astera arte zain egon beharko du taldearen dinamikan sartzeko. Gogorra egiten ari zaio, eta lesioagatik larritu dela onartu du.

Zein da gaur-gaurko zure osasun egoera?

Belaunean daukat arazoa. Tendinitisa daukat aspaldi, eta aste batzuk badira tratamendu berezi bat egiten ari garela, lesioa sendatzeko. Emaitzak, baina, ez dira nik nahi bezain azkarrak izaten ari, eta arduratuta nago horregatik. Hamar egun atzera, jokatzeko moduan egongo nintzela uste nuen, baina ez zen hala izan, eta orain pazientzia pixka bat eduki beharko dut.

Lesioa aspaldi sortu zela esan duzu. Zer gertatzen da, zehatz-mehatz?

Udan lesioa behartu nuen, selekzioarekin jokatzeko, eta zurda mindu nuen. Orain etorri zait buelta. Entrenatzailea eta fisioak lanean ari dira beltz, ea lehenbailehen osatzen naizen.

Ezin da epe jakin bat zehaztu.

Ez, lesioaren bilakaera ikusita, ez. Niregatik balitz, Manresara joan eta partida jokatuko nuke, baina hobe da pazientzia pixka bat edukitzea eta ondo osatzea, bestela, okerrera egin dezake. Hurrengo astean aztertuko didate belauna berriro; ea bigarren partida jokatzeko moduan nagoen.

Taldeak, behintzat, ez du zure hutsunea nabaritu denboraldi-aurrean.

Ez, eta poztekoa da. Martin Rancik lan ona egiten ari da. Nire parte-hartzerik gabe taldea ondo ari da, eta horrek erakusten du inor ez dela funtsezkoa, taldeak alternatiba asko dituela.

Gogorra egiten ari al zaizu jokatu ezinda egotea?

Bai, oso gogorra. Kontuan eduki ni jokatzeko helburuarekin etorri nintzela Madrildik Bilbora. Madrilen ez nuen jokatzen zigortuta nengoelako,baina hemen ez dut jokatzen mina daukadalako, eta ez da egoera erraza niretzat. Jokoa da nire arnasa, gozatu egiten dut kantxan, beste inon baino gehiago, eta hori gabe, sufritzen ari naiz.

Egunero entrenatzen zara, eta ondo ezagutzen duzu taldea. Zein iritzi duzu?

Joan den denboraldikoa baino askoz orekatuagoa dela uste dut. Bai saskipean, bai kanpoko lerroan, jokalari gehiago eta hobeak ditugu, eta horrek partida guztian erritmo biziari eusteko aukera emango digu. Bizitasuna funtsezkoa da ACB ligaren moduko lehiaketa gogor batean, eta alde horretatik talde hobea gara.

Nabarmentzeko modukoa da saskipeko indarra: Banic, Mavroeidis, Hernandez-Sonseca eta zu zeu.

Laukote ona da, bai, baina beste alor batzuetan daukagun indarra ere nabarmendu nahi nuke. Talde gutxik dute Warren eta Mumbruren moduko bi hegaleko garai. Blums eta Vasileiadis ere oso jokalari arriskutsuak dira hiruko lerrotik, eta Jacksonek ere bizitasun handia emango dio taldeari. Javi eta ni osatzen garenean talde polita geratuko da [Javi Rodriguez joko antolatzailea].

Bilbon geratu eta kontratua hiru urterako berritzea erabaki zenuen, besteak beste, taldeak Europan jokatuko zuelako. Zoritxarrez, aukera hori bertan behera geratu da. Nola hartu duzu?

Kolpe gogorra izan da, bai niretzat, baita taldea eta hiriarentzat ere. Hilabete batzuk bakarrik daramatzat hemen, baina Bilbok beharrezkoa den guztia dauka talde bat Europan edukitzeko: talde ona, hiri handia, erakunde eta zaleen babesa, 8.500 lagun sartzen diren pabiloia... Ez da nahikoa izan, nonbait, baina ez diogu buelta gehiago eman behar. Taldeak bere esku zegoen guztia egin du, baina emaitzarik lortu gabe, eta ez dago besterik. Ezin dugu gehiago egin, ez klubak, ez jokalariok, eta lehenbailehen Europara bueltatzea da erronka, kantxan irabaztea eskubide hori.

Zein ondorio izan ditzake astero partida bakarra jokatzeak? Lan karga nabarmen murriztuko da.

Oraindik ez dakit zein ondorio izango dituen. 19 urte ditudanetik astero bi partida jokatu ditut, horretara ohituta daukat gorputza, eta orain, bat-batean, partida bakarra jokatzea... Bidaietan denbora asko galtzen da, hori egia da, eta badira asteak non entrenamenduak eskasak diren. Nahi beste denbora izango dugu orain, eta pentsa dezagun modu baikorrean. Denbora gehiago dugu, gure jokoa hobea izango da lan saio kopurua handiagoa izango delako.

Azterketa erraza da kanpotik. Partida bakarra astean, zortzi onenen artean sartzea errazagoa da.

Bai, hori pentsatzea zilegi da. Kontua, ordea, Europan jokatzen duten beste taldeak gurea bezain talde ona edo hobea dutela da, eta haiek ohituta daude astean bi partida jokatzera. Zortzi talde onenen multzoan sartzeko zailtasuna antzekoa izango da, Europan jokatu edo ez.

Manresan lehenengoa, eta Valentzia eta Real Madril etxean ondoren. Komeni da Katalunia aldean irabaztea, ezta?

Manresan, eta plaza guztietan. Elitean egon nahi badugu, etxeko partidak irabaztea funtsezkoa da, baita ustez gu baino apalagoak diren taldeen aurka irabaztea Bilbotik urrun ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.