Datua argigarria da: 2002. urtetik lehen aldiz ez Olaizola II.a ezta Martinez de Irujo ere ez dira aurten egongo buruz buruko pilota txapelketako finalerdietan. 36 eta 31 urte dituzte, hurrenez hurren, eta pasa den astebukaerako emaitzetatik ondorioztatu daiteke frontoietara beste belaunaldi aldaketa iritsi dela. Oinatz Bengoetxea izango da 31 urterekin pilotari beteranoena (abuztuan egingo ditu 32), eta zerrenda horretan Mikel Urrutikoetxea du ondoren, 26 urterekin (maiatzean, 27). Ezustekoa, baina, Iker Irribarriak eta Jokin Altunak eman dute aurte. Azken horrek martxoan bete zituen 20 urte, eta 19 urterekin Irribarria filanerdietara inoiz sailkatu den pilotari gazteena da (uztailean egingo ditu 20). Finalerdietan ariko diren lau pilotarien artean, 96 urte batzen dituzte. Bataz bestekoa, 24 urtekoa da.
Azken sailkatua Urrutikoetxea izan da. Igandean 11-17 galtzen zihoala irauli zuen partida, eta 22-19 irabazi zuen Bizkaia frontoian, Bilbon. 10nako berdinketaren ostean, Ezkurdia aurretik jarri zen baina 9-10ekoarekin zauri bat egin zuen arbizuarrak begian, eta 14-18koarekin horkatila bihurritu zuen. Gauzak horrela, zaratamarrak 11-2ko partzial bat eginez irabazi zuen partida. 2005etik 2014ra Irujo eta Olaizola izan dira jaun eta jabe buruz buruko txapelketan (2008ko eta 2011ko txapelketak salbuetsita; hurrenez hurren, Bengoetxea IVak eta Xalak irabazi zituzten), baina jada iaz Urrutikoetxeak irabazi zion txapela Olaizolari, 25 urterekin, finala Bengoetxearen ordez jokatuz (min hartuta zegoen leitzarra).
Urrutikoetxearen atzetik, baina, indartsu datoz gazteagoak ate joka: Irribarria eta Altuna. Larunbatean islatu zen argi belaunaldi aldaketa Iruñeko Labriten. Olaizola II.ak berak aitortu zuen moduan, gainetik pasa zitzaion Irribarria. Finalerdietan laukoteko gazteena eta zaharrena ariko dira nor baino nor. Oraindik erabaki gabe dago non ariko diren, baina Urrutikoetxearen finalerdia Bilbon jartzen badute enpresek, etxean, litekeena da Irribarria eta Bengoetxearen artekoa Donostian jokatzea.
Aipatzekoa baita finalerdi hauetan aspaldiko partez bi gipuzkoar ariko direla finalaerditan, bi gazteenak hain zuzen. Azken aldiz, 1999an sailkatu zen gipuzkoar bat finalerdiak jokatzeko: Aitor Elkoro, Asperen txapelketan (horrek eta Asegarcek txapelketa bana antolatu zuten). Azken txapeldun gipuzkoarra, berriz, Joxean Tolosa izan zen (Altuna bezala, amezketarra hori ere), 1989an Retegi II.ari irabazita).
Finalerdietan ariko diren pilotariak:
Iker Irribarria Olazabal, 19 urte (Arama, Gipuzkoa; jaioteguna: 1996ko uztailaren 4a).
Jokin Altuna Altuna, Altuna III.a, 20 urte (Amezketa, Gipuzkoa; jaioteguna: 1996ko martxoaren 27a).
Mikel Urrutikoetxea Azkueta, 26 urte (Zaratamo, Bizkaia; jaioteguna: 1989ko maiatzaren 24a).
Oinatz Bengoetxea Berasategi, Bengoetxea IV.a, 31 urte, (Leitza, Nafarroa; jaioteguna: 1984ko abuztuaren 28a).