Remonte 2000 enpresak bere azken urtean erremontista beterano askoren kontratuak ez berritzea erabaki zuen, eta ondare horrekin Oriamendik gazte gehiagori ireki die atea. Binakakoko berritasun handiena Gorka Urtasun da, 24 urteko pilotari afizionatu ohia, eta 23 urteko Julen San Miguelekin osatuko du bikotea. «Bikoteak kirol irizpideetan oinarrituta egin ditugu, pilotarien sasoia neurtuz, eta enpresak Urtasunen azken urteko bilakaera saritu nahi izan du», esan zuen Kike Elizalde Oriamendiko administratzaileak, atzoko aurkezpenean.
Binakako txapelketak Azysa eraikuntza enpresaren babesa izango du, eta larunbatean hasiko da, sailkatze ligaxkako lehen partidarekin. Sei bikotek hartuko dute parte, ligaxka bidez garatuko diren bi multzotan bananduta. Txapelketa A multzoko partida batekin hasiko da, eta Ezkurra-Olazar osaba-ilobek Juaristi-Lizasoren aurka jokatuko dute. Multzoko hirugarren bikotea Urtasun-San Miguel izango da. B multzoan, berriz, Zeberio II.a-Ion, Urriza-Etxeberria III.a eta Uterga-Urrutia elkartuko dira. Lehen faseak azaroaren 27ra arte iraungo du, eta partida guztiak Galarretan jokatuko dituzte.
Aire bero kanoiak
Multzo bakoitzeko lehen bi sailkatuak igaroko dira finalerdietako kanporaketetara, eta aurrera egiteko bi partida irabazi beharko dituzte. Oriamendiren asmoa lehen bi finalerdiak Uharteko Euskalen jokatzea da -azaroaren 29an eta abenduaren 3an-, eta ordura arte ez da jaialdirik izango bertan. Enpresak arazo larria du, pilotalekuko berogailua matxuratu egin da eta konpontzeak «ahalegin ekonomiko handia» behar du. Egun, pilotalekua berotzeko gailu ezberdinak aztertzen ari dira (aire bero kanoiak, berogailu txikiak...), eta horren arabera antolatuko dituzte jaialdiak. «Ez gaude Euskalen jaialdiak edozein modutan emateko prest», adierazi zuen atzo Francis Sistiaga Oriamendiko kudeatzaileak. Finalerdietako itzulerakoak abenduaren 9an eta 11n jokatuko dira, Galarretan, eta finala, 18an. Kitarakorik beharko balitz, tartean jokatuko litzateke.
Iragan urtean lesioek txapelketa aztoratu zuten, eta aurten ere agertu dira; besteak beste, Imanol Badiolak, iazko txapeldunetako batek, ezingo du parte hartu, bizkarreko mina baitu. Gero, txapelketan lesioak baleude, enpresak kasuaren arabera erabakiko du zein den konponbidea. «Maila bereko ordezko bat badago, partidak jokatuko dira, bestela ez. Esaterako, Urrutiak min hartzen badu, litekeena da bikoteak partida gehiago ez jokatzea», aitortu zuen zintzo Elizaldek. Era berean, administratzaileak zehaztu zuenez, min harturikorik egotekotan, Matxin III.a eta Agirrezabala lirateke ordezko naturalak. Biek ere 30 urtetik behera dituzte.
Azysa txapelketa
LEHEN FASEAAzaroak 13. A multzoa: Ezkurra-Olazar / Juaristi-Lizaso.
Azaroak 16. B multzoa: Zeberio-Ion / Urriza-Etxeberria III.a.
Azaroak 18. B multzoa: Uterga-Urrutia / 16ko galtzaileak.
Azaroak 20. A multzoa: Urtasun-S. Miguel / 13ko galtzaileak.
Azaroak 23. A multzoa: Urtasun-S. Miguel / 13ko irabazleak.
Azaroak 27. B multzoa: Uterga-Urrutia / 16ko irabazleak.
FINALERDIAK ETA FINALA
Finalerdiak, joanekoak. Azaroaren 29an eta abenduaren 3an, Euskal Jai Berrin.
Finalerdiak, itzulikoak. Abenduaren 9an eta 11n, Galarretan.
Finala. Abenduaren 18an, Galarretan.