Roso Buch. Lointek Gernikako jokalaria

«Beldurrik gabe jokatu behar dugu»

Ligako finalerdietako lehen partida du gaur Lointek Gernikak Perfumerias Avenidaren aurka, Malosten (20:00). Talde indartsuena izan arren, Buchek ezustearen alde egin du.

MARIA MENTXAKA / LOINTEK GERNIKA BIZKAIA.
Aitor Manterola Garate.
2021eko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Roso Buchek (Mataro, Katalunia, 1992) badaki zer den Perfumerias Avenidari irabaztea: «Bembibrerekin lortu genuen, eta Gironarekin ere bai». Kataluniako taldearekin Kopa, Liga eta Superkopa irabazi zituen. Gaurtik, Lointek Gernikarekin egin nahi du balentria: Salamancako taldea menderatu eta ligako finalean sartu.

Aurreneko aldiz ariko da Gernika ligako finalerdietan. Giro berezia dago klubean?

Bai. Finalerdietara sartzeko kanporaketa irauli egin behar izan genuen Malosten Estudiantesen aurka, joanekoan galdu egin genuelako, eta horrek ere eman zion berezitasuna sailkatzeari. Mariok [Lopez, entrenatzailea] esan zigun historia egin genuela, eta denok batera ospatu genuen, zuzendaritzakoekin. Helburua zen hona heltzea, eta lortu dugu. Orain irabazi egin dugu presiorik gabe jokatzeko eta amets egiteko aukera, finalerdietan.

Perfumerias Avenida [Buchek Salamanca deitzen dio] talde handienetako bat da, handiena ez bada. Aurkari zailena finalerdietarako.

Bai, baina denboraldi guztian goiko aldean egon gara, eta talde handien aurka partida onak ere egin ditugu. Zergatik ez dugu ba ezustea emango!

Hamabost bat egun daramatzazue jokatu gabe, eta partida asko segidan jokatu eta gero, ez zaizue gaizki etorri, ezta?

Horrela da, baina arraroa da hainbeste denbora partidak jokatu gabe egotea, bakarrik entrenamenduak egiten. Izan ere, ohituta geunden partidak bata bestearen atzetik jokatzera. Baina oso nekatuta geunden, egia esan, eta gaizki ez zaigu etorri geratzea.

Zer landu duzue aldi honetan?

Lehendabiziko egunetan ezer ez, jai eman zigulako Mariok lau bat egunez. Gero, jokatzeko dinamika hartzeko lanean ibili ginen, eta, jakina, Salamancari nola aurre egin ere jorratu dugu. Baina ez dizut esango zer egin dugun, sekretua da-eta [barrezka].

Aurkariak, berriz, Euroligako finala jokatu berri du asteburuan. Lehiaketako erritmoarekin etorriko da.

Berez haien aldekoa da hori, denbora asko jokatu gabe egin eta gero, kosta egiten delako berriz hastea. Baina, beste alde batetik, bi partida handi jokatu dituzte [Euroligako finalerdia eta finala], eta Istanbulerainoko bidaia tarteko, baliteke ere nekatuta etortzea. Gure etxean lehen partida jokatzea gure aldekoa izan daiteke, haien nekea guk baliatzeko.

Nola geratzen da Salamancaren jokoa, geratzerik badago?

Talentu handiko jokalariak dira, eta berezkoa duten hori atera egingo dute, guk egiten duguna egiten dugula. Lehenik eta behin, beldurrik gabe jokatu behar zaie. Gure taldeko bakoitzak eman behar dugu onena partida irabazi. ahal izateko. Haiei dagokienez, badakigu defentsan presio handia egiten dutela, gero kontraerasoan ateratzeko, eta saiatu egin behar dugu horrela joka ez dezaten. Uste dut hobeto moldatuko garela bost bosten kontrako egoeretan, eta baloirik ez galtzea garrantzitsua izango da, pistatik atera ez gaitzaten.

Hortaz, ohi baino makalago jokatu behar duzue?

Ez, gure erritmoa bizia delako, gustatzen zaigu lasterka egitea, eta egingo dugu. Opariak ez egitea izan behar du gure helburua. Galarazi egin behar diegu partzial handiak sartzea, gero zaila delako beren aldeko emaitzari buelta ematea.

Irabaz dezakezuela sinetsita jokatu beharko duzue.

Mentalitate egokiarekin jokatuko dugu. Gure taldearen berezko ezaugarria da dena ematea. Horrelako partida handietan beti ateratzen gara irabaz dezakegula sinetsita. Eta bihar ere horixe egin behar dugu.

Zuen indar horri ezin zaleena gehitu, pandemiagatik. Ikuslerik gabe jokatu beharra ere ligako finalerdia...

Pena handia dugu, bai. Denboraldi osoan askotan oroitu gara zaleekin. Aurkari moduan etorri izan naizenean Malostera, sumatu izan dut zaleen presioa. Uste dut oraingo honetan harmailetan baleude aukera gehiago izango genituela Salamancari irabazteko. Ikusi dugu talde handien aurka Malosten zer gertatu zaigun sasoi honetan, eta sentipen hori izan dugu taldean: zaleak egon izan balira irabazi egingo genituela partida horiek. Baina egoera den bezalakoa da, eta ezin dugu denbora galdu horretan pentsatzen.

Zer esaten dizute zaleek kalean?

Penaz direla gu animatzera etorri ezin direlako. Ea datorren denboraldian itzultzeko moduan diren Malostera. Bestelakoan, kalean-eta animoak ematen ari zaizkigu, erosketak egiten ari garenean, esate baterako. «Zorte on, neskak!», askotan esaten digute.

Ligan, Salamancak lehen postuan bukatu zuen, eta zuek, berriz, laugarren. Baina haiek partida bakarra galdu zuten, eta zuek, hamabi. Diruak eragiten du hainbesteko aldea?

Haien aurrekontua eta gurea alderatzen hasten bagara, begi bistakoa eta agerikoa da alde handia dagoela. Baina beste kontu bat ere badago: guk galdu egiten ditugu partida batzuk galdu behar ez genituenak. Ez gara erregularrak izan batzuetan. Dena dela, partida horiek irabazita ere, aldea aterako ziguten, ez pentsa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.