Munduko Kopa

Belgikak ondo konplitu du (3-0)

Bigarren zatian pixka bat estutu, eta earazorik gabe irabazi dio Panamari distira gutxiko partida batean

Romelu Lukako Blgikako aurrelaria goletako bat ospatzen. SEBASTIAO MOREIRA / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2018ko ekainaren 18a
08:19
Entzun 00:00:00 00:00:00

Belgika Munduko Kopan ezustekoa emateko hautagaia, kalitate handiko jokalariak baititu, baina Munduko Kopako lehen partidan ez du eman berarengandik espero denik. Eroso irabazi dio Panamari, arazorik gabe, baina ez du distirarik egin. Bigarren zatian kalitate tanta batzuk askatzea nahikoa izan du aurkariek area barruan eraikitako harresia botatzeko.

Belgikak G multzoko lehen postuan bukatuko du jardunaldia. Panamaren aurkako emaitza, baina, engainagarria da, aurkaria Munduko Kopako taldea ahulenetakoa baita, eta Belgikaren golak kalitatearen fruitu izan dira joko onarena baino gehiago. Horren eredu lehen zati osoa. Panamak, bere lehen Munduko Kopan, atzean sartuta itxaron dio Belgikari, baina bi taldeen arteko maila teknikoa ikusita logikoa zen. Belgika saiatu da zirrikituren bat aurkitzen, baina ez du lortu. Lerro arteko jokorik gabe, buruz buruko jokaldi eta erdiraketekin saiatu da bakarrik, eta horrela zaila da gola sartzea. Atera jaurti duenean, gainera, Penedo atezainak geldiketa onak egin ditu.

Belgikak hobeto ekin dio bigarren zatiari, edo gutxienez, zorte eta zehaztasun handiagoa izan du. 47. minutuan Mertensek aldaratze bat ehizatu du area ertzean, eta gol ikusgarria sartu du. Boleaz bidali du atera, ia angelurik gabe. Gol horrek aldatu du partida, hortik aurrera Belgikak are lasaiago jokatu ahal izan duelako.

Horren ondoren iritsi dira Panamaren unerik onena, eta Murillok huts egindako Panamaren gol aukera garbiena (53. min.). Halere, Panamak ezustekoa ematea ezinezkoa zirudien, eta Belgikak punteria hobetu du. Lukakuk bi gol sartu ditu sei minututan (69. min. eta 75. min.), biak ezberdinak gainera. Aurrenekoa buruz, De Bruynen erdiraketa neurtua baliatuz, eta bigarrena kontraeraso bizi batean.       

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.