Etapa mugitua izan da gaurkoa. Goiz-goizetik ihesaldiak izan dira, baina ez da ez behar bezala bukatu, ez behintzat Joseba Belokirentzat. Aitor Garmendia itsasondoarra etaparen buruan ibili da etaparen erdian, eta Izoardeko gaina bakar-bakarrik igarotzea lortu du. Hala ere, berarekin ihesean ibili direnek harrapatu egin dute. Talde horretatik ausartenak Kelme taldeko Ivan Parra eta Once-Eroski taldeko Jasgche izan dira. Bi txirrindulariek aurrera jo dute, baina faboritoen taldetik Alexander Vinokourov atera da, eta ihes eginda zihoazten biak harrapatu ondoren, bakarrik igaro azken mendatetik.
Faboritoen taldean ere mugitzen hasi dira. Han ziren Joseba Beloki, Lance Armstrong, Iban Mayo, Haimar Zubeldia, Tyler Hamilton eta beste bost karrerista. Rocheteko azken mendatea jaisten ari zirela gauzak aldatu egin dira ordea. Vinokourov aurrean zihoan, Armstrongi 15 segundoko aldea atereaz, eta halako batean, Joseba Beloki erori egin da jaitsieran, eta min hartuta gelditu da errepidean. Armstrongek Belokiren erorikoa saihestu ahal izan du, eta zelai batetik barrena jaitsi da, taldearekin bat eginez.
Vinokourovek irabazi du azkenean etapa, eta Armstrongengandik 20 segungo eskasera dago sailkapenean. Faboritoen tropela 36 segundora iritsi da, eta esprintean Paolo Bettini izan da nagusi eta Iban Mayo bigarrren. Igorreko txirrindularia hirugarren doa Tourreko sailkapen nagusian, liderrarengandik minutu batera.
Frantziako Tourra
Belokiri ebakuntza egin beharko diote, femurra eta aldaka lotzen dituen hezurra hautsita duelako
Team-Telekom taldeko Alexander Vinokourovek irabazi du Frantziako Tourreko bederatzigarren etapa. Paolo Bettini italiarra gelditu da bigarren eta Iban Mayo hirugarren. Hala ere, eguneko protagonista Joseba Beloki izan da, helmugarako bost kilometro falta zirela erori eta Frantziako Tourra utzi egin behar izan baitu. Azken orduaren arabera, Belokiri ebakuntza egin beharko diote, femurra eta aldaka lotzen dituen hezurra hautsita duelako. Lance Armstrongek jarraitzen du lider.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu