Benetako autoekin jolasean

Babesleen interesek bultzatuta, gero eta gidari gazteagoak sartzen ari dira 1 Formulan, eta FIAk 18 urteko gutxieneko muga ezarri behar izan du joera hori murrizteko.

Carlos Sainz (20 urte) eta Max Verstappen (18) Toro Rosso taldeko gidariak. 1 Formulako gazteenak dira. SRDJAN SUKI / EFE.
Laurentzi Garmendia
2015eko apirilaren 19a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Azken urteetako parrila murritzena dago aurten 1 Fomulan; beraz, eskarmentua ezaugarri baliagarria dela pentsa daiteke. Aldiz, hogei gidarien artean sei bakarrik dituzte hogeita hamar urte baino gehiago. Gaztetasun markak erori eta erori ari dira azken urteetan. Fernando Alonso izan zen pole-a, lasterketa garaipena eta txapelketa bat irabazi zuen gidaririk gazteena, baina tokitan gelditu da. Lewis Hamiltonek kendu zion aurrena marka hori eta Sebastian Vettelek ondoren. Alemaniarrak berea zuen errekorra galdu zuen iaz Daniil Kvyaten mesedetan, errusiarrak puntu bat lortu baitzuen Australian. 20 urte eskas zituen.

Errekor hori dagoeneko zaharra da, Max Verstappenek 18 urte bete berriak zituela zazpigarren postua lortu baitzuen Malaysian iragan astean. Haren taldekide Carlos Sainzek 20 urterekin lortu zituen lehen puntuak Australian, baina guztiak Verstappenen balentriaren zain zeuden. Hogei urte izatea ez da berritasuna 1 Formulan, eta are gutxiago zure babeslea Red Bull baldin bada. Haren bi taldeetan daude Kvyat (20 urte), Sainz (20 urte) eta Verstappen (18 urte). Hirurak gaur Bahraingo Sari Nagusiko irteeran egongo dira (17:00, Antena 3).

Gidari gazteok ondo ari dira. Maila ez da abiadura handia erakustea soilik, asko baitira beste gabeziak izan dituztelako arrakasta lortu ez dutenak. 1 Formula unibertso konplexua da, auto barruan eta autotik kanpo egoera asko kudeatzen jakin beharrekoa. Gidari gazte baten kasuan,pentsatzekoa da gaztaroak ematen duen abiadura duela; beraz, erakutsi behar dutena zerbait gehiago da. Hutsik ez egitea, adibidez, oso kontuan hartzen dute taldeetako begiraleek. Sainz eta Kvyatekin alderatuta, Verstappen huts dezente egiten ari da.

Talde adina filosofia

Deigarria da McLarenek, Mercedesek eta Ferrarik batez beste hogeita hamar urtetik gorako gidariak dituztela. Izan ere, azken hamarkadetan eredua aldatu arte, gidariek kirolari zaildu irudia zuten, 30 urte gorakoak. Michael Schumacherrek gainditu arte, Juan Manuel Fangio zen titulu gehien zuen gidaria, eta hark bere bosgarren munduko txapelketa 46 urterekin lortu zuen.

Beheranzko joera honen arrazoia ez dago emaitzetan edo gidari kalitatean, 1 Formularen ikusleen artean izaten ari den erantzunean baizik. Egungo gazteek nahiago dute sakelakoarekin jolastu edo bideo kontsolan aritu gidari helduak telebistaz ikusi baino. Sidhu & Simon komunikazio agentziak 1 Formulan esperientzia zabala du, eta Red Bullen irudi markan zera topatu zuten: gaztetxoek edari hori beren gurasoei ikusten dietela, eta hala, helduen zerbait dela barneratu dutela. Nerabe bat 1 Formulan jarriz, pertzepzio hori alda dezakete. Horrek bereizten du 1 Formula talde peto bat eta 1 Formula bere produktua saltzeko erabiltzen duen etxe bat.

Hain gidari gazteek 1 Formulan debuta egitea ez da guztien gustuko izan. FIAk, adibidez, orain arte ez zegoen adin muga jarri du superlizentzia baimena emateko. 18 urte baino gehiago izan behar dira. Ez da ahaztu behar gidari gutxik irauten duela luzaroan, eta hain gazte hasteak oso gazte goia jotzea dakar. Ondoren, behea berehala jotzea. Nork du gogoan Jaime Alguersuari? Non dabil Jean-Eric Vergne? 1 Formulan ez, behintzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.