Pilotak ez dira aitzakia izango buruz buruko txapelketako bigarren finalerdian, igandean, Donostian. Oinatz Bengoetxea Bengoetxea VI.a-ren hautua izan da albiste. Hark azaldu duenez, pilota mota "berezi" bat du gustuko, larru lodiagoakoa. Pilota horiek onak dira efektuak egiteko, eta gehiago ibiltzen dira lurretik. Halakoak erabili zituen Bengoetxea VI.ak buruz buru txapeldun izan zenean, 2008an, eta enpresari espreski eskatu dizkio. Itxuraz, horixkagoak dira, eta biziagoak dirudite. Aimar Olaizola Olaizola II.a-k, bere aldetik, ez du kexarik izan hautaketan.
Bengoetxeak behetik asko dabiltzanak aukeratu ditu: 106,1 eta 104,5 gramokoak. Olaizolak frontisetik gutxi irteten direnak: 105,2 eta 105,8 gramokoak.
Partida Atanon jokatuko da, eta lurrak inoiz baino biziago dagoela dirudi. Iragan abuztutik ez da jaialdi profesionalik jokatu bertan. Oso higatua dago, ispilua dirudi, eta zulotxoak ditu. Pilotariek, baina, ez dute kexarik izan, biek dute gustuko.
Sarrera salmenta erritmo onean doa, baina ez da beteko, seguruenik. Apustuak Olaizolaren alde irtengo dira: 100-70.
Lehengo larunbatean izan zen aurreneko finalerdia: Yves Salaberri Xala-k 22, Mikel Idoatek 19.
Finala ekainaren 12rako dago iragarrita. Bilbon izango da seguruenik, Bizkaia frontoian.