Irribarretsu iritsi dira Gaska kiroldegira Alba Menendez (Zarautz, Gipuzkoa, 1991) eta Esther Arrojeria (Usurbil, Gipuzkoa, 1994) Bera Berako jokalari ohiak. Une gogoangarriak bizi izan dituzte bertako pistan. Orain, berriz, harmailetan hartuko dute tokia. «Arraroa izango da, baina indar urdinaren parte izango gara». Ohikoa duten naturaltasunarekin eta gertutasunarekin mintzatu dira.
Elkarrizketan, zuen izenaren azpiko deskribapenean, zer jarri behar da: eskubaloi jokalariak edo eskubaloi jokalari ohiak?
Esther Arrojeria: Ohiak nik uste, ezta, Alba? Jokalari izandakoari beti geratuko zaio zerbait, baina Elxen jokatu genuen partida hartan amaitu zen gure kirol ibilbidea eskubaloian.
Alba Menendez: Bai guri bai jendeari arraroa egingo zaigu, baina eskubaloi jokalari-ren alboan ohi hitza jarri beharko dugu hemendik aurrera.
Esther, ligako jokalaririk baliotsuen izendatu zaituzte. Nola azaldu erretiroa hartuko duzula?
Arrojeria: Sekula ez nuen halako izendapenik jaso, eta denboraldi honetan bitan jaso dut: bai Ligan eta bai Kopan. Beti esan dut bolada onean utzi nahi nuela, eta hori, behintzat, bete dut.
Aste batzuk igaro dira azken partidatik. Nola zaudete?
Arrojeria: Garai hauetan beti egon izan gara oporretan, eta orain ere hala nagoela iruditzen zait. Dena den, dagoeneko hasia naiz lan kontuekin martxan.
Menendez: Ni ere hala nago. Behin taldea entrenatzen hasten denean eta argazki horretan ez gaudela ikusten dugunean hasiko gara konturatzen dagoeneko ez garela Bera Berako jokalariak.
«Taldea entrenatzen hasten denean eta argazki horretan ez gaudela ikusten dugunean hasiko gara konturatzen dagoeneko ez garela Bera Berako jokalariak» ALBA MENENDEZ Bera Berako jokalari ohia
Azken txanpari dagokionez, zer izango duzue gogoan?
Menendez: Momentuak baino gehiago, jendea izango dut gogoan. Hori da eskubaloiak ematen dizun gauzarik ederrena. Gure agurrean, ederra izan zen inguruko jende guztia han zegoela ikustea. Oraindik ez ditut bideo eta argazki guztiak ikusi, baina oso hunkigarria izan zen.
Arrojeria: Guztiz. Bizipen asko izan dira, eta jende pila bat ezagutu dugu; horietako asko hemendik aurrera ere hor egongo dira. Azken txanpari dagokionez, denboraldia bera oso polita izan da: Europan bizi izan duguna, hasieran taldearen inguruan izan ziren zalantzak eta gero hiru garaikur irabaztea... Albak dioen moduan, egin ziguten omenaldia ederra eta berezia izan zen. Jende askok esan zidan hunkigarria izan zela beraientzat ere.
Nola bizi izan zenuten azken partida?
Menendez: Beste bat balitz bezala, eta jakinda titulu bat zegoela jokoan. Azken hilabeteak ere hala bizi izan ditut, eta horrek azken txanpa hau lasai hartzen lagundu dit. Gozatu egin dut.
Arrojeria: Onartu behar dut azken partidan kosta egin zitzaidala neurria hartzea. Partida aurretik Imanolek [Alvarez, entrenatzailea] guri buruzko aipamen bat egin zuen, eta oso hunkituta atera nintzen. Ez nintzen fin aritu. Baina taldearen azken gola sartzeko aukera izan nuen, eta oso berezia izan zen. Imanolek berak hutsarte batean esan zidan gol hori nik sartuko nuela.
Menendez: Bai, Imanolek esan zuenarekin hunkitu egin nintzen ni ere. Ezkutuan malkoren bat ere irten zitzaidan, eta Imanoli zera esan nion: «Zertarako esan duzu hori?».
Datorren sasoian taldeak etxean jokatuko duen lehen partidan harmailan egongo zarete?
Arrojeria: Bai. Arraroa izango da, baina egin beharreko pausoa da. Uste dut prest nagoela horretarako, erretiroa hartzeko erabakia oso ondo pentsatutakoa izan baita. Beraz, uste dut naturaltasunez biziko dudala momentu hori, eta ez dudala damurik izango. Maiz etorriko naiz Gaskara, nahiz eta partidaren batean ziur inbidia apur bat izango dugun.
Menendez: Kostatuko zait, baina etorriko naiz. Ez dut dudarik. Horretarako momentu txarren bat pasatu behar badut, pasatuko dut.
Zeren hutsunea izango duzue? Eta zerena ez?
Menendez: Ez dugu izango denboraldiaurrearen eta bidaia luzeen hutsunerik; bai, ordea, taldekideekin egunerokoan bizi ditugun momentuena.
Arrojeria: Nik ere hutsune hori izango dut.
Askok diotenez, erretiroa hartzeko erabakia hartzea bera baino gogorragoa da ingurukoei eta taldekideei esatea. Zuentzat ere hala izan da?
Menendez: Niretzat, erabakia hartzea izan zen gogorrena; ziur egotea erabakiaz.
Arrojeria: Niri ez zitzaidan askorik kostatu. Behin betiko erabakia hartu aurretik etxekoei eta taldekideei esana nien aukera asko zeudela nire azken urtea izateko.
Aurrerantzean ere eskubaloira lotuta egotea gustatuko litzaizueke?
Menendez: Oraingoz ez. Ez daukat behar hori. Beti esan dut ez dudala neure burua entrenatzaile moduan ikusten. Zalea izango naiz, eta hori izango da nire lotura; gogoz nago kanpotik bizitzeko.
Arrojeria: Egia da Usurbilen gaztetxoak entrenatzen aritu nintzela. Baina beti esan izan dut jokatzea entrenatzea baino gehiago gustatzen zaidala. Dena den, klubak laguntzeko eskatuko balit, batek daki. Ni ere eskubaloiari adi egongo naiz. Ez naiz egundoko frikia, baina gustuko dut gure ligako eta beste ligetako emaitzak jakitea, baita Europako txapelketetakoak ere.
Ametsik geratu zaizue betetzeko?
Arrojeria: Urte batzuetan atzerrira joatekotan egon nintzen. Azkenean ez nuen urrats hori egin, eta kuriositatea geratu zait: beste herrialde batean bizi, eskubaloiak nola funtzionatzen duen jakin...
Menendez: Nik ere izan dut kuriositate hori. Baina ez nuke esango amets bat izan denik.
Nolako izan zen Bera Berara iritsi zineten eguna?
Menendez: Gogoan dut oso urduri nengoela. 17 urte besterik ez nuen, eta taldekideak askoz helduagoak ziren. Uneren batean tokiz kanpo ere sentitu nintzen. Baina aldi berean oroitzapen oso politak ditut. Egunerokoan jokalari horiekin egoteak aukera eman zidan beste esperientzia eta ikuspuntu batzuk izateko.
Arrojeria: Ni Usurbildik iritsi nintzen, bigarren taldean jokatzeko. Nire antzeko egoeran zeuden beste taldekide batzuk ere bazeuden, eta batzuk aurretik ezagutzen nituen, adibidez, Uxue Ezkurdia. Haien babesa bilatu nuen.
Oraindik baduzue Bera Berara iritsi ziren neskato haien zerbait?
Arrojeria: Nik uste dut eskubaloiarekiko pasioa beti hor dagoela; gure bizitza izan da. Orduko neskato haiek gara, baina asko ikasi dugu, eta eskubaloiak bizipen eta balio ugari eman dizkigu.
Menendez: Hala da; taldeko kiroletan balio asko jasotzen dira, eta gu horiekin hazi eta hezi izan gara. Eskubaloiak asko eman digu, eta espero dut guk ere eskubaloiari zerbait eman izana.
Zuen ibilbidean irabazi egin duzue galdu baino gehiago. Horrek errazagoa egin du bidea? Edo irabazteko presioa handiagoa izan da?
Arrojeria: Ez nuke jakingo esaten bidea errazagoa edo zailagoa izan den. Bera Berara iristen zarenetik barneratzen duzu irabazteko behar hori. Presio hori natural bizitzen ikasten duzu pixkanaka. Gainera, irabazi ez dugunean ere ez dugu porrot gisa hartu, egunerokoan gure onena eman baitugu.
Menendez: Irabazteko behar hori natural bizi izan dugunez, nik ez dut zamatzat hartu. Jokalariok berez eduki dugu izaera lehiakor hori. Beti izan dugu irabazteko grina. Gainera, galdu dugunean ere, beti saiatu gara ikasten.
Eta hainbeste irabazita, nola sustatzen da grina hori?
Menendez: Etxetik dakargu. Irabazteaz ez da inor nekatzen, eta hori oso presente dugu.
Arrojeria: Hasiera-hasieratik argi uzten dizute: adiskidantzazko partidetan ere irabazteko asmoa izan behar duzu. Entrenamenduetan jokatzen ditugun areto futboleko partidetan ere bete-betean lehiatu gara. Gainera, oso garbi izan dugu beti zein den irabazteko bidea: egunero hobeak izateko lan egitea.
Lehen titulua eta azkena berdin-berdin bizitzen eta ospatzen dira?
Menendez: Bai, denboraldi bakoitza diferentea da eta. Gainera, baliteke zure bosgarren titulua izatea baina zure taldekidearen lehenengoa, eta ilusio hori kutsatzen dizu.
Arrojeria: Titulu bakoitza irabazteko modua diferentea da. Baina bada aldatzen ez den zerbait: bete-betean ospatzen duzu.
Eskubaloia asko aldatu da zuek hasi zinetenetik?
Menendez: Bai, eta, nire ustez, Bera Bera dagoen tokian dago aldaketa horietara egokitzen jakin duelako. Jokoari dagokionez ere aldaketa handia izan da: lehen mantsoago jokatzen zen, eta defentsa gogorragoa izaten zen.
«Jokoari dagokionez ere aldaketa handia izan da gu hasi ginenetik: lehen mantsoago jokatzen zen, eta defentsa gogorragoa izaten zen» ALBA MENENDEZBera Berako jokalari ohia
Profesionaltasunerantz urratsak egin diren heinean exijentzia ere handiagoa izan da?
Menendez: Nik baietz esango nuke. Lehen, adibidez, gimnasioko lana astean behin egiten zen; orain, berriz, astean hirutan. Atsedena eta elikadura ere askoz gehiago zaintzen dira. Ikusten ez den entrenamenduaren parte dira. Oro har, jokalariok gehiago zaintzen dugu geure burua.
Arrojeria: Prestakuntzaren inguruan gero eta ezagutza handiagoa dago, eta teknologia ere txertatu da. Adibidez, egun gure entrenamendu asko grabatu egiten dituzte, eta GPS bat ere eramaten dugu gure errendimendua neurtzeko.
Biok izan dituzue lesio larriak: zuk, Esther, belaunean, eta, zuk, Alba, bizkarrean. Hori izan da gogorrena?
Arrojeria: Gogorrenetarikoa bai. Belaunean ebakuntza egin zidaten urtea izan zen gogoratzen dudan urterik gogorrena.Ez da lesioa bakarrik, baita horrek dakarren bakardadea ere. Nahiz eta gertu egoten saiatu, ez zaude taldearen egunerokoan. Luze egiten da hori. Dena den, ikasi ere asko ikasten duzu, eta kirolari eta pertsona moduan ere hazi egiten zara. Esperientzia horrek balio izan dit naizen jokalaria izateko.
Menendez: Egia esan, nik ez dut oso gogoan. Tartean uda izan zen, eta azkenerako ez nuen hainbeste galdu.
Esther, zuk toki batean baino gehiagotan jokatzeko gaitasuna izan duzu. Hori erabakigarria izan da egin duzun ibilbidea egiteko?
Arrojeria: Baietz esango nuke. Ni berez erdikoa izan naiz, baina askotan tokatu zait eskuin albokoan jokatzea. Ez baduzu ezkerra den jokalari bat postu horretarako, jendeari kostatu egiten zaio bertan jokatzea. Izan ere, eskuina den jokalari batentzat ez da tokirik naturalena. Baina nik beti esan izan dut lehentasuna taldeak duela. Azkenerako gustura eta eroso aritu naiz bertan.
Zu, Alba, batez ere defentsan nabarmendu zara. Baina erasoan klubaren historiako bederatzigarren golegilea zara. Zer esan nahi du horrek?
Menendez: Datu hori ikusi nuenean neu ere harritu egin nintzen. Baina, Estherrek esan duen moduan, nire lehentasuna ere taldea izan da beti, eta hor egon naiz behar izan nauten tokian.
Zer mezu eman zenieten taldekideei amaieran?
Arrojeria: Ez genien mezu jakin bat eman, baina oharkabean zera esan genien: ez galtzeko Bera Beraren esentzia eta balioak. Bera Bera ez da kirol talde huts bat. Familia bat da, eta beti saiatu gara hori ez galtzen. Gure helburua beti izan da kanpotik datorren jendeak klubaren balioak barneratu ditzala, eta hemen gustura eta eroso senti daitezela. Tituluak alde batera utzita, hori da klubak duen gauzarik onena.
Menendez: Dudarik gabe. Egunerokoan hori indartzen saiatu gara.
«Gure helburua beti izan da kanpotik datorren jendeak klubaren balioak barneratu ditzala, eta hemen gustura eta eroso senti daitezela. Tituluak alde batera utzita, hori da klubak duen gauzarik onena»
ESTHER ARROJERIA Bera Berako jokalari ohia
Nola lortu duzue jendea hemen hain gustura egotea?
Menendez: Familia bat izanez. Azken batean, kanpotik datorren jendearentzat, taldekideak gara hemen duten familia, eta gertutasun horrek asko laguntzen du. Egunerokoan, beti saiatu izan gara kantxatik kanpo planak egiten, eta edozein kezkari edo arazori aurre egiteko laguntza ematen.
Arrojeria: Hala da. Kanpotik zetozen jokalari askok esan izan digute Alba eta bioi serio itxura genuela, eta beldur edo errespetu pixka bat ematen geniela. Baina gero aitortu izan digute ezustekoa hartu dutela, gu izan baikara gerturatzen lehenak.
Maitane Etxeberria eta Anne Erakuskin izango dira taldeko kapitainak orain. Esku onetan utzi duzue besokoa?
Menendez: Dudarik gabe. Bikain egingo dute beren lana. Ondo ikasita utzi ditugu [barrez].
Arrojeria: Graziosoa ere izango da, gure bi jokalari ezkerrak oso dibertigarriak baitira. Beraiek dira kanpotik datozenei Bera Bera zer den erakusteko egokienak.
Gero eta neskato gehiagok jokatzen dute eskubaloian, baina urteak dira harrobiko jokalari bat bera ere ez dela lehen taldean egonkortzen. Zergatik?
Arrojeria: Gipuzkoar bakarra geratzen zaigu taldean, Maitane, eta pena da. Urteak dira harrobiko jokalari bat bera ere ez dela lehen taldean egonkortzen. Gainera, gorenera iritsi diren beste jokalari batzuek nahiago izan dute kanpoan jokatu. Egia da Bera Berara etortzea eta bertan aritzea ez dela erraza. Izan ere, denen helburua jokatzea da, eta hemen askotan ez da erraza. Gogoeta egin behar da horren inguruan, eta hausnartu.
«Gipuzkoar bakarra geratzen zaigu taldean, Maitane, eta pena da. Gogoeta egin behar da horren inguruan, eta hausnartu» ESTHER ARROJERIABera Berako jokalari ohia
Menendez: Kezkagarria da. Gaztetxoei eta haien familiei pazientzia izateko eskatuko nieke. Hasiera-hasieratik minutu asko jokatzea ez da erraza. Lana eginez eta denboraren poderioz, agian lortuko dute Esther edo Alba izatea, baina urratsez urrats joanda.
Eta indar urdinari, Bera Berako zaleei, zer esango zeniekete?
Arrojeria: Eskerrik asko. Ederra izan da haiekin batera haztea. Joan garen pabiloi guztietan ikusi dugu elastiko urdinen bat. Zaleekin izaten den harremana da kirolak duen gauzarik ederrenetakoa.
Menendez: Bidebietan hasi ginen, orain Gaskan ari gara, eta Gaska bera ere txiki geratzen ari zaigu. Jokatzen ari zarenean, harmailara begiratu, eta zaleak bufandarekin eta elastikoarekin zu animatzen ikustea; hori deskribaezina da.