Saskibaloia. 2012-2013 sasoiko ACB liga. Sito Alonso. Lagun Aro GBC-ko entrenatzailea

«Berandu goaz, eta kosta egingo zaigu ligari neurria hartzea»

Uda mugitua izan da Illunbeko bulegoetan. Ezusteko eta arazo franko izan dituzte Sito Alonsok eta haren laguntzaileek taldea osatzeko. Zailtasuna erronka bihurtzea omen dute helburua.

Andoni Urbistondo.
Donostia
2012ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Lagun Aro Gipuzkoa Basketeko prentsa arduraduna eta argazkilaria elkarrizketako lekuko izan dira, baina lasai mintzatu da Sito Alonso (Madril, 1975). Iaioa da bere mezua helarazten, eta bistan da aspaldi ikasi zuela kazetarien galdera guztiei erantzun egokia ematen.

Nola joan da uda? Zure kontratu berritzearen inguruko kontuarekin hasi zen.

Lasai. Badakizue udan haur eta gazteentzako saskibaloi eskolak ematen ditudala Aran bailaran (Katalunia). Kontratu berritzearen inguruan, garbi utzi nahi dut berriro ez zela inolako desadostasunik egon. Presidente aldaketa bat izan zen klubean, nik aurreko presidentearekin kontu batzuk adostu nituen, eta berriarekin, Alvaro Bilbaorekin, Ramonedarekin adostutakoak beteko ote ziren jakin nahi nuelako gertatu zen egoera berezi hura. Aurrerantzean dena Ramonedak esan bezala izango zela ziurtatu nuen nik, ez besterik. Kontratua eteteko erabakiak dena katramilatu zuen apur bat, harridura apur bat sortu, baina ez zen ezer pasatu, benetan. Ez dut gezurrik esateko ohiturarik, eta, presidente berriarekin batzarra egin nuenean, ordu erdian lortu genuen akordioa.

Hori konponduta, Gipuzkoako Foru Aldundiak diru laguntza murrizteko erabakia etorri zen. Nola eragin du erabaki horrek taldearen eraketan? Kolpea izan da?

Bai eta ez. Denboraldi-aurrean halako babesa, euskarria eraikitzen hasten zara, baina denboraldi-aurrea da. Arlo ekonomikoan, edo talde eraketan gertatzen diren gorabeherek ez diote egiturari kalte egiten, ez dagoelako egitura finkorik. Nik ikusten dudan moduan, diru laguntzen murrizketak ez zuen euskarria hautsi, itxuraldatu baizik. Jakina, aurrekontua murriztu beharrak eragina izan zuen hainbat jokalarirekin hitzez adostutako kopuruetan, eta jatorrizko plangintzaren atzerapenean. Abuztuaren 13an hasi nahi genuen lanean, baina 20an hasi ginen, astebete geroago.

Ze mugimendu egin behar izan zenuten, bat-batean, diru faltagatik?

Zorionez, egoera ulertzen duten jokalariak ditugu taldean. Manos Papamakariosek eta Guille Rubiok euren soldata jaistea erabaki zuten, Donostian geratzeko. Berni Rodriguez ere lotuta genuen, baina diru gabe, uko egin behar izan genion hura fitxatzeari. Baina aurrera egin, eta taldea osatzen jarraitzen dugu. Gorabehera askorekin, betiere. Arriskuak hartu behar ditugu, diru faltan, eta Real Madrilek Dani Diez utzita ematea lortzen dugu. Julen Olaizola ere lehen taldeko jokalari egiten dugu, taldea gaztetuz, eta, atzerritarren kontuan, bada erabaki zailak hartu beharrean ikusten gara. Jimmy Baronen kasua jartzen da mahai gainean, berak guk baino diru gehiago duen talde baten eskaintza duela jakinarazten digu, eta guk, haren salmenta eta soldatarekin, bi atzerritar fitxatzeko aukera dugu. Baron galtzearen truke, Ligako jaurtitzaile onena galtzearen truke. Orduan erabakitzen da Chris Lofton eta Qyntel Woods fitxatzea. Woods da gure apustua. Hamar kilo gutxiagorekin iritsi zen Donostiara, hilabeteak zeramatzalako lehiatu gabe. Loftonen lesioa [Lagun Arok haren kontratua eten zuen joan zen asteazkenean], Korolev osatzen, baina oso pixkanaka… Arazoak izan ditugu.

Diru murrizketak eragindako kaltea estaltzeko aukera izan duzue, beraz?

[Isiltasuna]. Egoera oso larria da. Ez naiz sartuko Aldundiaren erabakian, aurrekontu murrizketa orokorrean baizik. Asmo batzuk genituen, eta beste helburu batzuk finkatu behar izan ditugu jokalariak Donostiara etortzeko bi aste eskas falta zirenean. Bi aukera dituzu: negar egin, Aldundiak dirua eman ez dizulako, edo lanari ekin. Diru gutxiagorekin, baina lana egin, eta horretan hasi ginen. Beste talde askok egin duten bezala.

Baronen agurra diru murrizketaren ondorio zuzena izan al da?

Bai. Guk Eurokopa txapelketarako sailkatzea lortu genuen kantxan, eta gero uko egin behar izan diogu, diru faltagatik. Baron eta beste jokalari atzerritar guztientzat erakusleiho ezin hobea da Europa, eta, taldeak Europari uko egiten diola jabetzen denean, eskaintzak entzuten hasten da. Lagun Arok Europan jokatu izan balu ez, bera gustura zegoelako gurean, baina Europa gabe, zaila da jokalari onei eustea. Lokomotiv Kubanek soldata hobea eta Europako lehiaketa eskaintzen dio, eta gu ezin gara horren aurka lehiatu.

Kolpea hartuko zenuten, ezta?

Jakina, berak ez zuelako Donostiatik joan nahi, baina bere burua joan beharrean ikusi du. Demagun hiru aldeak irten garela garaile Baronen talde aldaketarekin. Berak, talde hobean jokatu eta soldata hobea jasoko duelako. Lokomotivek jokalari bikaina lortu duelako, eta guk dirua irabazi dugulako trukearekin.

Entrenatzaile batek sentimendurik ba al du horrelako kasuetan?

Ez, ez, ezinezkoa da. Kaltegarriak dira, eta ezin da talde bat sentimenduen arabera gidatu. Ez dut ezagutzen sentimenduen araberako lanik egiten duen zuzendaritzarik. Ezin zaio entrenatzaile bat bere karguan mantendu sentimenduengatik, adibidez.

Onartuta zenuten Andy Pankok eta Sergi Vidalek taldean jarraitzea ia ezinezkoa izango zela.

Bai. Pankok lau denboraldi egin ditu Donostian, eta inoiz ez du izan Euroligako talde handi batean jokatzeko aukera. Panathinaikosek aukera eman diolako pozik gaude, Donostian egin duen lanari esker lortu baitu. Vidalekin ere antzekoa gertatu da. Ia-ia kantxetatik kanpo zegoen jokalaria zen, gurera etorri zenean, eta, hemen egin duen lanari esker, Euroligako talde batean jokatuko du, Unicajan. Errealitatea gogorra da, baina errealitate horretara egokitzen jakitea da gakoa. Panko, Vidal, Baron… hiru jokalariak joan dira, taldeko makuluak; baina zer egin behar dugu, egun guztia atzera begiratzen egon, damutzen? Ez, ni entrenatzaile naizen bitartean, behintzat, ez.

Pozik zaude eraiki den taldearekin?

Ni beti nago pozik. Zailtasunak erronka gisa ikusten ditut, horiek gainditu eta gauzak ondo egiten saiatzeko. Hori bai, gauzak garbi. Berandu goaz, gorabehera horien erruz, eta kosta egingo zaigu ligari neurria hartzea. Horrek ez du esan nahi lehiaketari neurria hartuko ez diogunik, kontuz. Ez da erraza jokalari aldaketei aurre egitea, edo fitxatutakoekin lanik egiteko aukerarik ez izatea euren sasoia dela eta… Espero ez genituen gai asko katramilatu dira, zoritxarrez.

Zer transmititu dizu taldeak denboraldi-aurreko lau partidetan?

Garrantzitsuena, nahi duela. Gauzak ondo eta txukun egiteko grina duela, eta hori asko da. Joan sasoitik hemen dauden jokalariek taldeko filosofia, lan egiteko modua erakutsi nahi izan diete iritsi berriei, eta iritsi berriek, gogo onez entzun eta saiatu. Niretzat hori funtsezkoa da. Talde guztiak ezberdinak dira. Oraingo Lagun Arok eta aurreko denboraldikoak ez daukate zerikusirik, baina moldatu egin beharko dugu. Korolev eta Woods ondo daudenean jakingo dugu talde hau zertarako gai den, osatuta dagoenean. Iritsi direnek, eta taldean egon baina neurririk eman ez zutenek, euren onena ematea da gure erronka, baina errealitatea onartuta. Martxa hartzea kosta egingo zaigula. Horrek ez du esan nahi partida gehiago edo gutxiago galdu edo irabaziko dugunik.

Aurreko denboraldiko taldea eta sasoi honetako taldeak alderatzea zaila da.

Ez, denbora galtzea da. Ezin dira alderatu.

Zure joko eredua aldatuko al da? Joko azkar eta dinamikoa ikusiko al dute zaleek denboraldi honetan ere?

Hori negoziazio mahaitik kanpo dago. Talde bakoitzak ezaugarri jakin batzuk ditu. Agian, aurten talde honek nahikoa du 80 puntu saskiratzea irabazteko, eta joan sasoikoak 90 behar zituen. Nire helburua talde honek mailarik gorenena ematea da, eta taldeak hori egiteko zer behar duen bilatzea. Talde bati ezin zaio eman ezin duena eskatu, baina, era berean, ezin zaio ezeri uko egin.

Begiratu bat iritsi direnei. Dani Diez utzita etorri da Madrildik. Zer eman diezaioke taldeari?

2-3 postuetan joka dezake. Azkarra da, jaurtiketa ona dauka, erasoko errebotea oso ondo lantzen du, eta ilusio handia du. Ikasten saiatzen ari da, baina pazientzia apur bat eduki behar da berarekin. Raul Netorekin gertatutakoa ekarri nahi nuke gogora. Orain jende guztia erotuta dago berarekin, egin zuen sasoi bukaera ikusita, baina hasieran dena zen zalantza. Dani Diezekin berdin.

Qyntel Woods izan zen. Izango al da?

Oso jokalari ona da. Iraganean gauza batzuk gaizki egin dituela? Eta zer? Berak berriro talde indartsuen miran jarri nahi badu, aukera aparta du gurekin. Ez da Lagun Aron jokatzeko jokalaria, talde handiagoetarakoa baizik. Esaldi hori ondo uler dadila, mesedez! Bizitzako hainbat konturengatik, gurean bukatu du; ea aukera baliatzen duen.

Barruan Rubio eta Ekene Ibekwe ariko dira. Biko ezberdina, erabat.

Rubiok pozik egon nahi du berriz. Unicajan eta Banca Civican ez du berak espero bezala gozatzeko aukerarik izan, eta bere tokia bilatzera etorri da guregana. Dirua galduz, eta laguntzeko gogo ikaragarriarekin. Zertan? Korrika egiten, erasoko errebotean, borrokarako grina, faltak… Ibekwe elastikoa da, beso-zabalera handikoa, baina ez hain garaia (2,06 metro neurtzen du). Ez dauka pisu handirik, eta horrek kontaktu jokoan sufritu egingo duela esan nahi du. Trukean, ona da kontraerasoan, jauzi handia du, eta gutxik dakiten dohaina: jaurtiketa ona dauka lau, bost edo sei metrotik. Bera kantxan dagoenean kontaktu joko horretan daukagun gabezia estaltzen saiatu beharko dugu, baina hori nire lana da.

Bi hitz Julen Olaizolari buruz ere.

4 postuan jokatzen du, baina 5a izateko joerarekin. Oso indartsua da, atletikoa, eta jauzi onekoa. Lehen taldeko jokalaria dela erakutsi nahiko du, baina lasai egin behar du bere bidea.

Taldearen alde onei begiratu, eta joko antolatzaile parea datorkio burura jende guztiari. Netok eta Javi Salgadok oso bikote ona osatzen dute.

Niretzat onena. Bikote hori eta talde guztia. Jokalari bereizketarik egin gabe.

Beste talde askok ere komeriak izan dituzte jokalari zerrenda duinak osatzeko. Ze iritzi duzu?

Ez dut iritzirik. Nire taldeak bakarrik arduratzen nau. Ez dut irakurtzen beste taldeen inguruko berririk, haien aurka jokatzen dugunean arduratuko gara.

Ze mezu helarazi nahi diozu zaleari?

Errendimendua gure lanaren baitan dagoela, eta babes gaitzatela. Funtsezkoak izan ziren, batez ere liga hasieran, okerren geundenean, eta sasoi honetan antzera egiteko eskatu nahi nieke.

Zer lor dezake Lagun Arok?

Lagun Aro zer den onartu beharko genuke aurrena, ezta? Lagun Aro ez da urtetan bosgarren postuan sailkatu izan den taldea. 14., 13. eta 11. sailkatu izan da. Hori ona edo txarra den epaitu gabe, baina erreferentzi gisa. Bosgarren izan ginela joan den sasoian? Bai. Non sailka gaitezkeen? Ez dit axola, lana egiten badugu, emaitza ona izango da.

Panko, Vidal eta Baron joan dira. Ez dira gutxi klubak gorriak ikusiko dituela pentsatzen dutenak.

Ez dit axola. Zailtasuna erronka bihurtzea da gure helburua.

6.000 bazkideetatik %97k berritu du abonamendua. Berri ona.

Ikaragarria. Ez dugu alor horretaz arduratu behar, eta hori gauza ona da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.