Berasaluze VIII.ak dena irauli du

Finalerdietan sartzeko hautagai bilakatu da Berrizkoa, eta faboritoa den arren, Irujo tentuz ariko da haren aurka

Juan Martinez de Irujo eta Pablo Berasaluze, larunbateko partidarako atzo Iruñeko Labrit pilotalekuan aukeratu zituzten pilotekin. IBAN AGINAGA / DDN.
Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2012ko urriaren 31
00:00
Entzun
Pablo Berasaluzek aginte kolpea eman zuen herenegun. Abel Barriolaren aurka 22-11 irabazita, txapelketan zeresana eman dezaketen pilotari multzoan sartzeko eskubidea aldarrikatu zuen. Ordu gutxi batzuk geroago, atzo goizean, hurrengo partidarako pilota aukeraketa egin zuen, eta Juan Martinez de Irujo izan zen hautatuen multzoko ateak ireki zizkiona. «Erakustaldia eman zuen; harekin ezin zara fidatu».

Pronostikoek ez zuten Berrizkoa finalerdietan sartzeko hautagaien artean sartzen. Are gehiago, ibilbidea ikusita, multzoko kiderik ahulena zirudien, baina Gernikan logika guztia irauli zuen. Irujok, horregatik, badaki tentuz ibili beharko duela. «Barriola ere faborito zen herenegun, dirua doblean zegoen haren alde, eta Berasaluzek erraz irabazi zuen. Esan dut: ezin naiz fidatu».

Faborito garbia izanda ere, Iberokoak etxean utzi beharko du gehiegizko patxada. Lau t'erdian ibilbide luzeagoa du, eta dohain hobeak, baina badaki horrekin ez dela aski. «Teoria erraza da, luzean jokatu, eta motzean jokatzekotan, haren oinak bilatu. Baina altuera emanez gero, boleaz sartzen zaizu, eta tantoa egiteko aukera txikiena badu, arriskatu egiten du. Edozein pilotakada txar larrutik ordainarazten dizu».

Berasaluzeri dagokionez, jokatzeko irrikan dago. Barriolaren aurka 11 tantoren aldea lortu ondoren, beste garaipen bat aski izan daiteke finalerdietan sartzeko. 35 urte izan arren, ez du ezkutatu Iberokoaren aurka aritzeak sortzen dion zirrara. «Inoiz ez du Irujoren aurka jokatu lau t'erdian, eta ilusio handia egiten dit. Ziur nago partida gogorra izango dela».

Pilotei dagokienez, ez zen arazorik egon. Irujok 105,6eta 106,9 —107 da muga— gramokoak hautatu zituen, eta Berasaluzek 105,7 eta 105,9 gramokoak. Arratsaldean, berriz, Xalak eta Bengoetxea VI.ak egin zuten aukeraketa, Leitzan. Ez zen arazorik egon, Lekuinekoak «badaezpada» pilota biziago bat hautatu zuen arren. Hala, Bengoetxeak 106,1 eta 106.9 gramoko pilota astunak aukeratu zituen, eta Xalak, 104,3 eta 106koak.

Sarrerak 15 euroan

Final-laurdenetako ligaxka hasita, pilotalekuetako harmailak pixka bat itxuratu dira. Hendaian, Iruñean eta Gernikan bete-beteak egon ziren. Eibarren ez hainbeste: 400 ikusle egon ziren. Enpresek zehaztu dituzte heldu den astebururako prezioak, eta lau jaialdietatik hiru hamabost eurogatik ikusi ahal izango dira. Larunbatean Iruñean, igandean Bilbon eta astelehenean Tolosan hamabost euroko sarrera onak erosi ahal izango dira. Leitzako jaialdia ostiral iluntzean jokatuko da (20:00) eta prezio bakarra dago: 25 euro. Besteetan, kantxak30 eurokoak izango dira. Lautik hirutan, logikoa litzateke ikusle dezente biltzea, ea Bilbok zenbat jende erakartzen duen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.