Datorren larunbatean galaktikoen Real Madrilek jokatuko du San Mamesen. Bartzelonarekin batera ikusmin handiena sortzen duen aurkaria da. Bai Bilbon, eta baita gainerako taldeetako zaleen artean ere. Baina, aukeran, Real Madril mendean hartzea izaten dute gustuko jarraitzaile zuri-gorriek. Gogo berezia diete. Ikustekoa izango da partida hori. Baina, aurrez, Rosaleda bisitatu beharko du Joaquin Caparrosen taldeak, gaur. Jakinekoa da askoz ere gehiago pozten duela Cristiano Ronaldo eta enparauak mendean hartzeak. Garaipenak duen oihartzuna ere askoz handiagoa da. Gainera, hazten ari den talde batentzat seinale garrantzitsua izan daiteke munduan nabarmentzeko eratutako talde bati irabaztea.
Hala ere, ez da itsutzea komeni. Jokalariek eta teknikariek ez lukete itsutu behar behintzat. Eurek jakin beharko lukete inork baino hobeto Rosaledan jokoan egongo diren puntuak datorren astekoen balio bera dutela. Are gehiago, gaur jokoan daudenak garrantzitsuagoak izan daitezke. Malaga Athleticen aurkari zuzena izan baitaiteke. «Malagan irabazita pauso erabakigarria emango genuke beheko postuekin ahazteko», adierazi du asteon Carlos Gurpegik. Beste gauza batzuetan pentsatzeko sasoi hasiera egin arren, zuri-gorriek argi dute zein den taldearen lehentasuna.
Hasiera batean Malaga aurkari aproposa izan daiteke irabazteko. Muñizek zuzentzen duen taldeak ez dauka joan den denboraldikoaren antz handirik. Bigarren Mailatik igo ostean, joan den sasoiko ezusteko nagusietako bat izan zen. Baina sasoi honi aurre egiteko, itxuraldatu egin behar izan du klubak. Hamabi jokalarik utzi zuten taldea, eta, haien lekua betetzeko asmoz, hamalau lagun fitxatu zituen klubak. Beraz, talde berria da ia. Eta jakinekoa da aldaketa asko egiten dituen talde bati kosta egiten zaiola martxan jartzea. Zer esanik ez kalitatea sobran ez duten taldeei. Malaga da egoera horretan dagoen taldeetako bat. Liga hasiera kaskarra egin ostean, zulotik irten guran dabil. Eta badirudi apurka-apurka bere helburua lortzen ari dela. Azken jardunaldietan gora egin du haren joko mailak, eta hasi da ereindakoa batzen. Aurkari arriskutsua da egun. «Malaga behetik gora doan taldea da. Neurketa gaitza izango da guretzat», ohartarazi du Andoni Iraolak.
Ez da komeni, beraz, aurkaria gutxiestea. Zer esanik ez estatistikei begiratuta. Futbolean emaitzei begiratzen zaie, eta emaitzak dira, hain zuzen, Athleticek Rosaledan jokatu duenean faltan sumatu duena. Izan ere, normalean gaitza izaten da han jokatzea. Zelaiaren egoera eskasa izaten da oso, eta, beraz, beste arma batzuk erabili behar dira. Berez, joko zuzena, borroka eta grina eskatzen duten neurketak ez dira txarrak izaten zuri-gorrientzat, baina Malagan (Espainia) aurkaria izaten da garailea. Rosaledan elkarren aurka jokatu duten azken bost partidetan puntu bat baino ez du eskuratu Athleticek. Atera kontuak.
Zuri-gorriak, baikor
Hala ere, baikor ikusten dira jokalariak. Konfiantzarekin daude. Argi dute zer egin behar duten. Eta jokatzeko era bat izatea da, hain zuzen ere, taldeak indartsu egiten dituena. Gauzak argi eta garbi daudenean ez dute aparteko kezkarik sortzen estatistika txarrek eta berdegunearen egoerak.
Zuri-gorrientzat istripu txiki bat baino ez zen izan Ono Estadiko porrota. Zein arlotan egin zuten huts ere argi dute: erasoan. Espero baino argitasun eta eraginkortasun gutxiago erakutsi zuten. Badirudi Caparros ere iritzi berekoa dela. Izan ere, gaur hamaikako erasokorragoa zelairatzeko asmoa du. Gaizka Toquero eta Iker Muniain izan daitezke berritasunak. Gasteiztarra Llorenteren inguruan ariko da, eta iruindarra ezker hegalean, Yesteren ordez. Dena dela, Yestek berak eta Susaetak ere badute aukera ezkerrean aritzeko. Atzealdean, berriz, Koikilik jokatuko du ezkerrean, Castillo min hartuta baitago.
Berdin balio du
Athleticen ingurua hasi da Real Madrilen kontrako partidan pentsatzen, baina, lehenbizi, gaur Malagari egin behar dio aurre
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu