«Bere-berean hartu behar dugu neguko merkatua»

Alex Aranzabal, Eibarreko presidentea, lasai dago gerta daitezkeen jokalarien balizko aldaketekin.Taldea sendoa eta fidagarria dela nabarmendu du

Alex Aranzabal Eibarreko presidentea, erdi-erdian, atzoko gosarian, parean hainbat kazetari dituela. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
Eibar
2015eko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Izango ditu, normala den bezala, berak zuzentzen duen klubaren inguruko kezkak eta egonezinak Alex Aranzabalek, Eibarreko presidenteak, baina baliteke beste klub batzuetako agintari gorenen artean lasaien dabilena bera izatea. Taldearen berri ematen duten hedabideei gosarirako gonbidapena egin zien atzo klubak, eta Ipuruan dagoen jatorduetarako txokoan egin zen egonaldia. Presidenteak klubaren egoeraren berri eman zuen, eta lasaitasun mezua zabaldu zuen. Baditu motiboak lasai egoteko. Hainbat esparru eta kontu jorratu zituen kazetarien galderei erantzunez, eta, funtsean, bi arlo nagusi egon ziren kazetarien jakiteko gogoaren oinarrian: kirol arloa eta erakundeari dagokiona.

Kirol esparruan, neguko fitxaketen garaia da urtarrila, eta mugimenduak aspalditik badatoz ere, oraintxe gauzatuko dira gauzatu beharrekoak. Kontu jakina da sekulako denboraldia ari dela egiten Eibar Lehen Mailan, eta horrek Ipuruan jarrarazi ditubeste klub askoren begiak. Eibarreko jokalariak dituzte begiz jota. Baliteke hila bukatu aurretik orain taldean den bat edo beste ez izatea bertan, eta atzo bertan, Raul Albentosa Derby County Ingalaterrako taldera joango dela aurreratu zuen ETBk. «Lasai nago kontu horien inguruan. Zerbait baieztatzen bada, orduan jakinaraziko dugu. Badakigu merkatuak bere arauak dituela, eta ez gara urduri jarriko. Bere-berean hartu behar dugu neguko merkatua, eta gertatu behar duena gertatuko da».

Onartu zuen jaso dituztela eskaintzak beste klub batzuenak Eibarreko jokalari batzuengatik:«Ez dakit eskaintza formalak edo informalak izan diren, baina Europako klub askorekin daukagu harremana, eta hemen jende askok galdetu du». Jokalariren bat joateak ez badu asko kezkatzen, are lasaitasun handiagoa ematen dio etor daitezkeenen gaiak: «Beti gaude prest jokalari berriren bat ekartzeko. Gure teknikariak etengabe ari dira lanean jokalariei eta merkatuari begira, eta norbait ekarri behar badugu horretarako aukera ona izan dugulako, ekarri egingo dugu. Beti egin izan du gauza bera Eibarrek».

Urtarrilarekin batera amaituko da jokalariak fitxatzeko epea, eta azken-azken unean jokalariren batek ospa egiteak aparteko kezka sorrarazten dion ere galdetu zioten kazetariek. Lasai erantzun zuen: «Ez. Egia da ez dela gauza bera orain alde egitea edo azken unean joatea, baina erakutsi dugu talde ona daukagula, lehiakorra, eta aurrera jarraituko dugu».

Etorkizuneko zutabeak

Ezinbestekoa du Eibarrek etorriko denari aurre egiteko prest egotea, eta, orainak sekulako garrantzia badu ere, etorkizuneko erabaki batzuen inguruan ere lanean hasita dago kluba. Hor sartzen da, beste gauza batzuen artean, Gaizka Garitanoren etorkizuna. Denboraldi honekin batera bukatuko zaio kontratua. «Lehendabizi datorren sasoian Lehen Mailan gauden edo ez jakin beharko dugu, ez baita gauza bera maila batean edo bestean aritzea entrenatzailearen gaiari heltzeko orduan».

Erakundearen ibiliarekin lotura duten gaietan, berriz, plan estrategikoan oinarritu zen. «Hiru urte hauetarako da, eta hori da gure motorra». Zehazten hasita, hiru zutabe aipatu zituen: «Ipurua berritu eta handitu egin behar da. Udarako egongo da bukatuta harmaila berria, esaterako». Beste zutabea arlo ekonomikoa da. «Orain arte bezala segituko dugu. Eibar da zorrik ez duen klub bakarra, eta jokalariak saltzeko beharrik gabe lortzen dugu hori, beste klub batzuek ez bezala». Hirugarren zutabea, klubak nazioartean duen ezagutzari etekina ateratzea da: «Herritik atera nahi dugu kluba, eta nazioartean ezagun gara leku askotan. Horri etekina atera behar diogu, hemengo erakundeekin negoziatzeko garaian, eta baita kanpoko balizko babesleren bat erakartzeko ere. Garrantzi handia ematen ari gara gai horri».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.