Bere buruarekin topo egin du

Bost urte Realean igaro ondoren, Ainara Manterola oriotarrak Oiartzunen eskaintza onartzea erabaki zuen «azken denboraldi txarra» ahazteko, eta zoratzen dago.

Ainara Manterola Oiartzun taldeko atzelaria, joan den astean, Orion, bere jaioterrian. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
unai zubeldia
Orio
2016ko abenduaren 1a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Futbola gorrotatzera iritsi nintzen. Entrenatzera ere ez nuen joan nahi izaten. Ez nuen ezer jasotzen; ez nuen ezer ematen... Oso zaila da zirkulu horretatik ateratzea». Baina Oiartzunen deiak errotik moztu zuen Ainara Manterolaren ezina (Orio, Gipuzkoa, 1995). Gazte-gazterik Zubietara iritsi, eta bost urte igaro zituen Realean. «15 urterekin, sinestezina izan zen hura, baina azken urteetan aldatuz joan zen giroa». Atzerritarrei atea ireki zien Donostiako klubak. «Eta argi utzi nahi dut inoiz ez dudala izan arazorik kanpotik iritsitako jokalariekin. Baina giroa desberdina zen jada».

Gertutasuna behar zuen Batista Oliden Orioko arraunlari handiaren birbilobak; «konfiantza». Iraganera salto egin beharra zeukan. «Eta horixe aurkitu dut Oiartzunen: oso talde alaia, baikorra eta irekia. Bestelako gabezia batzuk izango ditu talde honek, baina oso giro beroa dauka. Horrelako zerbait behar nuen». Errealitate «serioago, hotzago eta lehiakorragotik» ihesi, behar zuen hura aurkitu du oriotarrak Oiartzunen: bere burua.

Futbolarekin «nekatuta» egotetik, Gari Argote Oiartzun taldeko entrenatzaileak asteburuan hamaikakoaren berri ematen duenean urduri egotera igaro da atzelaria. «Partida bakar batean ere ez dut eduki jokatuko dudan ziurtasunik». Argotek hasieratik eskaini zion konfiantza, baina bere buruarengan sinestea falta zitzaion Manterolari. Hori izaten da, sarri, pausorik zailena. «Pixkanaka iritsiko da hori ere».

Hori bai, erdiko hiru atzelari zeuzkan lehen Oiartzunek, eta laugarrena iritsi da orain: Esti Aizpurua. «Oso laguna dut Esti eta badakit hura ere gaizki pasatzen ari zela». Udan Oiartzundik Athleticera joan zen, baina, aukera faltan, kontratua etetea erabaki zuen azkenean. «Neuri dagokidanez, ez da mesedegarria izango, agian, baina entrenatzailea oso ondo ari da kudeatzen jokalari bakoitzaren minutu kopurua. Ez gaude sobera, eta denon beharra izango dugu mailari eusteko».

Ligako lehen hamar partidak jokatuta lau puntu besterik ez dauzka Oiartzunek —lau berdinketa—, eta Tacuense bakarrik dauka atzetik. Albacete, Oiartzun eta Tacuense, hiru talde horietatik bi Bigarren Mailara? «Ez dut uste. Goiz da oraindik. Egutegi zaila daukagu orain, baina bigarren itzuliaren hasieran puntu asko lor ditzakegu». Bartzelona izango dute aurkari etzi, Karla Lekuonan; Realaren aurka jokatuko dute hurrengo asteartean, Zubietan; Rayoren aurka hurrengo asteburuan, etxean; eta Athleticen aurka hilaren 15ean, Lezaman, 6. jardunaldian atzeratutako partida. «Ez da egutegirik aproposena, baina sentsazioak ez dira ari izaten txarrak. Ondo lehiatzen ari gara, eta Oiartzun oso talde indartsua da buruz».

Atzerriko atea, «irekita»

Soin Hezkuntzarako Euskal Erakundean (SHEE) ikasketak amaitzen ari da goizetan, Orioko Teknifikazio Zentroan praktikak egiten ditu arratsaldeetan, eta Oiartzunen entrenamenduak iluntzeetan. «Eroa da erritmoa, baina oso urduri jartzen naiz pare bat egun libre dauzkadanean». Urtebeterako kontratua sinatu zuen Oiartzunekin, eta «ikasketen arabera» zehaztuko du etorkizuna. Oso laguna du Idoia Agirre Realeko jokalari ohia, AEBetan jokatzen ari dena. «Eta nork daki, egunen batean helduko diot, agian, abentura horri». Baina bere buruarekin topo egitea zen lehen erronka, eta Oiartzunen lortu du hori. «Gero gerokoak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.