Futbola. Polonia eta Ukrainako Eurokopa: Alemania-Italia finalerdia

Bere lekua aurkitu nahian

Isil-isilik Joachim Loewen konfiantza irabazi du Mats Hummelsek, eta Alemaniako selekzioko defentsaren erdian postua ziurtatu. Garbi jokatuta lortu du, ez baitu falta bakar bat ere egin.

Bere lekua aurkitu nahian.
2012ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Izarrik onenen txokoa, noizbait mundua aho zabalik utzi duten jokalarien bilkura modukoak izaten dira futbol txapelketa nagusiak. Beste talde batzuetan banaka-banaka miretsitako haiek denak batera jokatzen ikusteko aukera ematen dute halako txapelketek. Baina izar berriak argitara ateratzeko ere balio dute. Horietako bat da Mats Hummels (Bergisch Gladbach, Alemania, 1988), Borussia Dortmundeko erdiko atzelari gaztea. Denbora oso gutxian Joachim Loew Alemaniako hautatzailearen konfiantza bereganatu du. Eta ez harena bakarrik. Isil-isilik Europako futbol talderik handienen interesa ere piztu du. Bikain ari da Eurokopa honetan.

Erdiko atzelaria da, 23 urte besterik ez du eta 1,93 metro luze da. Azkarra da, ezker eta eskuin oinekin ondo moldatzen da, jokaldiak aurretik ikusten ditu eta garbia da. Zeresana eman du atzelaria izanik Eurokopan oraindik faltarik egin ez izanak. Kasualitatea dirudien arren, azken hiru urteetako datuei begiratu besterik ez dago txapelketan egiten ari dena orain artean egin izan duen bera dela konturatzeko. Falta gutxi eta joko ona. Talde handiek berekin nahiko luketen atzelaria da Hummels.

Bayern Munichen ekin zion kirol ibilbideari, baina Borussia Dortmunden hazi eta hezi da futbolari gisa. Han izan du benetako futbolari izateko lehen aukera, eta ez du alferrik pasatzen utzi. Taldekideen eta jarraitzaileen errespetua irabazi ditu. Pixkanaka-pixkanaka bere lekua egin du goreneko futbolean. Berak agintzen du atzeko lerroan; liderra da, taldeko jokalaririk garrantzitsuenetariko bat.

Alemaniako selekzioan, ordea, lekua aurkitu ezinik dabil. Ezintasun horri bere herrialdeko prentsak egin dizkion kritikak gehitu behar zaizkio. Gogor kritikatu dute atzeko lerroan Borussia Dortmundekin erakusten duen nagusitasun bera agertu ez izana. Hummelsek, ordea, hitzik ez. Zelaian erantzun die.

Eurokopan, beti hasieratik

Portugalen aurkako estreinako partidan Loewek hasierako hamaikakoan jarri izanak ere bat baino gehiago harritu zuen. Hautatzaileak Borussia Dortmunden jokatzen duen bezain luze ez jokatzeko eskatu zion; jokaldiak sakontzeko helburuarekin, baloia motzean pasatzeko esan zion. Eta bete-betean asmatu du. Edozein eratara jokatzen ondo moldatzen da. Portugaldarren aurkako partida hartan, aurkariarengandik zetorrena aurrez ikusten zekiela erakutsi zuen. Baloia modurik onenean ateratzeko duen abileziaren erakustaldi argia egin zuen. Eta garrantzitsuena, Loewi arrazoia eman zion, lotsetan utzi gabe.

Ez dirudi Alemaniako selekzioarekin hamabost partida baino ez dituela jokatu oraindik. 2010eko maiatzaren 13an egin zuen debuta, Maltaren aurkako lagunarteko partida batean. Aurretik 21 urtez azpiko Europako Txapelketa irabazi zuen. Alemaniako ligan lortutako garaipenak ere ez dira gutxi, haren kirol ibilbide laburra kontuan hartuz gero: bi Bundesliga, Alemaniako kopa bat eta Alemaniako ligako kopa bat irabazi ditu.

Etorkizun handiko jokalaria da Hummels. Hobetzeko tarte handia du oraindik, eta talde handiak ate-joka ditu dagoeneko. Besteak beste, Manchester United, Manchester City, Juventus, Erroma eta Bartzelonak haren gaineko interesa azaldu dute. Carles Puyol eta Gerard Pique Bartzelonako atzelarien pareko datuak bildu ditu denbora gutxian, eta ondo egokituko litzateke Tito Vilanovak zuzentzen duen talde berrian. Orain lau urte, 2008an, Borussia Dortmundek lau milioi euro pasatxo ordainduta bereganatu zuen. Prezio hori txiki geratu da jada, eta Eurokopa aurrera doan heinean, gero eta txikiagoa geldituko da, Alemania finalera iristen bada, behintzat. Haren mailak gora egin du nabarmen, eta harekin batera prezioak ere bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.