Bartzelona. Huertas (7), Navarro (6), Rabaseda (2), Wallace (2), Tomic (11) —hasierako bostekoa—; Sada (8), Oleson (3), Lorbek (20), Jasikevicius (7), Abrines (5) eta Mavrokefalidis (8).
Uxue Bilbo Basket. Zizis (17), Grimau (9), Mumbru (5), Hervelle (1), Hamilton (13) —hasierako bostekoa—; R. Lopez (2), Vasileiadis (11), Moerman (10) eta Samb (2).
Markagailua. 22-17, 33-35 (atsedenaldian); 49-50 eta 79-70.
Epaileak. Hierrezuelo, Jimenez eta Sanchez Monserrat. Bost faltarekin kanporatua: Mavrokefalidis.
Bestelakoak. 4.888 ikusle Bartzelonako Palau Blaugranan.
Defentsatik erasorako trantsizioan eta defentsarako bueltan nahikoa lan izan zuten Uxue Bilbo Basketeko jokalariek azken laurdenean sartuta. Gorputza bere onera ekarri ezinik. Partida guztia bederatzi jokalarirekin jokatzearen kontuak dira horiek. Hutsune dezenterekin, larri iritsi da Uxue Bilbo Basket sasoi amaierara, baina goraipatzeko moduko hiru laurden jokatuta esan die agur ACB ligako titulurako kanporaketei. Bartzelonak jokatuko ditu finalerdiak, Kanaria Handiaren aurka, baina harro egoteko moduan daude bizkaitarrak.
Uxue Bilbo Basketek bazekien defentsan zeukala estutu beharra Bartzelonari min egiteko, eta, nekea agertu artean, oldarkor aritu ziren Fotis Katsikarisen jokalariak. Lehen partidako lezioa ondo ikasita ekin zioten partidari bizkaitarrek, grina handiarekin. Wallacek eta Tomicek ezin zuten uztaipean, eta hirukoekin baldar zebiltzan gainera. Huertasek lortu zuen lehenengoa (15-10), Lorbekek bigarrena (20-14)... baina zazpitik bi besterik ez zituzten asmatu lehen laurdenean. Eskerrak.
37-45 aurretik 26. minutuan
Erreboteko nagusitasunari esker amaitu zuen Bartzelonak aurretik lehen laurdena (22-17), eta 27-21 ere aurreratu zen hamaseigarren errebotea hartuta. Baina defentsako lanari Zizisen erasoko ausardia gehituta, bizkaitarrak 33-35 aurretik iritsi ziren atsedenaldira. Hirukoetan hamaseitik hiru; hamar baloi galduta; Navarrok bi puntu... Argigarriak ziren Bartzelonaren datu txarrak. Etxekoen ezina areagotu egin zen, gainera, aldageletatik bueltan. Zizisen hirukoarekin eta Hamiltonen saskiratzearekin, 37-45 aurretik jarri ziren bizkaitarrak.
Baina hortxe agertu zen nekea. 49-50 iritsi ziren azken laurdenera, baina aulkiko arnasak ahalbidetu zion Bartzelonari hasierako erritmoari eustea —bi jokalari gehiagorekin aritu zen—. Hirukoetan asmatuz eta korrika eginez, arnasa eten zion Bartzelonak Bilbo Basketi. 79-70. Oso duin. Baina amaitu da denboraldia.
Bartzelona 79. Uxue Bilbo Basket 70
Bere nekean ito da Uxue Bilbo Basket
Partida handia jokatu dute bizkaitarrek, baina lehertuta iritsi dira azken laurdenera, eta amaitu dute sasoia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu