Matias Schulz. Anaitasunako jokalaria

«Bere pistan hobekien ariko den taldeak ezarriko du aldea sailkapenean»

Asobal ligako onenen aurka aritzea egokitu zitzaion Anaitasunari sasoi hasieran. Lehen txanpako porrotak, hala ere, garaipen bilakatu dira azken jardunaldietan. Kontent da Matias Schulz atezaina.

JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2012ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Azken lau jardunaldietan zazpi puntu eskuratu ditu Anaitasunak, eta bederatzigarren da sailkapenean. Konfiantza berreskuratu du Iruñeko taldeak. Jokalarien artean, Matias Schulz atezaina nabarmendu da (Buenos Aires, 1982).

Hasiera zaila izan zen, baina azken hiru partidak irabazi eta gero, gora egin duzue sailkapenean.

Hasiera zaila izan zen, hagitz aurkari zailak egokitu zitzaizkigulako lehendabiziko jardunaldietan: Bartzelona, Ademar eta Atletico Madril. Egutegiak ez digu batere mesederik egin. Noski, irabazteko gogoz jokatzen duzu beti sailkapeneko goiko aldean direnen kontra, baina ez genuen lortu. Horrek ez du erran nahi gaizki aritu ginenik. Uste dut Bartzelonaren eta Atletico Madrilen aurka partida onak egin genituela.

Bost jardunaldi jokatu eta gero punturik ez izatea, hala ere, ez zen erraza izanen zuentzat, ezta?

Bai, gogorra da. Konfiantzari eustea punturik ez duzunean ez da erraza. Zorionez, egoerak hobera egin du, eta azken lau jardunaldietan zazpi puntu eskuratu ditugu. Sailkapenean zazpi talde ditugu gure azpitik, eta horrek haizea eman digu.

Nola ikusten duzu taldea orain?

Ongi. Talde orekatua dugula uste dut, eta txandaka aritzeko aukera. Hori garrantzitsua da.

Zu zara zutabeetako bat. Azken jardunaldian, zure geldiketek eman zioten garaipena Anaitasunari, neurri handi batean. Presio erantsia da zuretzat?

Gustuko presioa da. Hala ere, nik uste dut talde osoak egin duela hobera azken jardunaldietan. Defentsa ongi aritu da, eta horrek nire lana anitz erraztu du. Nire parte hartzeak lagundu du azken partidetan irabazten, eta hori pozgarria da.

Azken partidetako bolada on hau zen konfiantza berreskuratzeko behar zenutena?

Bai. Ez da egoera samurra zuk zure lana ongi egitea eta, hala ere, galtzea. Konfiantza galtzen duzu halakoetan, eta zalantzaz betetzen zara. Azken garaipenei esker, ordea, konfiantza hori berreskuratu dugu. Denok badakigu ondokoa lan ona egiten ari dela, eta horrek indarra ematen digu. Bide beretik jarraituko dugula espero dut.

Zuen bigarren denboraldia da oraingoa Asobal ligan. Aurrekoarekin alderatuta, gauzak aldatu dira. San Antonio, adibidez, ez da ari. Zer deritzozu?

Oraingo sasoian talde hagitz indartsu gutxiago dagoela uste dut, baina seigarren postutik behera oreka nagusi dela iruditzen zait, parekotasun handia dagoela. Etxeko jokalari gehiago dago sasoi honetan, eta horrek oreka ematen dio lehiaketari. Bere pistan hobekien ariko den taldeak ezarriko du aldea sailkapenean.

Zuenaren gisako taldeentzat pizgarri da oreka hori?

Bai, talde gehiago dagoelako lehian. Hori polita da. Ziurrenik, azken jardunaldira arte ez da erabakiko nor jaitsiko den. Goialdean, Europako postuetan sartzeko lehia ere estua izanen da.

Nola ikusten duzu egungo egoera eskubaloiaren munduan?

Hainbat talde babesle handi baten menpe egon dira, eta hori desagertu denean, krisiaren ondorioz, taldeak erori egin dira. Tristea da. Zorionez, Anaitasunak gauzak ongi egin ditu, serio lan egin du, eta ez du dirurik zor. Hori eskertzekoa da, egungo egoera kontuan hartuta.

Iruñean ikusten duzu zeure burua epe ertainera?

Ekainera bitarteko kontratua dut. Ikusiko dugu ekainean zer gertatzen den. Ni hagitz gustura nago hemen. Argentinatik Alemanian aritzera atera nintzen, eta Anaitasunara 2008an ailegatu nintzen lehen aldiz. Asobal ligan aritzeko aukera izan nuen gero, eta aurreko sasoian itzuli nintzen Iruñera. Esperientzia guztiek eman didate zerbait. Hemen hagitz kontent nago, eta nire asmoa, oraingoz, hemen gelditzea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.