Sebastian Vettelek (Red Bull) herenegun Malaysiako Sari Nagusian lortutako garaipenak berak baino oihartzun handiagoa izan du, eta izango du, talde barruan sortutako tentsioak. Red Bull taldeak barne araudia dauka, guztiek bezala. Horren arabera, azken geldialdiaren ostean bi gidarien artean postuak errespetatu egin behar dituzte, taldeak kontrakoa erabakitzen ez badu. Igandean, Malaysian, Mark Webber zegoen lasterketa buruan azken geldialdiaren ostean, eta taldeak ohiko prozedura jarri zuen martxan. Hau da, motorraren errendimendua jaisteko agindu zuen, lasterketa erabakita zegoela iritzita. Hala agindu zien Vetteli eta Webberri. Mercedesek antzeko egoera kudeatu behar izan zuen.
Bere horretan hori ez zen arazoa, baina elementu bat gehitu behar zitzaion: atzetik zihoan taldekidea aurretik zihoana baino azkarragoa zela. Arrazoi bat edo bestegatik, Vettelek Webberrek baino abiadura handiagoa zeraman. Antzeko moduan, Nico Rosberg Lewis Hamilton baino arinago zebilen. Bi kasuetan, atzetik zihoanak taldeari eskaera bideratu zion: aurretik zutena gainditzea, hain zuzen. Egoera hau ez da arraroa lasterketetan, behin baino gehiagotan gertatu baitira orain artean. Gertuko adibideren bat emateko, Australian bertan Paul di Restak (Force India) azken itzulietan Adrian Sutil harrapatu zuen, horren pneumatikoek pott egin ostean. Taldeak agindu zion hura ez aurreratzeko, eta hala amaitu zuten biek lasterketa, bata bestearen atzetik.
Taldeko aginduen alde edo kontra egon, horiek beti egongo dira present. Nazioarteko Automobilismo Federazioak (FIA) debekatu zituenean ere, taldeek bazuten kode sekretuen bidez gidariei gauza bat edo beste agintzeko modua, eta hori mugatzeko bide egokirik ikusten ez zutenez, berriro baimentzea erabaki zuten 2011 denboralditik aurrera. Asko dute taldeek jokoan, eta gidariak nagusien esanetara dauden bi langile dira, antolakuntza ikuspegitik. Red Bullek barne arau horiek zehaztu zituen iaz Brasilen, Vettelek titulua jokoan zuenean. Webberrek ez omen zion erasoko, eta biek onartu zuten jokabide hori. Lasterketa iritsi zenean, ordea, Webberrek ez zion jaramon asko egin horri. Irteeran aurre hartu zion Vetteli, eta lasterketan ia haren kontra jo zuen Kamui Kobayashirekin lehiatzen ari zela. Amaiera gozoa izan zuen haientzat lasterketak eta gaia bigarren planoan gelditu zen.
Aurrekari asko
Vettelek ez zuen ituna bete, beste gidari askok orain arte egin ez duten bezala. Duela urte gutxi, Turkiako lasterketan Jenson Buttonek Hamilton aurreratu zuen taldeak biei posizioa gordetzeko agindu zienean. Hamiltonek postua berreskuratu zuen bihurgune batzuk geroago, baina ez Buttonek utzita, lehiatuta baizik. Imolan 1989an, Ayrton Sennak eta Alain Prostek lehen bihurgunerako bidean elkar ez aurreratzeko ituna zuten denboraldi hasieratik. Brasildarrak ez zuen adostutakoa bete, eta bien arteko haserrearen beste gehigarri bilakatu zen afera. Eta nola ahaztu 2007an Hungarian Hamiltonek eta Fernando Alonsok taldearen aginduei muzin egin eta bakoitzak bestearen sailkatzea zapuzteko egin zituzten ahaleginak.
Adi egonez gero, aipatu izen horiek guztiek badute izendatzaile komun bat: munduko txapeldunak dira guztiak. Gidari handienak ez dira beti jarrera eredugarri baten ispilu. Lasterkari hutsak dira, irabazteak itsutzen die, eta bolantean duten jarrera hori gainerako arloetan ere agertzen da. Zigorra jasotzeko arriskua dute jokabide horiengatik, baina hori kalte txikia da titulua lortzea helburu duenarentzat. Horrek bereziten ditu adibidez igandeko bi adibideak: Vettel hirutan izan da munduko txapeldun, eta ziurreni, Rosberg ez da inoiz txapeldun izango.
Berekoia da azkarrena
Sebastian Vettel lider jarri da Malaysian irabazita, baina haren garaipenak giroa gaiztotu du Red Bullen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu