Lehiatua, tropelak Mont-Ventoux gaiztoa igo beharko duelako Parisko Eliseoetako Zelaietara heldu bezperan. Inoiz ez zen halakorik gertatu, eta helburua argia da. Interesa eta borroka azken eguna arte sustatzea. Hori lortzeko baino ezer hoberik ez, Tourra bukatu bezperan etapa bukaera Mont-Ventouxen jartzea baino. 21 kilometroko aldapa horretan erabat iraul daiteke sailkapen nagusia, erasoak jo, miseria pasa, galdutako asko irabazi, edo irabazitako asko galdu. Carpentrasetik gora %7.2ko batez bestekoa du maldak, eta uztailaren 25ean bero ikaragarria egin dezake Provenzako Erraldoiaren basamortu idorrean.
Hori da 2009ko Tourraren berrikuntza nabarmenena, baina beste asko ditu. Hasiera-hasieratik, gainera. Monakon hasiko da Tourreko 96. ekitaldia, uztailak lau egun dituela. 15 kilometroko erlojupekoarekin hasiko da. Kilometro asko aitzin-etapa bat izateko, aproposa lehen egunetan maillot horia jantzi nahi duten esprinterrak sailkapenean atzeratzeko. Hexagonoa deitzen diote Frantziari, sei aldeko lurraldea delako. 2009ko Tourra hexagono horretako hegoaldea eta ekialdean barrena ibiliko da, batez ere, eta ia ukitu ere ez du egingo iparralde osoa.
Hasiera, Mediterraneotik gertu
Monakotik mendebaldera egingo du aurrena Tourrak, eta hegoaldera garbi ondoren, Kataluniako hiriburura heldu arte. Bartzelonan bukatuko da zazpigarren etapa, Montjuicen, eta Gironan hasi. Kataluniara bidean Montpellier eta Perpinya hiri ezagunak ere etapa bukaera izango dira. Montpellierren etapa garrantzitsua jokatuko da, 38 kilometroko taldekako erlojupekoa. Lau urte atzera egin zen azken aldiz taldekako erlojupekoa Tourrean.
Bartzelonatik Frantzia erdialdera bueltatzeko Pirinioak gurutzatzea da bide motzena. Hiru etapa korrituko dira mendikate horretan. Bi zozo samarrak, itxuraz, eta beste bat interesgarria. Zozoa delako Bartzelonan hasi eta Andorran, Arcalis gainean bukatuko den etapa, beste mendaterik pasatu gabe (224 kilometro, 8. saioa). 10. etapan Aspin eta Tourmalet igoko dira, baina etapa Tarbesen bukatuko da, Tourmalet gainetik 70 kilometrora. Borroka pizteko nahikoa izaten dira sarri bi mendate, halere. Pirinioetako etapa interesgarria bien tartekoa da, Andorran hasi eta Saint-Gironsen bukatuko dena. Hori ere hirian bukatuko da, baina mina egin dezaketen bi mendate tente daude etapako bigarren erdian: Col du Port eta Col d'Agnes (azken horrek 12,4 kilometro ditu, eta %6.5eko batez besteko pendiza). Andorratik irten eta berehala Envalira garaia igoko dute. 2.405 metro arte igo arren, ez da 2009ko Tourreko mendate garaiena izango.
Limogesen atsedena hartuko du Tourrak, eta handik ekialdera egin, Alsaziaraino. Etapa ehiztarientzat, edo esprinterrentzat etapa aproposak daude Alpeen atarian, Colmarren bukatuko den etapan ezustekoren bat gerta badaiteke ere. Bigarren mailako hiru mendate jarri dituzte etapa horretan helmugatik gertu, monotonia hausteko, sailkapen nagusian aurrean daudenen borroka bilatzeko baino gehiago.
Alpeek mina egingo dute
Alpeak azken astean pasako dira, eta Tourreko epaile izango dira, aurten bezala. Pirinioetan bezala, aurretik mendaterik ez duen bukaera bat jarri dute gainean. Verbier eski estazioan bukatuko da 15. etapa, Suitzan. Verbier Arcalis baino dezente gogorragoa da (8,8 kilometro, %7,1eko malda). Igandez korrituko da etapa hori, eta aste ikusgarria bati emango dio hasiera. Verbierren bertan bigarren atseden eguna hartuko du Tourrak, biharamunean Alpeetako etapa klasikoa egiteko. Klasikoa, mendate mitiko, altu eta ezagunak beti igotzen direlako. 2009an ere bai. Hurrengo urtekoak, halere, oso gutxitan igotzen dira, baina aski ezagunak dira txirrindularitza zaleen artean. Saint-Bernard izena dute bi mendateek. Bat Grand da, alegia, handia, eta bestea Petit, edo txikia.
San Bernard Handiaren izena ulertzeko modukoa da. 2.473 metrora pasatzen da Suitzatik Italiara, Aostako bailarara, baina igoera 2.000 metro beherago hasten da, Martigny herrian. Grand Saint-Bernard mendateak 24 kilometro ditu, mendi tarte ikusgarrian egiten du bidea leporantz, eta %6,2ko batez besteko malda du. Azken zazpi kilometroetan %8.5ekoa da pendiza, eta kilometro ia guztiak 2.000 metrotik gora daude. Petit Sain-Bernard bere senidea baino txikiagoa delako da txikia. 2.184 metro ditu, halere. Igoera ere etzanagoa du (%5,1 batez beste), baina jaitsiera zaila Bourg Saint-Maurice herriraino, helmugaraino.
Etapa hori laburra da, 160 kilometro, eta Alpeetako hirugarrena eta azkena ere bai. Agian etapa gogorrena da Bourg Saint-Maurice eta Le Grand Bornand artekoa (169 kilometro). Aldapek 55 kilometro pilatzen dituzte, eta ia denak %6tik gorako malda dute. Bata bestearen atzetik Cormet De Roselend, Saisies, Araches, Romme eta Colombiere igoko ditu tropelak. Roselend 18 kilometro da luze, eta Saisies 15. Berotzeko egokiak. Azken hirurak motzagoak dira, baina tenteagoak ere bai. Col de Romme ezezagunak bederatzi kilometro ditu, eta %8,8ko malda. Colombierek 7,5 kilometro, eta %8.5eko malda. Gozoak, bata zein bestea.
Hurrengo etapa ez da mendikoa, baina erabakigarria izango da: 40 kilometroko erlojupekoa. Non eta Alpe guztien ondoren, gorputzak justu egongo direnean, bakarkako lanean espezialistak direnen kalterako. Oraindik zer edo zer argitzeko geratzen bada Mont-Ventouxek argituko du. 3.455 kilometro hiru astean, eta komenigarria atzoko aurkezpenean txirrindulari batzuek aipatu zutena gogora ekartzea. Mugimendu askoko Tourra izango dela, eta liderren alboan dauden txirrindulari indartsuek ezustekoak emateko aukera izango dutela.
Erreakzioak
Carlos SastreFrantziako Tourreko irabazlea 2008an
«Gogorra izango da, hasi eta bukatu, batez ere amaieran. Alpeek erabakiko dute proba, eta Mont Ventouxeko igoera ikusgarria izan daiteke. Azken unera arte egongo da lehia bizia».
Alberto Contador
Frantziako Tourreko irabazlea 2007an
«Aukerak aprobetxatu beharko dira, eta indarrak gorde, Mont Ventouxeko etaparako. Nahiago dut azken aurreko etapa mendikoa izatea. Nekatuta nago beti azken aurreko egunean erlojupeko bat korritzeaz».
Christian Prudhomme
Frantziako Tourreko zuzendaria
«Armstrongek parte hartzea ez da ez ona ez txarra. Argi dago ez dela nolanahiko txirrindularia, baina irteeran txirrindulari bat gehiago izango da. Oraindik ez dakigu Tourra korrituko duen».
Samuel Sanchez
Euskaltel-Euskadiko txirrindularia
«Tour gogorra eta berritzailea izango da. Antolatzaileek emozioa egotea nahi dute, eta ziur naiz lortuko dutela eta zaleek lasterketarekin gozatuko dutela. Ibilbidea zehatz-mehatz aztertu arte ez dut jakingo ondo edo gaizki datorkit».
Miguel Madariaga
Euskaltel-Euskadiko managerra
«Ibilbide berritzailea da, eta oso gogorra. Samuel Sanchez izango da taldeko liderra, Igor Anton ez dagoelako oraindik horretarako prest. Baina ikusiko dugu».