Txikituta bukatu nuen, eta hurrengo goizean, ezin nintzen ohetik altxatu; gorputzeko atal eta gihar guztiak nituen minberatuak». Erik Mendizabalek (Trinidad, Bolivia, 1986) horrela gogoratu du Euskal Herrira itzuli ostean frontoian egin zuen aurreneko entsegua. Martxoan izan zen, Mutrikura (Gipuzkoa) iritsi eta gutxira. Etxera bueltatu berri zen Dania Beachen (AEB) ia hamasei urtez bizi ondoren. Ia urte eta erdi zeraman zesta-puntan jokatu gabe, 2021eko urte bukaeran Daniako Jai Alai pilotalekua itxi zutenetik.
Baina nekez ahaztu daiteke zerbait ondo ikasi eta mila bider erabili bada; are gutxiago, erabiltzen duenak berezko abilezia baldin badauka. Eta Mendizabalek sobran dauka zesta erabiltzeko berezko abilezia. Bestela, ezinezkoa litzateke haren lorpenetara iristea: hamalau urtez jokatu zuen Danian, eta nagusi izan zen han: 11 aldiz irabazi zuen Hiruko Koroa; 11 aldiz izan zen onena banaka, binaka eta kinielen jokoan.
Berezkoa ez da sekula galtzen, eta Mendizabalek oso denbora gutxi behar izan du urte askoan AEBetan egin bezala, Euskal Herrian ere aurkari guztiak dantzan jartzeko. Eman dioten lehen aukera baliatu du nabarmentzeko. Denboraldiko lehen Grand Slam torneoaren finala jokatuko du bihar: Donostiakoa. Unai Lekerikabeaskoa izango du bikotekide. Iñaki Goikoetxearen eta Gorka Sorozabalen aurka ariko dira Carmelo Balda frontoian, 18:00etan (22:10, ETB1).
Mutrikuarrak argi du: «Finala jokatuta, jada eman dugu ezustekoa. Jendeak ez zuen txintik ematen guregatik, eta are gutxiago niregatik. Ez da harritzekoa, urte eta erdi egon bainaiz zesta ukitu gabe. Ez nuen txapelketa jokatzeko asmoa, baina Mikel Egigurenek [Jai Alive enpresako kudeatzailea da] deitu ninduen etxera itzuli berritan, eta jokatzeko eskaini zidan. Saiatuko nintzela esan nion. Hasieran, kosta egin zitzaidan berriro jartzea, baina oso ondo atera da dena; oso pozik nago».
Ezustea eman izanak ez du esan nahi zalantzak zituenik bere buruarekin. «Niretzat, bizikletan ibiltzearen parekoa da zesta-puntan aritzea; ez dut sekula ahaztu. Sasoiz, larri nago oraindik, baina jokoari eusten diot, eta buruz fresko nago; mesede egin dit urte askoan kinielak jokatu izanak; psikologikoki ondo egon behar da».
Bikotekidearen laguntza goraipatu du. «Unai eta biok oso gustura ari gara elkarrekin: oso lagun ona dut; askotan jokatu genuen elkarrekin eta elkarren aurka Danian. Geroztik, jauzi handia egin du. Aurkari indartsuak dira Goiko eta Sorozabal, baina saiatuko gara txapela irabazten».
Eskaintzak entzuteko prest
Egigurenek egin zion eskaintza jokatzeko, eta tratua egin du harekin gutxienez beste hiru torneo jokatzeko; beste Grand Slam bat dago tartean: Hondarribikoa (Gipuzkoa). «Ondo nago, jokatzeko prest. Nire atea irekia dago, eta nire belarriak prest eskaintzak entzuteko», azpimarratu du. Bada aldaketa esanguratsua, Mendizabalek gutxi jokatu baitu Euskal Herrian 2007an Daniara joan zenetik. «Danian nengoenean, gustuko eskaintzaren bat izan dudanean bakarrik etortzen nintzen Euskal Herrira jokatzera; bestela, ez nintzen etortzen, edo atseden hartzeko eta familiarekin egoteko aprobetxatzen nuen. AEBetan ia urte osoan joka nezakeen; beraz, ez nuen halako beharrik. Oso gustura bizi ginen Danian; bizimodu ederra genuen han».
Hori dela eta, hango frontoia itxi zenean Euskal Herrira itzuli ziren puntista askoren aldean, han geratu ziren bera eta bere familia osoa: emaztea eta bi alaba txikiak. «Ez genuen alaba helduena eskolatik atera nahi ikasturtea hasita. Erabaki genuen onena zela lasai hartzea eta urtebetean pentsatzea zer egingo genuen etorkizunean. Azkenean, erabaki genuen onena etxera bueltatzea zela. Bagenuen aukera han jarraitzeko, baina haurrengatik bueltatu gara; haientzat onena delakoan gaude. Oso etapa aberatsa izan da AEBetakoa».
Mendizabal ez da geldirik egon zer egin erabaki artean: lehenbizi, etxeak saltzen aritu zen Danian; eta, gero, hornitzaile lanetan, supermerkatu batean. Kirola egiten jarraitu zuen ere, baina frontoitik urrun. «Danian, ez zidaten utzi jokatzen; oraindik ez dakit zergatik. Miamiko Magic City frontoian, berriz, esan zidaten onegia nintzela. A zer tontakeria!».
Garai horretan hasi zen indarra hartzen zesta-punta Euskal Herrian, Winter Series txapelketak hauspotuta. Oharkabean pasatu zen Mendizabalentzat. «Nik beti esan dut jokatzea gustatzen zaidala, ez partidak ikustea. Horregatik, ez nion arreta handirik jarri. Lagunen batek esanda neukan hemen gertatzen zenaren berri. Pozgarria da, zesta-punta delako munduan gehien hedatu den euskal kirola. Esku pilotak indar handia hartu du, eta zesta-punta ezin da atzean geratu».
Berezkoa ez da sekula galtzen
Erik Mendizabal duela hiru hilabete eskas itzuli zen Euskal Herrira, AEBetan ia hamasei urtez bizi eta gero. Urte eta erdi zeraman zesta-puntan aritu gabe, Daniako pilotalekua itxi zutenetik. Baina berehala hartu dio neurria. Bihar, Donostiako Grand Slam torneoko finala jokatuko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu