Horrela hasten dira partidak. Presioa eginez; baloia hegaletik ateratzen denean, atzelariek bi pauso atzera eman baino lehen berriz ere jokoan jarriz; atzeko lerroa aurreratuz; bi euskarriek tentsio handiarekin jokatuz; hotzak akabatu beharrean dauden zaleak piztuz... Athleticek oso sutsu ekin zion atzo Herculesen aurkako partidari, eta berehala jaso zuen saria: 5. minuturako 1-0 aurretik. David Lopezek atera zuen kornerra, eta Javi Martinezek, bakar-bakarrik, dotore bidali zuen baloia sareetara. Gola, lasaitasuna, hiru puntu, seigarren postua, Europako Liga geroz eta gertuago... Pausoak ematen hasteko garaia dela esan eta esan aritu dira jokalariak astean zehar, eta zuri-gorriak hasi dira pausoak ematen. 32 punturekin, bero-bero daude bilbotarrak Europara begira.
1-0ekoaren aurretik, gainera, Llorentek eduki zuen arriskua sortzeko aukera, lehen minutuan bertan, baina ez zuen asmatu area barruan jokaldia amaitzen; 3. minutuan epaileak ez zuen adierazi Fritzlerrek egindako penalti argia, baina Herculeseko euskarriak area barruan eskuarekin eman zion baloiari. Eta 4. minutuan Toquerok ia-ia ate barrura bidali zuen erdiraketa behar zuen jaurtiketa —atezainak kornerrera bidali zuen baloia, eta jokaldi horretan iritsi zen zuri-gorrien lehen gola—. Bost minuturen bueltan lau aukera argi, eta Hercules zer egin ez zekiela.
Lehen hogei minutuetan bazirudien zelaia alde batera okertuta zegoela, Alacantekoak ez zirelako gai zelai erdiko marra igarotzeko. 13. minutuan David Lopezek eta Muniainek gertu eduki zuten bigarren gola; 18. minutuan Abraham Pazek kornerrera bidali zuen baloia Muniainek jokaldi ona egin ondoren; eta 21.ean Koikilik oso gutxigatik bidali zuen baloia kanpora, area ertzetik egindako jaurtiketaren ondoren.
Hor amaitu zen etxekoen sua. Hogei minutu zoragarri izan ziren, eta bizpahiru gol sartu ez izana, pena horixe geratu zitzaien zaleei. Izan ere, hortik aurrera, beste munduko ezer egin gabe, baloiaren jabetza lortzen hasi ziren bisitariak. Hori bai, Herculesek 37. minutuan sortu zuen lehen aukera argia. Lehen zatiko bakarra. Rufetek ondo erdiratu zuen, Valdezek are hobeto egin zuen errematea, eta Iraizozen geldiketari esker eutsi zioten etxekoek markagailuko aldeari.
Beste hogei minutu on
Lehen zatian hogei minutu zoragarri egin zituen Athleticek, eta bigarren zatian ere beste horrenbeste gertatu zen. Su batean zelairatu ziren zuri-gorriak, Joaquin Caparrosek partida hasierako suari eusteko eskatu balie bezala, eta bosgarren minuturako Toquerok langara bidali zuen buruz egindako errematea. Valdezek susto txiki bat eman zien zaleei 55. minutuan, oso gertu izan zuelako berdinketaren gola. Baina gol aukera horrek are gehiago berotu zituen zaleak eta jokalariak. Bost minuturen bueltan partida erabakita utzi zuten zuri-gorriek.
59. minutuan eskuin hegaletik jokaldi ona egin zuten Toquerok eta Iraolak, eta usurbildarraren erdiraketa sareetara bidali zuen Llorentek. Erdi lesionatuta egon arren, ligako hamabigarren gola sartu zuen errioxarrak. Bost minutu geroago, berriz, zelai erdian baloia lapurtu zuen Muniainek, eta Calatayuden aurrean urduri jarri gabe, lasai ederrean sartu zuen 3-0ekoa. Jokalariak erotu beharrean, zaleak sutan, eta Athletic hegan.
Partida lasaitu eta Hercules lozorroan sartzea zen hortik aurrera egin beharreko lan bakarra, eta, gutxi-asko, asmatu zuten etxekoek. Valdezek sortu zuen aukeraren bat edo beste bere mugimendu azkarrekin. Baina Athleticek ez zuen estutasunik igaro partida amaitu bitartean. Diaz de Zeriok, gainera, 25 minutu jokatzeko aukera izan zuen amaiera aldera. Bazterrak izoztuta egon arren, bero egiten du Europan.
Bero egiten du Europan
Javi Martinezen 5. minutuko golak desorekatu du partida, eta Llorentek eta Muniainek sartu dituzte beste bi golakGaraipenari esker, zuri-gorriak Europako Liga jokatzeko postuetan sartu dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu