Zonakako defentsa

Beroan hotz

Andoni Urbistondo.
2012ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Elur urte, gari urte. Lerroburu hori zeukan analisi txoko honek joan den astean. Lehen astean bete da, uzta oparoa jaso baitute hiru euskal taldeek, eta denboraldian lehen aldiz, hirurak zortzi onenen artean daude. Hirurek hurrengo sasoian Europan jokatzeko aukera izango luketela esan nahi du horrek. Horrela esanda, handiustekeria kutsua dauka, baina gauzak diren bezala esatea onena. Elur urte, gari urte esaerari buelta ematen dioena bada. Alegia, gari urte denean etortzen dela elur urtea. Eta uzta jaso dutelako, elurrak gurean luze jarraituko duela, itxura guztien arabera. Elurra egiten du hotza egiten duelako, eta hotzean berotasuna bilatu baino ezer hoberik ez. Baskonia eta Lagun Aroko jokalariek herenegun sentitu zutena. 9.400 lagun Buesa Arena berrian, zazpi mila pasa Illunben. Bestelako berotasuna ikusi zen Madrilen, Real Madril eta Gescrapen artekoan. Batzuen keinuak, besteen ezinegona, eta muturreko jarrerak kirola eta ideia politikoak banatzen ez dakien jendearen eskutik. Berotasunean hotz egotea komeni baita.

Hogei hilabete. Real Madrilek etxean galdu gabe zeramandenbora eta Gescrapek hautsi zuena. Meritua du. Meritu handia, eta bizkaitarrak oihartzun mediatikoaren erdigunean jarri duen garaipen dotorea. D'Or Fischer bigarrenez hautatu dute jardunaldiko jokalari onena, eta agerian geratu da, hamaikagarrenez, Aaron Jacksonek aginte makila hartzen duenean Gescrapek asko irabazten duela. Jacksonen keinu batek polemika handi samarra eragin du, hain zuzen ere. Blood sign deitzen dio berak, odol keinua, kideei bere fideltasuna adierazteko. 86-92koa saskiratu ostean egin zuen, eta keinuak bere onetik atera zituen Real Madrileko jokalari asko eta zale guztiak. Bukaeran bultzadak eta oihuak izan ziren jokalarien artean, eta Jacksonek barkamena eskatu zuen bere twitter kontuan. Keinu on horrek ez zuen piztutako sua itzali, eta sekulakoak esan dizkiote joko antolatzaileari: «Beltza, esklabo, ez zara zuhaitzetik jaitsi, asteazkenean zure tximu ahoa itxiko dizugu, Jackson eta Rogelio Grimau etakideen jardun nazkagarria gaur...». Garaipenak edo saskiraketa garaileak debekatuak ote daude?

Bai, baina ez. Garaipena lortuta bueltatu zen etxera Caja Laboral, baina haren jokoak zalantza asko eragiten ditu oraindik. Kanaria Handia inoiz ez bezala aritu zen hirukoetan, eta 11 lortu, baina horietako asko arabarren defentsa epelaren edo emandako baloien erruz izan zen. Partida erabakita zeukan 15 minutu falta zirela, 53-38, baina 53-54 aurreratu zen Pedro Martinezen taldea. Partida bakarra dauka Baskoniak Kopari begira estimua berreskuratzeko, behe samarrean baitauka: Obradoiroren aurka Galizian.

Ez, baina bai. Lagun Aro zailtasunean trebatzen ari delako. Normalean joko alaia eta 80-85 puntu egiten ditu taldeak, baina Valladolidek iturria ixten asmatu zuen, eta donostiarrak lanerako jantzia jarri behar izan zuten defentsan. Eta ondo moldatu ziren. Horregatik esan du Sito Alonso entrenatzaileak beste garaipenekin baino poz handiagoa hartu zuela igandekoarekin, nekezagoa izan zelako eta taldeak egoera horiekin ere ikasi egiten duelako. Hamar garaipen dagoeneko, eta 11. lortzea helburu, Kopara indarrean iristeko. Talde handi baten aurka, eta etxetik kanpo. Valentziak esango du Lagun Aro non dagoen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.