Beroketa lanik ez dago

Denboraldiak lehen ostikoak ematearekin batera, garaipenak pilatu eta pilatu hasi dira izarrik gehienak. Urruti geratu da buruan Tourra soilik zeukaten txirrindularien aroa.

Tejay van Garderen (BMC), Chris Froome (Sky) eta Rigoberto Uran (Omega Pharma), Omango Itzuliko podiumean. YOAN VALAT / EFE.
unai zubeldia
2014ko martxoaren 5a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Simon Gerrans (Greenedge), Cadel Evans (BMC), Diego Ulissi (Lampre) eta Richie Porte (Sky) Down Under itzulian, etapa garaipen bana pilatuta, gainera; Nairo Quintana (Movistar) San Luisko Itzulian; Taylor Phinney (BMC) Dubaiko Itzulian; Carlos Alberto Betancur (Ag2r) Haut Var-matin proban; Alejandro Valverde (Movistar) Andaluziako Itzulian; Michal Kwiatkowski (Omega Pharma) Algarven; Chris Froome Omanen... Atsedenik gabeko txirrindularitza da egungoa. Ez dago tarterik ezkutuan eta indarrak gordez ibiltzeko.

Orain gutxi arte, Frantziako Tourrak eman eta kentzen zuen dena ez bada, gehiena. Aurretik, berotu, findu, prestatu; eta, ondoren, saria jaso Tourrean. Horixe zegoen izar gehienen buruetan. Baina World Tourraren egitura berriarekin, beroketa lanak ahaztuta dauzka tropelak. Urtarrilean hasi eta urrian amaitu, gorputzaren gorabehera naturalei aurre eginda, egurrean egiten du orain denboraldi guztia tropelak. Lehiaketaren lehen hilabete eta erdia da horren adibiderik argiena. World Tourreko egungo sailkapena aztertuta, goi-goian ageri dira itzuli eta klasikorik handienetan protagonista izan beharko luketen asko eta asko: Gerrans dago buru-buruan, Evans bigarren, Ulissi hirugarren, Porte laugarren, Robert Gesink (Belkin) seigarren, Geraint Thomas (Sky) zortzigarren, Andre Greipel (Lotto) bederatzigarren... Horixe da txirrindularitzak azken urteotan izan duen aldaketaren zerrenda.

1. Taldeburuak mokoka

Bost garaipen pilatuta dago jada Valverde; bina lortu dituzte Froomek, Quintanak eta Betancurrek; bana Portek, Evansek eta Alberto Contadorrek (Saxo)... 2013ko World Tourreko sailkapenari begiratuta, Joaquim Rodriguez (Katuxa) eta Vincenzo Nibali (Astana) hasi dira apalen. Baina kataluniarraren kasuan, garaipenik pilatu gabe ere, laugarren postuan amaitu zuen Omango Itzulia, Froome, Tejay van Garderen (BMC) eta Rigoberto Uranen (Omega Pharma) atzetik. Nibalik, berriz, entrenamendu ona egin zuen Omanen bertan, bosgarren etapan, gerora podiumera igo zen hirukoaren atzetik helmugaratuta. Evansek World Tourreko lehen itzuli nagusian eman zuen erakustalditxoa, hirugarren etapa irabazita. Eta Contadorrek berak ere dagoeneko badaki zer den bi besoak altxatzea, Algarveko laugarren etapa eskuratu baitzuen, Malhao mendatean Rui Costa (Lampre) eta Kwiatkowskiri aurrea hartuta. Azken horrek eskuratu zuen gero itzulia.

2. Talde guztiak irabazle

World Tourreko hemezortzi taldeek lortu dute dagoeneko garaipenen bat. 11 Omega Pharmak, eta bana Astanak, Cannondalek, Belkinek, Katuxak eta Saxok. Puntuei segika dago antolatuta egungo txirrindularitza, eta itzulirik apalenean ere bete-betean lehiatzen ari dira guztiak. Kwiatkowski eta Tom Boonenen eskutik —lau eta hiru garaipen, hurrenez hurren—, Omega Pharmak egurrean ekin dio denboraldiari. Hori bai, gain-gainean dauzka Giant-Shimano eta Orica-Greenedge, bederatzina garaipenekin; eta zortzi pilatu ditu dagoeneko Movistarrek.

Astana ageri da beste muturrean. Kazakhstango taldeak joan den larunbatean lortu zuen orain arteko garaipen bakarra, Andrea Guardini Langkawiko hirugarren etapan nagusituta. Theo Bosi (Belkin) hartu zion aurrea italiarrak. Eta, hain zuzen ere, itzuli horretan bertan lortu zuen Belkinek ere estreinako garaipena, Bosekin, bigarren etapan.

3. Greipelen itzalean

Mark Cavendish (Omega Pharma) oraindik gorputza findu gabe dagoela —garaipen bakarra dauka, Algarvekoa—, Andre Greipel (Lotto) ari da nagusitzen tropeleko txirrindularirik azkarrenen multzoan. Kopuruz eta kalitatez, harenak izan dira erakustaldirik dotoreenak. Bi esprint irabazi zituen Down Under itzulian, eta Qatarren eta Omanen bete du garaipenen zakua, beste lau etapa irabazita. Sei pilatu ditu jada. Lau garaipenekin daude Marcel Kittel (Giant-Shimano) eta Sacha Modolo (Lampre), hirurekin Boonen, joan den igandean Kuurne-Brusela-Kuurne klasikoan nagusituta. Eta garaipen bakarraeskuratu dute esprinterretako dezentek: Giacomo Nizzolo (Trek), Gianni Meersman (Omega Pharma), Nacer Bouhanni (FDJ.fr), Alexander Kristoff (Katuxa), Andrea Guardini (Astana), Matthew Goss (Orica)...

4. Ion Izagirre, indartsu

Martxoan sartuta, garaipenik gabe daude, oraindik ere, euskal txirrindulariak. Euskaltel desagertuta, kopuruz behera egin du euskal tropelak, baina kalitate ukitu politak izan dira lehen bi hilabeteotan. Urrutira joan gabe, Ion Izagirre (Movistar) ondo aritu da Andaluziako Itzulian. Hirugarren izan zen aitzin etapan, eta laugarren sailkapen nagusian, Alejandro Valverde taldekidearen alde lan egin ondoren. Luis Leon Sanchezek (Caja Rural) kendu zion podiumeko hirugarren koska —espainiarrak lortu du nafarren garaipen bakarra, La Tropicale Amissa Bongo itzulian, Gabonen—.

Izagirre anaietan gazteenaz gain, Mikel Nieve eta David Lopez ere (Sky) hasi dira agertzen dagoeneko. Froomen alde lan egitea da bien helburu argia, eta dotore bete zuten lan hori Omanen. Taldeburuak itzulia irabazteaz gain, lehen 30en artean sailkatu ziren biak. Leitzarrak, gainera, lan ona egin zuen mendiko etapa nagusian —Froomek irabazi zuen—, 11. postuan helmugaratuta. Fin ekin dio denboraldiari.

Haimar Zubeldia (Trek) azken urteotako maila berresteko asmotan dabil berriz ere. San Luisko itzulian hasi zen gorputza estutzen, eta seigarren amaitu zuen bigarren etapa, mendatean amaitu zena. Andaluzian, berriz, hamargarren sailkatu zen. Beste behin ere, Tourra dauka begiz jota usurbildarrak, baina oso txirrindulari erregularra dela erakusten ari da. Aipamen berezia merezi du Egoitz Garciak ere (Cofidis), klasikoetan espezialista ona izan daitekeela erakusten ari delako. Bigarren eta hirugarren (bi aldiz) postuak eskuratu zituen La Tropicale Amissa Bongo itzulian, eta bederatzigarrena Omloop Het Nieuwsblad klasikoan, harbideetako denboraldiko lehen estutuan —hamargarren izan zen iaz—.

Koska bat beherago, baina gora begira, Omar Fraile (Caja Rural) dabil. Joan den urtean erakutsi zuen zer egiteko gai den —erakustaldi politak eman zituen Euskal Herriko Itzulian—, eta itxura txukuna eman du Algarven, 14. postua eskuratuta. Garaipenetik urrun, baina beti bezain lehiakor ekin dio denboraldiari Amets Txurrukak ere (Caja Rural), eta Euskadi taldeko taldeburu ona izan daitekeela erakusten ari da Miguel Minguez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.