Saskibaloia. ACB ligako euskal taldeak. Sergi Vidal. Lagun Aro GBC taldeko jokalaria

«Berriro jokalari sentitzen lagundu didate Donostian»

Infernutik zerura pasatu da hilabete eskasetan. Hondoa jo zuen Madrilen, eta bizitasuna berreskuratu du Lagun Aron. Ez da izar sentitzen, talde gizona baizik, eta Lagun Aroren kanpoko lerro sendoa goraipatu du. «Kopa? Epe ertainera begirako helburua da».

Andoni Urbistondo.
Donostia
2011ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Patxada handiarekin mintzatzen da Sergi Vidal (Badalona, Katalunia, 1981), esan nahi duen oro neurtu nahiko balu bezala. Egindako argazki guztiak erakusteko eskatu dio argazkilariari, eta elkarrizketa bera ere eskatu dio kazetariari, prentsan agertzen denerako; «zer gezur jarri dituzun ikusteko». Luze mintzatu da, taldeko prentsa arduraduna bere bila etortzeraino, taldekideak lan saioa hastear zeudelako.

Hilabete pasa da Lagun Arok fitxatu zintuenetik. Zer moduz joan da tarte hori?

Oso ondo. Bidea berriro hasiko banu bezala. Bistakoa zen ez nuela Madrilen jarraituko, eta nire ordezkaria hara eta hona mugitzen hasi zen. Zeuden aukerak aztertu genituen, eta ni neu Sito Alonsorekin mintzatu nintzen. Ez genuen elkar ezagutzen, baina haren lana, egiteko modua eta beste ezagutu nahi nituen. Izandako solasaldiaz ondorio garbi bat atera nuen: lana egiten duenak jokatu egingo zuela, eta behin hori esanda, Donostiara etortzeko erabakia hartu nuen. Madrilen gertatutakoa ez errepikatzea zen lehentasuna, berriro jokalari sentitzea. Ez dut partidako 20-30 minutu jokatzea exijitzen, ez naizelako izarra; baina bai parte hartzea, aukera egindako lanaren araberakoa izatea; langilea naizelako.

Buelta asko eman al diozu Madrilen gertatutakoari?

Bai, gaizki pasatu nuen. Ez nintzen ondo moldatu Messinarekin, baina inoiz ez nuen jakin ahal izan arazoa ni neu nintzen edo ez. Agian, une txarrean toki txarrera joan nintzen, ez dakit.

Baskonia, Real Madril eta, orain, Lagun Aro. Zertan aldatu da egoera zuretzat?

Ezertan ez. Egia da Lagun Aro Baskonia eta Real Madril baino talde apalagoa dela. Baina ni Baskonian nintzen jokalari bera izan nintzen Madrilen, eta hala naiz Lagun Aron. Ez naiz aldatu.

Ez duzu pentsatzen, beraz, atzerapauso bat izan denik berriro gora egiteko?

Ez, ez, ezta gutxiago ere. Ez nuke hori pentsatuko inoiz, talde batera edo bestera joan. Ni jokalari bera naiz.

Madrilen bizitakoaren arrastorik geratzen al zaizu?

Ahaztuta daukat. Egoera ez atzera ez aurrera geratu zen. Baskoniak fitxatu ninduen lehen urtean ere apenas jokatu nuen, baina 20 urte neuzkan, dena nuen ikasteko. Madrilera zortzi urteko eskarmentuarekin iritsi nintzen, lorpen zerrenda onarekin, eta jokalari moduan eginda. Junior baten moduan sentitu nintzen, egiten nuena eginda ere jokatzeko aukerarik gabe. Eta gogorra da hori. Partida gehienak aulkitik ikusiz, baina aulkian egongo ez banintz bezala. Eskerrak taldekideek lagundu zidatela eta Madrilek aisia aukera asko eskaintzen dituela, norberaren lanbideko arazoak ahazteko.

Han eta hemen lore asko jasotakoa da Ettore Messina, baina zure iritzia ez da hain ona izango, ezta?

Ez naiz inor Messina epaitzeko. Hor daude haren lorpenak, eta horien arabera epaitu behar da. Madrilgo epea ez da ona izan niretzat, ados, baina horretan utzi behar da kontua.

Donostian eta Gipuzkoan asko goraipatu da zure etorrera. Zergatik ote?

Egia esan, jendearen harrera ona sumatu dut. Loiolako Erribera auzoan bizi naiz emaztearekin, eta jendeak animo asko eman dizkit. Baita Parte Zaharrera joaten garenean ere. Eskerrak ematen dizkiet denei, beharra nuelako. Baloratua sentitzen naiz, errespetatua, eta hori motibazio handia da nire onena emateko. Berriro jokalari sentitzen lagundu didate. Liga hasteko gogoa daukat.

Agian ez duzu jakingo, baina Lagun Aroko zale asko joaten dira Gasteizera Baskoniaren Euroligako partidak ikustera, eta horregatik dakite fitxaketa ona zarela.

Ez nekien hori hala zenik, baina baliteke, bai. Ezagutzen nautenek badakite zer eman dezakedan, baina ezagutzen ez nautenei ere mezu bat eman nahi nieke: azken bi urteetan pasatakoak pasata ere, Gasteizen minutu beroak jokatzen zituen jokalari berbera naiz.

Alegia, denetarik ondo egiteko gai den taldeko jokalaria.

Denetarik ez, azken jokaldia nik egiteko eskarmentu handirik ez dudalako. Baina beste lanetan ondo moldatzen naiz: defentsa, erreboteak, asistentziak, kontraerasoak…

Gustura hirian?

Bai. Baskonian eta Real Madrilen jokatu nuenean, turistentzat ohikoak ziren tokiak bisitatzen nituen: Kontxako hondartza, Parte Zaharra… Orain turistatik hiritarrera doan tartea osatzen ari naiz, eta dagoeneko Ondarreta, Igeldo mendia eta beste auzo batzuk ere ezagutzen ditut. Hondartza maite dut, eta gustura nago. Eguraldi ona eduki dugu azken astean, baina ezin izan diot etekin handirik atera. Sei orduz lan egiten dugu egunero.

Zer eskatu dizu Sito Alonsok?

Gauza zehatzik ez. Niri baino gehiago, taldeari eskatzen dio. Hark badaki ni zer arlotan moldatzen naizen ondo.

Euskal Kopako finalerdian garbi ikusi zen Lagun Aro defentsa onarekin saiatuko dela partidak irabazten.

Bai. Pase lerroak ondo ixteko agindu zehatza dugu, aurkariari ahalik eta oztopo gehien jartzekoa. Ni ohituta nago defentsa gogorrak egiten. Dusko Ivanovic ezagutzen duenak badaki nolako entrenatzailea den, eta ni haren ikasle fina naiz.

Liga hastear dela, nola dago taldea?

Oraindik asko falta zaigula esango nuke. Adelekek aste pare bat darama gurekin entrenatzen, eta Andy Bettsek denbora tarte hori ere ez. Adeleke ez dut ezagutzen, Peter Lorant ere ez, eta urteak dira Andy Bettsen berririk ez nuela. Horiek ere taldera moldatu beharko dute, eta gu haien jokora. Norberak zer ekarpen egin dezakeen onartu behar dugu, eta horren arabera jokatzen hasi. Erritmo altua, bizitasuna, eraso sistemetan diziplina handia… horiek izango dira gure jardueraren ikurrak.

Saskipeko jokoaz mintzatu zara. Zer iritzi duzu kanpoko lerroaz?

Oso ona dela esango nuke. Ez ni nagoelako [barrez]. Panko jokalari bikaina da kanpotik barrurako jokoan, eta Baronek ere jaurtiketa dotorea du. Manus ere jokalari aparta da [Manolis Papamakarios]. Jendeak, agian, ez du hainbeste ezagutzen, edo hainbeste baloratzen, baina Baskoniaren aurka, trantsizioan, bi hiruko gauzatu zituen, eta Grezian ere oso izen ona dauka.

Badakizu taldea Kopa jokatzear egon dela azken bi sasoietan eta orain lehiaketa hori jokatzea eskatuko dutela zale askok. Zer diozu?

Lagun Arok eduki behar duen helburua da Kopa, baina ez da ikusi behar berehala lortu beharreko helburu gisa, epe ertainean lortu beharreko zerbaiten moduan baizik. Topiko bat erabiliko dut, baina pausoz pauso joan behar dugu. Talde nortasuna eraiki, eta aurkaria munduko onena edo munduko apalena izan, haiek garaitzeko gai garela ikusi. Gu garaitzen gaituen taldeak gu baino gehiago sufritzea lortu behar dugu, horrela etorriko baitira garaipenak.

Obradoiro, Valladolid eta Unicaja. Horiek dira ligako lehen hiru aurkariak. Zer esaten dizu liga hasiera horrek?

Horixe, liga badatorrela, eta gogotsu gaudela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.