Athletic 0. Trabzonspor 0

Berritasunak bai, zalantzak ere bai

Athleticek ez du asmatu kanporaketa erabakita uzten, eta aurrera egitekotan, Istanbulen egin beharko du aurreraZazpigarren minututik hamar jokalariren kontra aritu dira zuri-gorriak

enekoitz telleria sarriegi
2011ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Athletic. Iraizoz; Gurpegui, San Jose, Amorebieta, De Marcos (Aurtenetxe, 62. min.); Javi Martinez; Muniain, Iturraspe (Toquero, 45. min.), Herrera, Gabilondo (Susaeta, 45. min.)); eta Llorente.
Trabzonspor. Tolga; Yumulu (Akgun, 67. min), Kazar, Glowacki, Colman; Celutska, Alazinho (Atas, 91. min), Balci, Yilmaz Burak, P.Henrique (Badur, 86. min.) eta Altintop.
Epailea. Daniele Orsato (Italia). Txartel gorria Trabzonsporreko Yilmaz Buraki. Txartel horia
Athleticeko Muniaini eta Toquerori, eta Tranbzosporreko Yumuluri, Tolgari, Badurri. Gunes ere kaleratu zuen.
Bestelakoak. Europako Ligako atarikoa. Sekulako ikusmina sortu zuen partidak Bilbon. Lepo bete zen San Mames. Lehen aldiz, Josu Urrutia palkoan, presidente karguan.


Dena zen atzo berria San Mamesen. Belardia zen berria, elastikoak ziren berriak, entrenatzailea zen berria, joko-antolatzailea berria, eta presidentea ere bai palkoan iritsi berria. Eta berritasun horren aitzakian bildu zen atzo jendetza San Mamesen. Aro berri horretan partaide nahi zutelako izan, berritasun guzti horiek nahi zituztelako bizi.

Eta izan zuten berritasunak ikusteko aukera. Ikusi zuten taldeak Bielsak agindutakoa egiten asmatzen duela. Presioa oso goian egiten duela, baloia azkar berreskuratzen duela, ongi mugitzen duela, zelaian ongi jartzen dela. Baina zalantza dezente ere gelditu zitzaizkien. Ikusi zutelako berritasun horiek hamar jokalariren kontra errazago eta errazegi jar daitezkeela abian, taldeak gorabehera asko izan zituela, aukerak sortu bai baina gauzatu gabe utzi zituela. Eta asmatzen ez zuenetan presaka hasi zela, eta kanporaketa erabaki gabe utzi zuela, eta Istanbulgo infernuan erabaki beharko duela. Berritasunak bai, baina zalantzak ere bai.

Kontrarioa baino hobeto hasi zen Athletic. Biziago. Freskoago. Bielsaren irakatsiak ongi barneratu dituztela erakutsi eta aurrean, oso aurrean, ekin zion presioari. Baloi gosez abiatu zuten partida zuri-gorriek, eta baloi gosez jarraitu. Lehen minutuak baino ez ziren eta ageriko zen hori jada. Eta orduan gertatu zen. Kanpora zihoan baloi bat berreskuratzeko lehian, tupust egin zuten Muniainek eta Yilmazek. Lehenengoa bigarrenaren gainera erori zen eta hankaren puntarekin bizkarrean ostikada eman zion turkiarrak Muniaini. Ez ostikada puska bat, ostikadatxoa, baina ostikada. Bapatean altxatu zen Muniain eta Yilmazi kontuak eskatzen hasi. Laugarren epailea pare-parean harrapatu zuen jokaldiak, eta hark esanda atera zion txartel gorria zuzenean epaile nagusiak Yilmazi. Zazpigarren minutua baino ez zen, eta hamar jokalarirekin gelditu zen Tranbzospor.

Alde zeukan Athleticek partida, nabarmen. Kontrarioa baino gehiago zen ordurako, eta kontrarioa hamar jokalarirekin ari zen ordurako. Atzera egin zuten turkiarrek nabarmen, kontraeraso galduren batean ezustekoa emateko asmotan. Athleticek lehengoan jarraitu zuen, baina abantaila handiegia zutela sinetsita, presaka eta gorabeheraren batekin behin baino gehiagotan —geldikako jokaldietan, kornerretan, asmatu ezinda aritu ziren—.

Uneoro hartu zuten ekimena zuri-gorriek. Hori hala da. Baloia galdu bezain pronto berreskuratu zuten, eta mugitu. Hegaletatik Gabilondorekin, erditik Herrerarekin... Izan zituen aukerak Llorentek, izan zituzten aukerak Iturraspek eta Herrerak, falta jaurtiketa hura Gabilondok. Baina ez zuten golik sartzea lortu, lehen gol horrek partida apurtuko zuela jakinda ere. Behin eta berriz errepikatu ziren jokaldiak: Athleticek abian jarri eta Trabzonsporrek zapuztu. Nagusitasun erabatekoa izan zen zuri-gorriena, baina ez zuen gauzatu. Golik sartu gabe joan ziren bi taldeak aldageletara, eta hara joan aurreko jokaldia, gainera, turkiarrek egindako kontraeraso arriskutsu bat izan zen. Pablo Henriqueren abisua.

Bielsaren aldaketak

Aldaketak egin zituen Bielsak bigarren zatirako, eta Susaeta eta Toquero sartu zituen Gabilondoren eta Iturrasperen ordez. Eta lehen zatiaren itxura berberarekin hasi zen bigarrena. Athletic ahalegin betean eta Tranbzospor atzean sartuta zain. Susaetak izan zuen aukera bat ederra, ordura arteko ederrena, eta Llorentek ere izan zuen enegarrena. Baina gola falta zen, eta gola Athleticek bakarrik sar zezakeela pentsatuz ari zirenak larritu ziren Altintopek eta Alazinhok kontraeraso berean bi aukera eder izan zituzten hartan. Eta urduri hasi ziren jartzen Toqueroren erdiraketa hura Llorentek buruz sareetara bidaltzen asmatu ez zuen hartan. Sekula huts egiten ez dituen horietako bat huts egin zuen hartan.

Eta urduriago hasi zen jartzen jendea. Golik ez zetorren, eta gola Athleticek bakarrik sar zezakeela pentsatzen zuten haiek larritu ederra hartu zuten berriro Paulo Henrique Iraizozen aurrean bakar-bakarrik ikusi zuten hartan. Brasildarraren jaurtiketa kanpora joan zen, ia gehienek sareetan ikusi zuten arren.

Eta urduriago hasi zen jartzen jendea, Fernando Llorenteren erremate arraro hari Tolga atezainak erantzun ikusgarri hura eman zion hartan (70. min.). Eta kanporatu zuen epaileak Gunes entrenatzailea, eta izan zen zalaparta. Baina gola falta. Ezin golik sartu. Ez Gurpegik, ez Toquerok... Eta hamarren kontra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.