Berritasunen aurrean hainbat jarrera hartzen da: ilusioa, poza,atsekabea, kezka... Oraingoan, San Miguel ligara heldu da berritasuna. Gaur ezagutuko dute arraunlariek eta entrenatzaileek. Pedreña inguruan dago lekua (Espainia), eta Ribamontan al Mar izena du. Herri txiki bat da. Hantxe izango da ligako zazpigarren estropada puntuagarria(18:30, ETB1). Berrikuntza nagusia da inoiz ez dela eremu horretan estropadarik jokatu, eta beste hau ere kontuan hartzekoa da: itsaso zabalean izango da, orain arte Pedreñako bandera badia barruan izan bada ere.
Ezezaguna zaie arraun munduko kideei leku berria, eta kezka eragin die. Esan diete, kontatu diete, galdetu dute, baina nork berak bere begiekin ikusi arte, zalantzaren zomorroa ez dute kenduko. Eta ikusi ondoren, baliteke zomorroaren neurria handitzea, eremua ez bazaie gustatzen. Aldez aurretik begiratuta, Pedreñako betiko eremu ez fidagarria bazterrean uztea albiste ona da. Are gehiago, itsaso zabalak hartzen badu aurrekoaren lekua. Baina ikusi egin behar non ariko diren.
Lehen txandako ontzien lanari begira adi-adi egongo dira beste guztiak, itsaslasterren joan-etorriak, haizearen eragina eta beste hainbat baldintza nolakoak diren zehatz aztertzeko. Hasieran aritu behar duten laurek ez dute aukera hori izango, eta erabaki garrantzitsuak momentuan hartu beharko dituzte, beroketan bizitakoan oinarrituz.
Lau ausart horiek ligako lau azken sailkatuak izango dira. Zierbenak nahikoa du aurrekoarekin punturen bat urratu, zuzenean jaistearen mamua gero eta beldurgarriagoa zaiolako. Zumaiak, aldiz, azken sailkatua gehiago urrundu nahiko du, eta batez ere, aurrean dituen Pedreñari eta Portugaleteri sei punturen aldea ken- tzen edo murrizten saiatuko da. Etxeko traineruak ustez duen maila erakutsi nahiko du behingoagatik. Gertuegi dago zulotik. Portugaletek konfiantza handiagoa ematen du, eta bera izan liteke lehen txanda irabazteko hautagaia.
Bigarren laukotean, Astillerok aurreko igandeko lan txarra hobetu nahiko du. Beste egun aldrebes bat ateratzen bazaio, atzekoak gainean izango ditu, eta lehen txandan jarduteko arriskua oso gertu du. Castrok kontrako bidea egin zuen aurreko igandean: hirugarren lekuan amaitu, eta asko urrundu atzeko lekuetatik. Lasaitasunez arraun egiteko aukera baliatu beharra dauka orain. San Pedro ondo ari da, baina emaitza handi baten argitasuna falta zaio. San Juan izango du alboan, ohorezko txandan lekua berreskuratu nahian.
Azkenekoa da txanda ohorezko hori, eta ohi bezala, ligako lau onenak ariko dira. Laukote horretan daude ligako orain arteko sei banderak irabazi dituzten hiru ontziak: Hondarribia (hiru), Kaiku (bi) eta Urdaibai (bat). Tiran Galiziakoa izango da laugarrena. Aurreko larunbatean bezala, presio handiena Kaikuk dauka. Hiru puntu aurretik du Hondarribia liderra, eta ezin dio utzi gehiago aldentzen. Gaur zortzi, ondo menderatu zuen presioa, eta baita sailkapena irauli ere bere mesedetan. Urdaibaik konfiantza dosi handia hartu zuen joan zen igandean, Moañan (Galizia) irabaziz. Orduko itxura bera ematea eskatu behar zaio gaur. Tirani kontrakoa gertatu zitzaion bere herrialdean: bi estropada eta bi emaitza txar. Horri buelta ematera atera behar du, eta jakina da aurkari arriskutsua dela.
Euskotren liga, aurretik
San Miguel ligakoen jarduna baino lehen, Euskotren ligak estreinatuko du Ribamontan al Marko eremu berria (18:00, ETB1). Hirugarren estropada izango dute emakumezkoek liga horretan. Lau ontzi ariko dira: Zumaia, Getaria-Tolosa, Galizia eta San Juan. Ziaboga bakarrera egin beharko dute arraun, ohi bezala.
Aurreko bi estropadetako garaileak Zumaia eta Galizia izan dira, eta bietan Getaria-Tolosa sailkatu da bigarren. San Juanek Gipuzkoako txapelketa irabazi berri du asteon. Lehia estua espero da. Zumaiarrak eta getariarrak doaz lehen postuan ligan, baina sailkapena erabat irauli daiteke gaur bertan, parekotasun handia dagoelako. Edozeinek irabazita ere, ez litzateke ezustetzat hartuko, laurek baitute baleko maila.
Berritasunak kezka dakar
Pedreñak antolatuko du gaur San Miguel ligako estropada, eta itsasoan jokatuko da, Ribamontan al Mar herrianLehen aldiz ariko dira traineruak leku horretan, eta horrek zalantzak sortu ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu