Berriz bizi nahi dute

Realak Espainiako Kopako finalerdia jokatuko du gaur Atletico Madrilen aurka, Anoetan. Joanekoan, bana berdindu zuten.

1
Amaiur Sarriegi, joaneko partidan sartutako gola ospatzen. DANIEL GONZALEZ / EFE
2024ko martxoaren 13a
05:00
Entzun

Realaren historian hizki larriz idatzita dago 2019ko maiatzaren 11. Egun hartan, talde txuri-urdinak Espainiako Kopa irabazi zuen Granadan. Egun gogoangarria izan zen, Reala osatzen duten kide guztiek oroimenean gordea dutena. Bada, bost urte geroago, urrats bat baino ez dute falta halako beste egun bat bizitzeko. Natalia Arroyok zuzentzen duen taldeak Kopako finalerdietako itzulerako partida jokatuko du gaur. Granadako finalean aurkari izan zuen talde beraren aurka, hain zuzen: Atletico Madril. Agertokia, berriz, ezin hobea izango da, Anoetan jokatuko baita neurketa. Erronka: maiatzaren 17ko finalean egotea.

Itzulerako partida izan arren, esan daiteke kanporaketa hutsetik hasiko dela. Izan ere, duela astebete, Madrilen, bana berdindu zuten bi taldeek. Amaiur Sarriegik gola sartuta, talde txuri-urdinak hartu zuen aurrea 64. minutuan, Sanni Franssik eta Synne Jensenek bikain eramandako kontraeraso bat biribildu ondoren. Baina, 91.ean, Gaby Garcia Realeko jokalari ohiak berdinketa lortu zuen, gola buruz sartuta. Atletico Madrilek bukaeran partida berdindu izanak zapore gazi-gozoa utzi zion Natalia Arroyori, baita hark zuzentzen dituen jokalariei ere. Baina, hotzean aztertuta, emaitza ona izan zen txuri-urdinentzat, beren lehen helburua bete baitzuten: kanporaketa etxean ebaztea, zaleen babesean. Bestalde, kontuan izan behar da Elene Lete Realeko atezainak penalti bat geratu zuela, eta Atletico Madrilek lau baloi jaurti zituela langara.

Igandean Bartzelona menderaezinaren aurka 1-7 galdu arren, Realak segida eman nahi dio azken hilabeteetako bolada onari. Azarotik zeraman galdu gabe. Gainera, Kopan ibilbide bikaina darama. Huelvan hasi zuen bidea, final-zortzirenetan, Sporting Huelvari irabazita (1-4). Final-laurdenetako kanporaketa ere kanpoan jokatzea egokitu zitzaion, Levanteren zelaian, eta 1-2 irabazi zuen. Levanteren antzera, Atletico Madril Espainiako ligako talderik indartsuenetakoa da. Aurrean buruz buruko jokaldietan erabakigarriak diren jokalariak ditu: Ludmila Da Silva, Rasheedat Ajibade, Eva Navarro, Sheila Guijarro, Leicy Santos.... Han ari da Ainhoa Vicente Moraza donostiarra ere. Gainera, madrildarrak dira Kopako egungo txapeldunak. Baina, talde moduan, gorabeheratsu ari dira sasoi honetan, eta  txuri-urdinek horixe baliatu nahi dute.

Partidari heltzeko, Elene Viles ez beste jokalari guztiak prest ditu Arroyok. Igandean, gainera, teknikariak atseden eman zien hamaikakoan izan ohi diren jokalari askori: Nerea Eizagirreri, Sanni Franssiri, Synne Jensseni, Ana Tejadari, Alejandra Bernaberi, Andreia Jacintori, Nahia Apariciori… Beraz, fresko iritsiko dira gaurko norgehiagokara.

Ilusioa eta gogoa

Teknikariaren arabera, denboraldi honetan jokatu duten neurketarik «garrantzitsuena» da gaurkoa. «Aldagelan ez ezik, kalean ere nabaritzen dut hori. Jende dezente gerturatu zait azken egunetan, ilusioz, finalerako sailkatzeko animoak emanez, posible dela esanez. Aukera polit bat dugu aurrean. Etxean jokatuko dugu, gainera. Zale asko biltzea espero dugu, eta gauzak zail jartzean haiek gure indarra eta hauspoa izatea». Jokalariak «gogotsu, berriro ere historia egiteko ilusioz, eta posible dela sinetsita» ikusten ditu. Arroyo bera ere hala dago. «Asko hitz egin didate Granadakoaz, eta bizitzea gustatuko litzaidake».

Kanporaketa «irekita» ikusten du. «Agian haiek presio handiagoa dute aurrera egiteko. Azken batean, egungo txapeldunak dira. Guk ere badugu, noski, baina, esan bezala, aukera gisa ikusten dugu». Partidaren gakoez galdetuta, hauxe Arroyoren erantzuna: «Egia da haiek joanekoan erremate dezente egin zituztela gure atera, baina asko urrutitik izan ziren. Oro har, defentsako lanean oso sendo eta adi aritu ginen, eta lan ona egin genuen baloirik ez genuenean. Horri eutsi behar diogu. Erasoan, berriz, gehiago sortu behar dugu, eta eraginkorrago izan. Lortuz gero, aukera asko izango ditugu finalerako sailkatzeko».

Amaiur Sarriegik jarri dio hitza jokalarien ilusioari. «Talde honentzat Kopa beti izaten da berezia, eta sentipen hori dugu. Gogotsu gaude, eta badakigu zer dagoen jokoan». Atletico Madrilek zelai erditik aurrera dituen jokalarien ahalmen fisikoa eta abiadura nabarmendu ditu aurrelariak. «Oso adi egon beharko dugu horretan». Alde horretatik, joaneko partidarekin alderatuz, zertxobait aldatuko dela uste du. «Halako partida erabakigarriak beti izaten dira itxiagoak, errespetu handiagoa izaten da taldeen artean. Beharbada, haiek gehiago utziko dute baloia, eta kontraerasoan min egiten ahaleginduko dira. Hori kontuan hartuta, leku arriskutsuetan baloiak ez galtzen ahalegindu behar dugu, eta haien kontraerasoak garaiz mozten asmatu. Horretarako, garrantzitsua izango da haien zelai erdiko jokalariak ondo zaintzea, begi zorrotza baitute jokorako, eta lerro artean ondo mugitzen dira».

Joanekoan, erabakigarria izan zen Elene Leteren jarduna. Atezainak aukera izan zuen taldearekin egoteko Granadako finalean. «Bigarren taldean nengoen, baina multzoarekin egon nintzen. Haiekin berotzeko aukera izan nuen, eta hori bizitzea izugarria izan zen. Amets baten parekoa izan zen ikustea nola sinetsi zuten eta nola lortu zuten irabaztea. Berriro ere halako zerbait bizitzeko gogoz nago». Taldea «prest» ikusten du kanporaketa gainditzeko. «Azken partida galdu arren, konfiantza dugu, eta ondo ari gara. Horrek izan behar du gure zutarria. Horri eutsi behar diogu. Bai baloi irteeran bai trantsizioetan oso ondo ari gara, eta min handia egin diezaiekegu arlo horietan». Eta penaltiak egonez gero? Joanekoan bat geratu zuen. «Egia esan, natural hartzen dut, gerta daiteke halakoren bat. Ondo aztertuak ditugu haien jokalariek jaurtiketak. Horrek asko laguntzen du. Intuizioak eta zorteak ere badute zerikusia».

Reala-Atletico Madril

Reala: Lete; Emma, Tejada, Ane Etxezarreta, Bernabe; Nahia Aparicio, Andreia; Nerea Eizagirre, Franssi, Amaiur eta Jensen.

Atletico Madril: Lola Gallardo, Sheila, Cinta, Carmen Menayo, Ainhoa Moraza; Gaby, Bilde Boe; Cardona, Eva Maria, Ajibade, Guijarro.

Epailea: Marta Huerta de Aza.

Lekua: Anoeta.

Ordua: 18:30, ETB1.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.