Berriztarren arteko binakako txapelketako partida jokatuko da gaur Bilbon

Mikel Larunbe 19 urteko atzelariak profesional mailako debuta egingo du, Asegarcerekin, jaialdiko aurrenekoan

Imanol Magro Eizmendi.
2013ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Bizkaiko pilotak festa pribatua izango du gaur Bilboko pilotalekuan (17:00, Nitro). Jaialdiko partida nagusian, Olaizola II.ak eta Ibai Zabalak binakako txapelketako ligaxkako hirugarren jardunaldiko partida jokatuko dute Berasaluze VIII.a eta Albisuren aurka. Beraz, Berrizko bi pilotarien arteko lehia ikusi ahal izango da. Jaialdiko lehen partidan, berriz, Mikel Larunbe 19 urteko atzelari galdakoztarrak profesional mailako debuta egingo du Asegarcerekin. Debutariak Olaizola I.a izango ditu lagun, eta Saralegi eta Apraiz aurkari.

Txapelketako partidan txapelerako hautagai diren bi bikote ariko dira, baina azken jardunaldian kale egin zutenak. Berasaluzek eta Albisuk jokaturiko bi partidak galdu dituzte, baina bietan eskura izan dute garaipena (22-20 eta 22-21). Aurrelari beteranoa pattal xamar dabil eta berarengan dago suspertzearen giltza. Olaizola II.a eta Zabalak, berriz, lehen partida irabazi ondoren 19-22 galdu zuten pasaden astean.

Donibane Garazira

Binakako Txapelketak ezohiko pilotaleku batera iritsiko da otsailaren 22an, Donibane Garaziko ezker-pareta luzea. Egun horretan Titin-Merino II.a eta Xala-Barriolaren arteko partida jokatuko da. Aurretik ere jokatuko da partidaren bat Ipar Euskal Herrian, esaterako, hilaren 25ean Hendaian, Berasaluze VIII.a-Albisuk Xala eta Barriolarekin neurtuko dituzte indarrak. Aurki ere Asegarceren partidetako bat Angelun jokatuko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.