Athleticek presidente berria izango du gaur 21:00 pasata. Ordu horretan jakingo da nork irabazi dituen lehendakaritzarako hauteskundeak. Hiru dira hautagaiak: Fernando Garcia Makua, Juan Carlos Erkoreka eta Javier Gonzalez. Hiru horietako batek hartuko dio lekukoa Ana Urkijori. Azken egunetan egin diren inkestek Makua jotzen dute faborito argitzat. Inkestek, hala ere, ez dute erabakiko nor eseriko den datozen lau urteetan Athleticeko besaulkian. Bilboko klubak egun dituen 33.099 bazkide konpromisarioek dute azken hitza. Haien eskuetan dago azken erabakia. Haiek hautatuko dute Athleticeko 30. lehendakaria.
Aukeratutako presidenteak ez du, ez, lan samurra izango, talde zuri-gorria historiako krisi gogorrenetako batean murgilduta baitago. Bai kirol arloan, bai arlo ekonomikoan. Azken orduan taldeak Lehen Mailari eutsi izanak arnasa eman dio Athletici; baina ez, inondik inora ere, dena konponduta dagoela pentsatzeko. Lehendakari berriak ez du atseden hartzeko denborarik izango, lan mordoa baitu egiteko. Klubaren nora ezina zuzen dezakeen lemazaina izan behar du.
EGONKORTASUNA, FUNTSEZKOA.Athleticek behar-beharrezkoa du klubari behin betiko egonkortasuna emango dion presidente bat. Kosta ahala kosta utzi behar du atzean azkeneko bi urteetan gertatutakoa.Ezin da Fernando Lamikizen gisako agintaldirik errepikatu. Lamikiz orain hiru urte aukeratu zuten presidente. Lau urteko agintaldia bete behar zuen, baina bi urte eskas egin zituen karguan. Iban Zubiaurreren fitxaketa, Javier Clemente entrenatzaile kargutik kendu izana... Huts mordoa egin zituen Lamikizek bere agintaldian, eta larrutik ordaindu zituen gero. Taldearen ibilbide eskasak, gainera, ez zion batere mesederik egin. Aitzitik, beraren aurka egiteko arma nagusia bilakatu zen. Hala, iazko irailaren 27an dimisioa eman zuen, eta Ana Urkijok ordezkatu zuen. Urkijo izan da Athleticeko lehendakaria, joan zen maiatzaren 30ean hauteskundeak deitu zituen arte. Egun horretan Kudeaketa Batzordeko lehendakaria izatera pasatu zen.
Urkijok hauteskundeak deitu aurretik zebiltzan jada hautagaiak buru-belarri lanean. Bost lagunek ekin zioten Athleticeko presidente izateko lehiari: Garcia Makuak, Erkorekak, Gonzalezek, Pablo Eguskizak -Athletic Eup! plataformaren izenean- eta Juan Antonio Zuluaga. Bost horietatik aurreneko hirurek lortu zituzten hautagai ofizial izateko beharrezkoak ziren sinadurak -1.655, Athleticeko hautesle erroldako %5-. Garcia Makuak 3.507 sinadura baliagarri aurkeztu zituen, Erkorekak 3.435 eta Gonzalezek 1.755. Eguskiza eta Zuluaga bidean geratu ziren. Aurrenekoak 883 sinadura baliagarri aurkeztu zituen. Zuluagak, berriz, ez zuen sinadurarik aurkeztu.
Garcia Makuak, Erkorekak eta Gonzalezek lehia gogorra izan dute hauteskunde kanpaina guztian zehar. Erkorekak eta Gonzalezek hasieratik izan dute garbi Garcia Makua dela faboritoa, eta horregatik, euren proiektuak aurkezteaz gain, haren lana kritikatu dute behin eta berriro. Gaur ikusiko da estrategia hori ondo atera zaien.
Besaulkia, bazkideen eskuetan
Athleticeko bazkideek Garcia Makua, Erkoreka edo Gonzalezen artean hautatuko dute gaur
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu