Besaulkia dago jokoan

Garcia Makua eta Urrutia lehiatuko dira gaur, Athleticeko lehendakaritzarako hauteskundeetan

Ibaiganeko jauregia, jendez lepo, orain lau urte egindako lehendakaritzarako hauteskundeetan. JON HERNAEZ / ARP.
Julen Etxeberria.
2011ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Athleticeko bazkide konpromisarioek gaur dute hitza. Haiek erabakiko dute nor eseriko den Ibaiganeko besaulkian hurrengo lau urteetan. Hautua sinplea da: Fernando Garcia Makua, azken lau urteetan presidente izandakoa, edo Josu Urrutia, hamabost urtez Athleticeko lehen taldeko jokalari izandakoa.

Aldaketa bai edo ez. Azken finean hori bozkatuko dute bazkideek, Garcia Makuarena jarraitutasunaren hautagaitza baita, eta Urrutiarena, aldaketarena. Hasiera batean, badirudi, Athleticeko bazkideek aldaketaren aldekoak direla, jokalari ohia baita faboritoa hauteskundeak irabazteko. Hautagai izateko asmoa iragarri zuenetik, bera egon da aurretik egin diren inkesta guztietan. Baina ez da bakarrik joan aurretik galdeketetan, presidentegai izateko aurkeztu beharreko abal kopuruan ere atzetik izan zuen azken lau urteetako presidentea. Orduan ikusi zen Urrutiak babes handia zuela Athleticeko bazkide konpromisarioen artean. 7.219 abal bereganatu zituen, beste hautagaiak baino 2.579 gehiago—4.640 bereganatu zituen Garcia Makuak—.

Lau urte egin ditu Garcia Makuak Ibaiganeko besaulkian, eta haren aginduetara Athletic sendotu egin da arlo guztietan. Hala ere, bazkide askok ez dute gustuko, eta behin baino gehiagotan zigortu dute batzarretako bozketetan. Hori gutxi balitz bezala, Iurbenor auzian inputatu dute, eta horrek ere ez dio mesederik egingo. Inoiz ikusi gabeko irudia litzateke Athleticeko presidente bat epailearen aurrean eserita.

Garcia Makuak irabazten badu, Joaquin Caparrosek jarraituko du gutxienez denboraldi batez Athletic entrenatzen. Orain lau urte iritsi zen Caparros talde zuri-gorrira, presidentearen eskutik, eta oraingoan ere haren alde egin du Garcia Makuak, nahiz eta orduan baino zalantza gehiago izan. Horretan ere aurkako dezente ditu abokatu bilbotarrak. Izan ere, hari gertatu zaionaren antzekoa gertatu zaio Caparrosi, hots, nora ezean zebilen taldearen bidea zuzendu arren ez duela zale zuri-gorri askoren estimua izan. Taldeak iragan sasoian San Mamesen jokatutako azken partidan gertatutakoa gogoratu besterik ez dago. Egun horretan, txistu egin zioten Caparrosi jarraitzaile askok, taldea matematikoki Europako Ligarako sailkatu zen arren.

Jarraitutasuna edo aldaketa

Urrutiari, aldiz, bazkide askoren estimua du. Athleticeko jokalari ohiak batasun handia lortu du bere hautagaitzaren inguruan, eta pentsaera askotako bazkide ugari bildu ditu. Berak irabazten badu, aldaketa dezente egongo dira klubean, batez ere kirol arloari dagokionez —kudeaketa eta azpiegitura arloetan antzeko iritzia dute bi hautagaiek—. Batetik, Marcelo Bielsak hartuko du lehen taldearen ardura. Entrenatzaile argentinarrak ilusio handia du jarria Urrutiak aurkeztu dion proiektuan. Bestela ez zien ezetz esango beste zenbait klubek egindako eskaintzei; Sevillari, Realari eta Inter Milani, besteak beste. Kirol zuzendaritzan ere izango da aldaketarik, Jose Mari Amorrortu Athleticeko entrenatzaile izandakoa itzuliko baita. Harekin batera beste bi jokalari ohi iritsiko dira Lezamara: Jose Angel Ziganda eta Aitor Larrazabal. Kuko Zigandak Athletic B entrenatuko du, eta Goi Errendimenduko arduraduna ere izango da. Larrazabal, berriz, hobekuntza prozesuen koordinatzaile lanetan ariko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.